Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Donostiako San Telmo Museoko klaustroan egurrezko kupula bat izango da nagusi gaurtik aurrera

  • Espacio Reflex-ek eta MIDOMOk sustatutako 'Arkitektura hedatuak' proiektuak domoak eraikitzeko bi tailer parte-hartzaile antolatu ditu zubian zehar.
  • Adin eta nazionalitate ezberdinetako 25 parte-hartzailek bi kupula eraiki dituzte Donostian: bat San Telmo Museoan eta bestea Altxerri arte galerian.
  • Aste honetan, Mugak/ Bienalak nazioarteko mailan garrantzia duten arkitektoak ekarriko ditu: Rudy Ricciotti frantziarra, Oscar Tusquets katalana, Alberto Veiga galiziarra, TEd'A Arquitectes Mallorcako estudioa eta VAUMM donostiarrak.

‘Arkitektura hedatuak’ proiektuak herritarren partaidetzarako bi tailer antolatu ditu asteburu honetan Donostian, zurezko domoak edo kupulak egiten ikasteko. Biek bi egitura eman dituzte emaitzatzat: lehena, San Telmo Museoko klaustroan; bigarrena, Altxerri galerian. Espacio Reflex-eko ekimen honek, MIDOMOrekin batera, hiru jardunaldi antolatu ditu Mugak/ Bienalaren barruan, parte-hartzaileei horrelako egitura geodesikoak eraikitzen irakasteko.

Joan den asteburuan, urriaren 30ean eta 31n, Donostiako San Telmo Museoko klaustroan egin zen lana. Bertan, adin -bai gaztek, bai erratiratuak- eta nazionalitate -Mexiko edo Kolonbiako partaideak egon ziren- desberdinetako pertsonek domoei buruzko oinarri teoriko batzuk eskuratu zituzten. Gero praktikara pasa ziren, zazpi metroko diametroa eta hiru eta erdiko altuera duen egurrezko kupula bat eraikiz.

Atzo, astelehena 1, tailerraren bigarren edizio batean Altxerri Galerian landu zituzten domoak. Bertan, parte-hartzaileek hiru metroko diametroa eta 1,70eko altuera duen bigarren kupula bat eraiki zuten. Bi egiturak azaroaren 20ra arte egongo dira instalatuta. 

“Domoak elkarrekin bizitzeko beste modu bati buruz gogoeta egitera bultzatzen gaituzten espazioak dira, testuinguruarekin erlazionatzen gaituztenak. Kupulak babestu egiten gaitu eta, aldi berean, mundua zeruko ganga gisa aurkezten digu. Esfera batean bizi garela gogorarazten digu, hau da, Lurrean”, azaldu du Juan Aizpitartek, Espacio Reflex-eko zuzendariak.

MIDOMOko Mario Turéganok dinamizatu ditu tailerrak: “Ikastaro honekin, parte-hartzaileek gutxieneko ezagutzak eskuratzen dituzte beren domoa eraiki ahal izateko. Domoa eraikitzen bukatzen dugunean, tailerraren amaieran, guztiak igotzen gara gainera, eta egitura horrek loturak eta sinergiak sortzeko duen energia eta gaitasuna esperimentatzen dute”, adierazi du.

 

 

Arkitektura hedatuen ugaritzea

Mugak/ Bienalaren hirugarren edizioa normaltasun berri baten testuinguruan dator, mundua nahasi duen pandemia baten ondoren. Harreman sozialak, lan egiteko moduak, aisialdia eta bizitzaren alderdi guztiak zalantzan jarri dira; hala izan da artearekin eta arkitekturarekin ere.

Tailerrak ‘Arkitektura hedatuak’ proiektuaren parte izan dira, Espacio Reflex-ak hirugarren Bienal honetarako egindako proposamena. Abiapuntua da hiria deszentralizatzea, periferiara ihes egitea eta tokiko autonomia berraurkitzea. Horren adibide dira baserriak, Euskadiko ekoizpen-unitate txiki eta tradizionalena. Proiektuak baserriaren dimentsio arkitektonikoaren eta mugakide diren hiri- eta natura-eremuetako bizimoduaren arteko erlazio berriari buruz dihardu, yurtak, tippiak edo domoak ugaritzen ari diren eremuei buruz, pandemia osteko behar berriei erantzungo dieten erabilera berriak emateko antzinako egiturei buruz. “Fenomeno hau erakutsi nahi genuen, berkonektatzea eta kontzientzia hartzea ahalbidetzen duena, lehen mailako beharrak kudeatzen ikasteko”, gehitu du Aizpitartek.

Pertsonei beren domoa eraikitzen irakasteaz gain, zinemak eta telebistak hiriaren ideia nola moldatu duten azaltzen duen hitzaldia egin zen larunbatean Arkitektura Institutuan, Andrés Hispano ikus-entzunezko ekoizle eta irakaslearen eskutik. Gainera, ‘Drop city’ filma proiektatu zen, inoiz domoetan bizi izan den komunitaterik garrantzitsuenari buruzkoa; zehazki, domo metalikoetan bizi zen, Coloradon.

 

Mugak/ Bienaleko aste berri bat

Bigarren asteari ekingo dio Bienalak. Gaur arratsaldean, jarduerak Tabakalerara joango dira, eta bertan izango da ‘Confluencias x MAYRIT: praktika mugikorrak’ topaketa. Mayrit, alde batetik, bi urtez behingo diseinu-ekitaldia da, edukia sortzeko plataforma bat eta Madrilgo diseinatzaileen kolektiboarentzako aukera eta zaintza sare bat. ‘Confluencias’ Mayrit edizioen artean laguntzen duen programa bat da, testuinguru nazionalean pentsamendu-ekosistemaren mapa bat sortzea helburu duena, baita eszenaren barruan dauden eragileekin dagoen konexioa ez galtzea. Tabakaleran, Ainhoa Garmendia, Igor Bragado eta Moduz kolektiboaren hitzaldietaz gozatu ahalko da.  

Konferentzia gehiagok Donostiara ekarriko dituzte nazioarteko mailan nabarmenak diren arkitektoak. Aste honetan zehar Euskadiko Arkitektura Institutuan kontzentratuko dira, non hurrengo gonbidatuak egongo diren: VAUMM eta TEd’A Arquitectes estudioak, azaroaren 3an, asteazkenean; Alberto Veiga, Barozzi Veiga estudiokoa, 4an, ostegunean; eta Óscar Tusquets eta Rudy Ricciotti arkitekturaren probokatzaileak, 5ean, ostiralean.

Europako arkitekturaren hitzordu nabarmenetako bat ere aste honetan izango da Donostian: Kursaalak Europan Europe kongresua hartuko du hilaren 5etik aurrera. ‘Hirien nazioarteko foroa’ da, lehiaketaren deialdi bakoitzarekin batera egiten dena, eta edizio bakoitzean jasotako proposamenen argitan planteatutako gaien funtsa aztertzeko eta eztabaidatzeko balio du, bai eta aurrekoaren irabazleen aurrerapen zehatzak aztertzeko ere, Europako arkitekturaren promes gazteen eskutik abian daudenak.

Era berean, aurtengo lehen argitalpena aurkeztuko da, Maushaus-en ‘Donostia Atik Zra’ liburua, hau ere hilaren 5ean Arkitektura Institutuan. Mota honetako ekitaldien estruktura finkoa haustea eta bertaratutako pertsonak inplikatzea du helburu, tailer baten eta Donostiako Alde Zaharrean barrena bisita baten bidez.

Arkitekturako, diseinuko, hedabide espezializatuetako edo bulegoetarako soluzioen fabrikazioko profesionalentzat, besteak beste, parte hartzeko espazio bat egongo da: Habic klusterrak Tabakaleran ‘Lan espazioak diseinatzen’ tailerra antolatu du, hilaren 3an.

Gainera, Museum Cemento Rezolaren 'Hiria pentsatzen' erakusketa berria irekiko da hilaren 4tik aurrera Añorgako egoitzan.



Egitaraua prestatzen ari gara