Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Bienalak Gasteizko programazioa aurkeztu du Andre Maria Zuriaren horman

  • Joan den astetik Andre Maria Zuriaren plazan egon ondoren, non herritarrek modu jendetsuan esku hartu duten, ‘Utopía: prohibido el paso’ izan da gaur Bienalaren abiapuntua hirian.
  • Instalazioak, mundua zatitzen duten hormen kritika, lehen egunetik bete du bere funtzioa: adierazpen-elementu bat izan nahi zuen, eta horrela hartu zuen hiriak. 
  • Gaur hasiko da Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren programa Gasteizen, eta azaroaren 13ra arte luzatuko da, erakusketak, tailerrak, performance bat eta jarduera gehiagorekin.

2025|10|23

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak gaur goizean aurkeztu du Gasteizko programazioa, joan den astetik Andre Maria Zuriaren plaza banatzen duen horman. ‘Utopía: prohibido el paso’ izena du hormak, eta gaur egungo munduko harresi eta mugei kritika bat da. 
 
Arku Atlantikoaren hitzordu arkitektoniko nagusia, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatua, urriaren 9an hasi zen bere erakusketa nagusiaren aurkezpenarekin, ‘Eu-topías, Ou-topías’, eta dagoeneko inauguratu ditu Donostiako eta Bilboko pabiloiak eta programazioa.


Gaur Gasteizen txanda izan da, Mugak/ Bienalak hirian instalazio iragankor bat eraikitzen duen lehen aldia. Aurreko astetik plaza enblematikoan altxatzen den horma gorria izan da aukeratua.
 
Testuinguru horretan, Gasteizko Udaleko Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza, Garbiketa eta Ingurumenaren Sailaren zinegotzi ordezkari Borja Rodriguezek adierazi duenez, "herritarrentzako mihise bat izateaz gain, horma hau Gasteizko historiaren sustraietan barneratzen da. Zabaleran, Andre Maria Zuriaren plazaren hegoaldea zeharkatzen du. Hiriaren Erdi Aroko harresiaren trazak aztertu ondoren justifikatzen da haren kokapena, puntu horretan harresiaren fikziozko luzapen baten berreraikuntza birsortuz. Era berean, Berlingo Harresia erori zenetik 36 urte betetzeko bi aste falta dira, nahiz eta gaur egun arkitektura segregazio-tresna gisa erabiltzen jarraitzen den. Munduko potentzia batzuek, hala nola Estatu Batuek edo Israelek, mundua Rem Koolhaasek zioen bezala ‘erdi txarrean eta erdi onean’ banatzen duten harresiak eraikitzen jarraitzen dute".


Mugak/ Bienalaren bosgarren edizioaren komisarioak, María Aranak, gizarteak banatzen dituzten mugen ideia ere aipatu du: "Arkitekturak konektatzeko gaitasuna du, baina baita jendea banatzekoa ere. Funtzio garrantzitsua betetzen du elkartzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna gisa, baina, aldi berean, utopiek eta distopiek bezala, gizarte-segregaziorako ere balio dezake. Hau bezalako harresiek mugak sortzen dituzte, eta badira desberdintasun sozialak eraikitzen duten arkitekturak. Hala ere, gaur kontrakoaz ari gara, arkitekturak gizarte-kohesiorako tresna gisa duen botereaz".


Gogoeta hori proposatzen duen esku-hartzea Sebastián Bayo arkitekto eta artistaren lana da. Egurrez eginda, Egoin enpresaren babesa izan du, bai eta COAT Arabaren laguntza ere. Elkargoak aparejadore bat jarri du lana koordinatzeko.
 
Proiektuak utopiaren kontzeptua bere paradoxatik jorratzen du: horien existentzia zalantzan jartzeko horma bat eraikitzen du. Sortu zenetik, hormaren beraren aurkako hausnarketa eta erreakzioa bultzatu nahi izan zuen, hura adierazpide bihurtuz, eta hala izan da hasieratik: Gasteizko herritarrek parte hartu dute eraiki zen lehen egunetik, eta gaur altxatzen da herritarren parte-hartze horren erakusgarri.


Hala baloratu du gaur Bayok berak: "Herritarrak buru-belarri ari dira erantzuten pabiloiak parte hartzeko egiten duen deialdiari. Muntaketa amaitu zen une beretik, gasteiztarrek bereganatu egin zuten, eta giro ludikoan esku hartu zuten, hainbesteko kemenez non proiektua ofizialki aurkeztu baino lehen, zaila baita jatorrizko kolore gorriko guneak aurkitzea".


Era berean, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak adierazi duenez, "herritarrek horma horri emandako erantzun masiboak Mugak/ Bienalaren formatuak egokiak direla berresten du, arkitektura eta gogoetak publiko guztiei hurbiltzeko".
 
Bienalak ere horman esku hartu du 
 
Adierazpen artistikorako bitarteko gisa duen funtzioari jarraituz, horma Bienalak Gasteizera aurten ekarri dituen erakusketetako baten euskarri izango da. Gainera, sinbolikoki lotuta dago: Monterreyko TECeko Arkitektura, Arte eta Diseinu Eskolako (EAAD) ‘Entretejidas en la frontera’ dagoeneko ikus daiteke, Zaida Muxík komisariatua. Erakusketa honek bere kokapena aukeratu du Trumpek Mexikoko mugan eraikitako harresiaren metafora gisa, emakume arkitektoak, artistak eta soziologoak muga horretan egiten ari diren proiektuak ikusarazteko.


Hala ere, argazki-erakusketa honek ez du muga hori erakusten, baizik eta lurraldean elkar lotzen diren sareak eta proiektuak ikusarazteko aitzakia gisa. Mexikoko emakume arkitektoek, artistek, diseinatzaileek eta herritarrek egin dituzten ekintza kolektibo, sentikor eta eraldatzaileak nabarmentzen ditu, Mexiko eta Estatu Batuak bereizten (eta lotzen) dituen linearen bi aldeetan.
 
Programa azaroaren 13ra arte 
 
Mugak/ Bienalak bere bosgarren edizioan Gasteizera ekarri duen programa hasi da gaur, arkitektura herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Gaur goizean, izan ere, mahai-inguru bat egin da Onsite Mugak/ deialdiko hiru saridunen artean. Gasteizerako arkitektura iragankorra aukeratu zuen deialdi hori. Bayoz gain, Furii Studiok ere parte hartu du, Jonas Klaassenekin batera bigarren saria lortu zuena; eta Sergi Viñalsek (Hue Studio), Lautaro Longorekin batera accésit-a lortu zuena.


Horiek guztiek beren ideiak aurkeztu dituzte eta ideia horietatik heldu diote utopiari. Gaurtik aurrera, hiru proiektu horiek eta Onsite Mugak/ deialdira aurkeztutako gainerako proiektuak erakusketa batean ikus daitezke, Arabako EHAEOren egoitzan. Bertan, gainerako taldeek Andre Maria Zurian nola parte-hartzea pentsatu zuten ikusi ahal izango dute ikusleek.
 
Datozen egunetan hainbat tailer izango dira. Lehenengoa, hilaren 25ean, Maushaus eta No Man’s Land elkarteen eskutik: ‘Architecture without building’ tailerrak, helduei eta familiei zuzenduta, uztaiekin eraikuntza iragankorra egingo du, Yona Friedman arkitektoaren proiektu utopikoen antzera. 11:00etan izango da, eta, amaitzean, 12:30ean, Two Much Circus tokiko konpainiak performance bat egingo du, ondoriozko egitura interpretatzeko.
 
Urriaren 31n, Lugadero bulego transdiziplinarrak ‘We make cities’ tailerra eskainiko du, non, adimen artifizial generatiboaren bitartez, parte-hartzaileak hiri utopikoak irudikatzera gonbidatuko diren. Gasteiz birpentsatzeko makina bat izango da, kolektibotik, IDarte eskolan, eta ateratzen diren irudiak Bienaleko erakusketa nagusiari gehituko zaizkio.
 
Beste tailer batek Gasteizko abegi ona ekarriko du estudiora. ‘Utopías en lo cotidiano. Exploración urbana de la hospitalidad de Vitoria-Gasteiz' izena du, eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko (ETSAUN) irakasle talde batek sustatu du, Francesco Careri arkitekto italiar eta Università Roma Tre-ko irakasleak zuzentzen duela.


Lantegiaren helburua Gasteiz hiria esploratzea da, abegikortasunaren ideia motor gisa hartuta. Parte hartu eta hiria beste ikuspegi batetik ezagutu nahi duen edonorentzat dago zabalik. Azaroaren 6tik 8ra izango diren hiru jardunalditan egingo da, bai Montehermoso Kulturunean, bai hirian zehar, eta bertatik "abegikortasunaren mapa" gero osatuko duten ekitaldien bila joango dira parte-hartzaileak. Tailerra Careriren eskola-hitzaldi batekin hasiko da.
 
Azaroaren 13a azken eguna izango da bai hormarentzat bai Bienalaren Gasteizko programarentzat. Egun horretan, Arabako EHAEOren egoitzan, Euskadiko hiru hiriburuetako plaza enblematikoetan altxatu izan diren hiru arkitektura iragankorren egileen arteko elkarrizketa egongo da: Sebastian Bayorekin batera, Bilboko pabilioiaren (‘Etxenoi’, AMA Architectural Officeren lana) eta Donostiakoaren (‘Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino’, Izaskun Chinchilla Architects-ena) egileak izango dira.


Jarduera guztiak doakoak dira, baina batzuetan aldez aurretik izena eman behar da. Programa osoa eta formularioak Mugak/ 2025 webgunean daude eskurgarri. 



Egitaraua prestatzen ari gara