Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Open Mugak/

MUGAK/ EUSKADIKO NAZIOARTEKO ARKITEKTURA BIENALAREN SEIGARREN EDIZIOAN PARTE HARTUKO DUTEN PROIEKTUENTZAKO DEIALDI IREKIA

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala seigarren edizioaren bidean da, Atlantikoko Arkuko arkitektura-hitzordu nagusietako bat bezala sendotuz.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatuta, bienalak eragile askoren arteko lankidetzatik sortutako gune irekia izateko asmoan sakontzen du. Herritarrekin elkartzeko topagune izan nahi du, bizi dugun ingurunearen kalitatea egituratzeko arkitekturak duen garrantzia nabarmenduz.

OPEN Mugak/ deialdiaren helburua seigarren edizioaren parte izango diren kultur proiektu eta programak sustatzea da. Jarduerak 2027ko urritik 2028ko otsailera bitartean egin ahal izango dira Euskadin.

2027an, Mugak/ bienalak etikaren, estetikaren eta ekonomiaren arteko eztabaida proposatzen du, “Egokia, Ederra, Eskuragarria” lelopean.

“Egokia, Ederra, Eskuragarria” denok ulertzen dugun baina ia inork guztiz sinesten ez duen esapide horietako bat da. Tratu erakargarri bat, mauka baten promesa, herri-jakinduria lelo bihurtua. Susmagarria dirudien zerbait, hiru ezaugarrietako batek huts egingo duela pentsarazten diguna. Herri-esapide horrek arkitekturaren edertasunaren, lan onaren eta eskuragarritasun ekonomikoaren arteko harremana azaltzeko balio du.

Horregatik, hain arrunta eta itxuraz xumea den esapide horrek orainaldiaz pentsatzeko bide bat irekitzen du: etikaren, estetikaren eta ekonomiaren arteko tentsioa izendatzeko aukera ematen du, eta zerbait aldi berean bidezkoa, ederra eta eskuragarria izan ote daitekeen galdetzera gonbidatzen gaitu.

Deialdi honetara aurkezten diren proiektuek lotura zuzena izan beharko dute bienalak proposatutako esparru teorikoarekin: https://www.bienalmugak.eus/eu/topic/

 

DEIALDIAREN OINARRIAK

1/ Nori zuzenduta dagoen

Deialdi hau kontratatzeko gaitasuna duten Espainiako zein nazioarteko edozein erakunde edota pertsona fisikori dago irekita.
Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.


2/ Proposamenen izaera

Jendearentzat irekiak eta doakoak diren programa tematikoak eta kultur jarduerak proposatu ahal izango dira.
Nazioarteko izaera duten proposamenak lehenetsiko dira, beste herrialde batzuetako eragileen parte-hartzea, ezagutza-trukea eta Mugak/ Bienalaren nazioarteko proiekzioa bultzarazi ditzaketenak.
Proposamenak originalak izan behar dira, eta Mugak/ bienalaren seigarren edizioko “Egokia, Ederra, Eskuragarria” gaiarekin duten lotura justifikatu beharko dute.

Bi jarduera-modalitate bereizten dira:

Programak
Arkitekturaren arloko elkarteek, enpresek eta kultur erakundeek sustatutako kultur programazio proposamenak, gehienez 30.000 euroko aurrekontuarekin (zergak kanpo).

Ekintzak
Jarduera, ziklo, erakusketa eta unean uneko edo eskala txikiagoko bestelako kultur ekimenak; pertsona fisikoek zein juridikoek aurkeztu ahal izango dituzte, gehienez 10.000 euroko aurrekontuarekin (zergak kanpo).


3/ Jarduerak egiteko lekuak

Proposamenak eta jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu beharko dira.

Positiboki baloratuko da proposamenek jarduerak egiteko espazio bat baieztatuta izatea. Hala ere, hautatutako proiektuen edukiaren eta formatuaren arabera, Mugak/ Bienalaren antolakuntzak bere espazioak edo erakunde laguntzaileenak erabiltzeko aukera eskaini ahal izango du, betiere erabilgarritasunaren eta antolakuntzaren berariazko baieztapenaren menpe. Gune publikoan proposatzen diren ekintzen artean, Onsite instalakuntzen guneetan egiten direnak lehenetsiko dira.

Nolanahi ere, proiektuen aurrekontuek gauzatzeko beharrezkoak diren kostu guztiak jaso beharko dituzte, hala dagokionean espazioen alokairua, instalazioak, baliabide teknikoak, publikoaren arreta, zaintza, mantentzea eta bestelako gastu osagarriak barne. Antolakuntzak espazio bat eskaintzen badu, lagapen-baldintzak eta barne hartutako zerbitzuak zehaztuko dira, eta eskatzaileak dagozkion kostuak bere gain hartu beharko ditu proiektuaren aurrekontuaren barruan.

Bienalak eskainitako espazio bat eskatzen duten proiektuek berariaz adierazi beharko dute hori memorian.

Jarduerak egiteko beharrezko baimenak, autorizazioak eta aseguruak lortzea talde sustatzailearen ardura izango da, antolakuntzarekin bestelakorik adosten ez bada.

Aurrez zehaztutako kokalekurik ez duten proiektuen kasuan, behin betiko espazioak beranduago adostuko dira Bienalaren antolakuntzarekin, erabilgarritasuna, jardueren egutegia eta lurralde-oreka kontuan hartuta.


4/ Jardueren datak

Jardueren behin betiko datak Mugak/ Bienalaren antolakuntzarekin koordinatuta finkatuko dira, nagusiki 2027ko urrian eta azaroan. Horrez gain, Bienala 2028ko otsailean amaitu arte luzatzen diren jarduerak ere programatu ahal izango dira.

• Donostia: 2027ko urriaren 9tik aurrera.
• Bilbo: 2027ko urriaren 16tik aurrera.
• Vitoria-Gasteiz: 2027ko urriaren 23tik aurrera.

Onsite guneetan programatzen diren jarduerak 2027ko azaroaren 12a baino lehen egin beharko dira.

Erakusketak, jarduerak eta iraupen ertaineko bestelako programak, gehienez ere, 2028ko otsailaren 28ra arte luzatu ahal izango dira. Nolanahi ere, proposatutako jardueren zati nagusia Bienala hasi eta 2027ko azaroaren 12ra bitartean egin beharko da.

Jardueren behin betiko datak Bienalaren antolakuntzarekin adostuko dira geroago, seigarren edizioko ekitaldien egutegiaren arabera.


5/ Balorazio-irizpideak

Open Mugak/ 2027ra aurkeztutako proiektuak haien kalitatearen, bideragarritasunaren eta Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren seigarren edizioko helburuei egiten dieten ekarpenaren arabera ebaluatuko dira. Arreta berezia jarriko da arkitekturari buruzko egungo eztabaidak sustatzeko, herritarrekin harremanetan jartzeko eta nazioarteko proiekzioa sortzeko duten gaitasunean.

Seigarren Mugak/ Bienalean parte hartuko duten proposamenak María Arana komisarioak hautatuko ditu, honako irizpideen arabera:

5.1. Proiektuaren kalitatea

5.1.1. Kalitate kontzeptuala eta gaiarekiko lotura
Proposamenaren argitasuna, koherentzia eta sendotasun kontzeptuala baloratuko dira, baita Mugak/ 2027ren “Egokia, Ederra, Eskuragarria” esparru teorikoarekin duen lotura ere. Gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren arloko egungo gai garrantzitsuak jorratzeko eta arkitekturari nahiz eraikitako inguruneari buruzko hausnarketa eta eztabaida sortzeko gaitasuna hartuko da kontuan.

5.1.2. Kalitate artistikoa eta originaltasuna
Proposamenaren kalitate artistikoa eta formala, originaltasuna eta izaera berritzailea baloratuko dira, baita sormen-baliabideen eta kultura-erreferentzien egokitasuna ere. Ikuspegi, hizkuntza edo formatu berriak eskaintzen dituzten eta Bienalaren edukien aniztasuna zabaltzen duten proiektuak lehenetsiko dira.

5.1.3. Diziplinartekotasuna
Proposamena aberasten duten eta arkitekturari buruzko ikuspegi berriak sustatzen dituzten beste arte, kultur edo ikerketa diziplina batzuen integrazioa baloratuko da.

5.2. Garapen-maila

5.2.1. Definizioa eta bideragarritasun teknikoa
Proiektuaren garapen- eta zehaztasun-maila baloratuko da, helburuak, jarduerak, gauzatze-faseak eta espero diren emaitzak barne, bai eta Bienalaren egutegiaren barruan gauzatzeko bideragarritasuna ere.

5.2.2. Ingurumen-jasangarritasuna
Proposatutako jardueren diseinuan, ekoizpenean eta gauzatzean ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak txertatzea baloratuko da.

5.3. Aurrekontuaren bideragarritasuna

5.3.1. Aurrekontuaren egokitasuna eta zehaztasuna
Aurrekontuaren argitasuna, zehaztasuna eta koherentzia baloratuko dira, bai eta kostuak aurreikusitako jarduerekin eta horiek gauzatzeko beharrezko baliabideekin bat etortzea ere.

5.3.2. Finantzaketa osagarria
Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa indartzen duten erakunde publiko, pribatu edo kulturalen finantzaketa edo baliabide osagarriak lortzeko gaitasuna positiboki baloratuko da.

5.4. Hartzaileak, irismena eta zabalkundea

5.4.1. Publikoa eta bitartekaritza
Hartzaileak zehaztea eta proiektuak askotariko publikoak erakartzeko eta inplikatzeko duen gaitasuna baloratuko dira, bereziki arkitekturan espezializatu gabeko pertsonak, arkitektura herritarrengana hurbiltzeko eta eztabaida kolektiboa sustatzeko.

5.4.2. Komunikazioa eta zabalkundea
Komunikazio-planaren kalitatea eta irismena, Mugak/ 2027ren estrategia orokorrarekin duen koherentzia eta Bienalaren eduki eta jardueren zabalkundea handitzeko duen gaitasuna baloratuko dira.

5.4.3. Nazioarteko irismena eta eragina
Proiektuak Mugak/ Bienalaren nazioarteko proiekzioari egiten dion ekarpena baloratuko da, nazioarteko eragileen parte-hartze aktiboaren, ezagutza-trukearen eta lankidetza-sareen sorreraren bidez. Arreta berezia jarriko zaie jarduera jakinetatik harago loturak eta eragina sortzen dituzten proposamenei.

5.5. Taldearen kalitatea

5.5.1. Taldearen profila, esperientzia eta aniztasuna
Antzeko izaera eta konplexutasuneko proiektuak garatzeko talde sustatzaileak duen esperientzia eta gaitasuna baloratuko dira, bai eta haren diziplinarteko osaera eta ikuspegi profesional, kultural, belaunaldi- eta genero-ikuspegien aniztasuna ere.

5.5.2. Lankidetzak eta lan-sareak
Ezagutza, baliabideak edo zabalkunde-gaitasuna eskaintzen duten nazioarteko erakunde laguntzaileen parte-hartze eraginkorra baloratuko da, bereziki lurraldearekiko lotura eta tokiko zein nazioarteko eragileen arteko trukea sustatzen dutenena, proiektuaren diseinuan, garapenean eta zabalkundean.


6/ Finantzaketaren zenbatekoa

Open programaren aurrekontu osoa 150.000 eurokoa da; horietatik, gutxi gorabehera, 90.000 euro Programetara eta 60.000 euro Ekintzetara bideratuko dira.

Open programak finantza dezakeen gehieneko zenbatekoa proiektu bakoitzeko 30.000 eurokoa izango da «Programak» modalitatean eta 10.000 eurokoa «Ekintzak» modalitatean, zergak kanpo.

Proiektuak hautatzerakoan, antolakuntzak lurralde-orekako irizpideak aplikatuko ditu, hiriburu edo probintzia bakoitzean antzeko jarduera kopurua egon dadin.

Hautatutako taldeei 2026ko abenduaren 15a baino lehen jakinaraziko zaie.

Hautatutako taldeekin aurkeztutako aurrekontuaren araberako kontratuak egingo dira, eta talde horiek beren proiektuen gauzatze eta ekoizpen osoa beren gain hartu beharko dute, adostutako zenbatekoaren barruan. Kontratuak 2026ko abenduaren 31 baino lehen formalizatuko dira, eta kontratatutako zenbatekoaren % 50eko lehen ordainketa 2026ko ekitaldian egingo da, dagokion faktura aurkeztu ondoren.


7/ Zabalkundea, konfidentzialtasuna eta jabetza intelektuala

Deialdi honetan hautatutako erakundeek eta pertsonek konpromisoa hartzen dute hautatutako proposamena edo Bienalean duten parte-hartzea ez zabaltzeko, ez beren kabuz ez taldeko edozein kideren bidez, Mugak/ Bienalaren komunikazio-kanal ofizialetan argitaratu aurretik.

Ondorengo argitalpenetarako, taldeek Mugak/ Bienalaren komunikazio-taldearekin koordinatu beharko dute emaitzen zabalkundea, antolakuntzak ezarritako egutegiaren eta irizpide grafikoen arabera.

Bienalak jardueraren izaera eta garapena azaltzen dituen artikulu bat idazteko eskatu ahal izango die egileei, Mugak/ Bienalaren dokumentazio-artxiborako.

Hautatutako proposamenen egileek aldi baterako lagako dizkiote Mugak/ Bienalaren antolakuntzari erreprodukzio- eta erakusketa-eskubideak, komunikabideetan, erakusketetan, argitalpenetan eta bestelako sustapen-jardueretan erabiltzeko, betiere egiletza aipatuta.

Aurkeztutako proiektuen jabetza intelektuala haien egileena izango da.

Hautatutako proiektuari buruz erakunde edo pertsona onuradunek etorkizunean egiten duten edozein komunikaziotan nahitaez aipatu beharko da Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Habic Klusterrak eta enpresa laguntzaileek egoki iritzitako zabalkundea egin ahal izango dute erakusketen eta argitalpenen bidez, jatorria eta egiletza aipatuta.


8/ Proposamenak aurkezteko modua

Proposamenak Mugak/ Bienalaren webguneko formularioaren bidez aurkeztu beharko dira, 2026ko azaroaren 25eko 23:59ak baino lehen.

Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
• Proposamenaren azalpen-memoria, aurrekontua barne, txantiloiaren arabera.
• Harremanetarako datuak.
• Proposamena irudikatzen duen irudi bat.

Proposamenak euskaraz, ingelesez edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira.


9/ Informazio gehiago eta kontsultak

Oinarriak Mugak/ Bienalaren webgunean egongo dira eskuragarri.

Deialdiaren inguruan sortzen diren galderak eta kontsultak helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: info@bienalmugak.eus

Jasotako galderak eta haien erantzunak deialdiaren webgunean argitaratuko dira.


10/ Ohiko galderak

Parte hartzeko modalitateak

Pertsona fisiko batek edo autonomo batek Programa bat aurkez dezake?
Ez. Programak modalitatea arkitekturaren arloko elkarteentzat, enpresentzat eta kultur erakundeentzat soilik da. Pertsona fisikoek eta autonomoek Ekintzak modalitatean parte har dezakete. Nolanahi ere, pertsona fisiko edo autonomo batek Programa batean parte hartu ahal izango du, betiere elkarte, enpresa edo kultur erakunde batek zuzentzen badu.

Nazioarteko osagaia

Zer da nazioarteko osagaia?
Nazioarteko osagaia da beste herrialde batzuetako profesionalek, erakundeek edo eragileek proiektuaren edukian eta garapenean modu aktiboan parte hartzea.
Hitzaldi, tailer, lankidetza, ezagutza-truke, koprodukzio edo benetako nazioarteko dimentsioa dakarten bestelako formatuen bidez gauzatu daiteke.
Ez da nahikoa proiektua nazioartean zabaltzea soilik aurreikustea, nazioarteko eragileen benetako parte-hartzerik edo lankidetzarik gabe.

Espazioak eta jardueren datak

Mugak/ Bienalak jarduerak egiteko espazioak eskain ditzake?
Bai. Hautatutako proposamenen edukiaren eta formatuaren arabera, antolakuntzak bere espazioak edo erakunde laguntzaileenak erabiltzeko aukera eskaini ahal izango du.
Espazio horien erabilgarritasuna ez dago bermatuta, eta antolakuntzak berariaz baieztatu beharko du proposamen guztiak aztertu eta behin betiko hautaketa egin ondoren.
Hautagaitzak aurkezteko epean ez dira espazioen erabilgarritasunari edo erreserbari buruzko banakako eskaerak kudeatuko. Beharrak memorian adierazi beharko dira, eta hautaketa-prozesua amaitu ondoren baloratuko dira.
Espazio bat eskatu nahi duten proiektuek memorian adierazi beharko dute, espazio eta behar teknikoak eta aurreikusitako kostuak zehaztuta. Antolakuntzak espazio bat eskaintzen duenean, lagapen-baldintzak eta barne hartutako zerbitzuak zehaztuko dira.

Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik kanpo jarduerak proposatu al daitezke?
Bai. Hiru hiriburuetatik kanpo jarduerak proposatu ahal izango dira.

Finantzaketa eta aurkezpena

Proposamen batek finantzaketa osagarria izan dezake?
Bai. Positiboki baloratuko da funts propioetatik edo erakunde publiko, pribatu edo kulturaletatik finantzaketa edo baliabide osagarriak lortzeko gaitasuna, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa indartzen edo haren irismena zabaltzen badute. Proposamenak aurreikusitako jarduerekin bat datorren aurrekontu argia aurkeztu beharko du, antolakuntzak emandako txantiloia erabilita.

 

Promotores | Sustatzaileak | Promoters :

Entidades colaboradoras | Erakunde laguntzaileak :

Colaboradores institucionales | Laguntzaile instituzionalak:




Egitaraua prestatzen ari gara