Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Museum Cemento Rezolak hiria pentsatzera gonbidatzen du erakusketa baten bidez

  • Herritarren partaidetza proiektu baten emaitza da, eta hirien eraldaketa eta etorkizuna ingurumen arloko jasangarritasunaren eta gizarte-hirigintzaren ikuspegitik pentsatzera gonbidatzen du.
  • 2022ko martxoaren 26ra arte iraungo du, eta arkitekturari, hirigintzari, gizarte-ongizateari eta ingurumenari buruzko lankidetzazko begirada plurala jasotzen du.
  • Arratsalde honetan, arkitekturako profesional garrantzitsu gehiago pasako dira Mugak/ 2021etik: VAUMM eta TEd’A Arquitectes Euskadiko Arkitektura Institutuan izango dira.

Cementos Rezola-HeidelbergCement Group taldearen esku dagoen Museum Cemento Rezolak aldi baterako ‘Hiria pentsatzen’ erakusketa inauguratu du gaur. Donostiako Añorga auzoko instalazioak berritu ondoren egingo den aldi baterako lehen erakusketa da.

Erakusketa Mugak/ Bienalaren programaren barruan dago, eta 2022ko martxoaren 26ra arte bisitatu ahal izango da. Hirien eraldaketa eta etorkizuna ingurumen arloko jasangarritasunaren eta gizarte-hirigintzaren klabeetan pentsatzera gonbidatzen duen eta herritarren partaidetzan oinarritu den proiektu baten emaitza da. Beraz, arkitekturari, hirigintzari, gizarte-ongizateari eta ingurumenari buruzko lankidetzazko begirada plurala jasotzen du.

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, erakusketan hauek hartzen dute parte: Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, Urbanbat-ek, UPV/EHUren Arkitektura Goi Eskola Teknikoak (AGET), Atzegik, IZA-Matia Fundazioa zentroak, Elkartuk, Gure Kabia erretiratuen etxeak, Amassorrain ikastolak, Altza Herri Ikastetxea SJC HLHIk, Axular Lizeoak, Zuhaizti ikastolak eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak.

Inaugurazio-ekitaldian hauek hartu dute parte: José María Echarri Cementos Rezola-HeidelbergCement Group-eko Ohorezko Presidenteak; José Ángel Medina Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitekturaren III. Biurtekoko komisarioak; eta Antonio Nolasco Añorgako Cementos Rezola fabrikako zuzendariak.

Antonio Nolasco Añorgako Cementos Rezola fabrikako zuzendariak adierazi duenez, “erakusketa honekin Museum Cemento Rezolak lanerako gune aktiboa sortu du hiriaren eraikuntzan, jasangarritasunaren eta gizartearen garapenaren ikuspegietatik. Era berean, laneko gune gogoetatsua eta aktiboa sortzen laguntzen du, hurbilen dagoen ingurunetik abiatuta hiria eraikitzeko: auzotik”.

‘Hiria pentsatu’ ariketa kolektiboa da, eta herritarrei dei egiten die hiriak eraikitzeko eragile aktibo gisa jar daitezen, ingurumen-jasangarritasunak eta gizarte-hirigintzak hiri bizigarriagoa, erresilienteagoa eta ez hain gogorra sortzea ahalbidetuko duten espazio publikoa erabiltzeko modu berriak azter ditzaten.

Ekimenaren helburua, jendea bizi den espazioen erabilera berriro pentsatzeko eta espazio horiek eraldatzeko tresna bilakatzeko abiapuntua izatea da.

 

XXI. mendeko hiriaren eraldaketa 

‘Hiria pentsatu’ erakusketaren helburua bisitariak XXI. mendeko hiria eraldatzeko hausnarketa, asmo, erronka eta proposamen horietan barrena ibiltzea da. Izan ere, hainbat taldek hartu dute parte lan horretan. Horrela, ‘Hiri irisgarria eta inklusiboa’ atalean Elkarturen, IZA-Matia Fundazioaren eta Atzegiren begirada ematen da, pertsona guztiek hiriek eskaintzen dituzten aukera sozial, ekonomiko, kultural eta politikoak baliatu ahal izango dituzten hiri inklusibo eta irisgarrira heltzeko.

Hiria haurtzaroko kontua ere da. Ildo horretan, ikastetxeekin egin da lan, etorkizuneko Donostia hiria proiektatzeko. Amassorrain ikastolako, Altza Herri Ikastetxea SJC HLHIko, Axular Lizeoko, Zuhaizti ikastolako eta Intxaurrondo Hegoa Ikastetxeko 200 haurrek baino gehiagok hartu dute parte ekimen berritzaile honetan.

‘Espazio publikoak hiria egiten du. Elkarrekin sortutako hiria, proiektatutako hiria’ UPV/EHUko AGETeko Espazio Libreen Antolamendua eta Hiri Ekipamenduak ikastaroko ikasleekin eta irakasleekin elkarlanean egindako proiektua da. Azkenik, ‘Zurekin dagoen hiria’ atalean, Añorgako Gure Kabia Erretiratuen Etxea Elkarteko emakumeekin izandako elkarrizketak landu dira “working progress” formatuan.

 

Tailer eta hitzaldi gehiago

Arratsaldean, Habic klusterrak ‘Lan espazioak diseinatzen’ tailerra antolatuko du, Tabakalerako Basque Living Donostia gunean, hedabide espezializatuei, arkitekturako eta diseinuko profesionalei edo ofizinentzako soluzioak lantzen dituztenei zuzendua, esaterako.

Gainera, edizio honetako lehen hizlari nabarmenak pasako dira Arkitektura Institututik. Gaur arratsaldean VAUMM estudio donostiarraren eta Mallorcako TEd’A Arquitectes-en txanda izango da, 18etan eta 19:30ean, hurrenez hurren. Bihar, Barozzi Veigako Alberto Veigaren eta Acción Cultural Españolako Marta Rincón-en arteko solasaldi batez gozatu ahalko da, 19:30ean, Arkitektura Institutuan ere.



Egitaraua prestatzen ari gara