Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak 90.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu laugarren edizioan

Foto: Mikel Blasco

  • Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatuta, Arku Atlantikoko arkitektura-hitzordu nagusiak goranzko joerari eutsi dio parte-hartzeari dagokionez.
  • Pabiloi iragankorrek kalera atera dute Bienala, herritarren erantzun onarekin.
  • Mugak/ Bienalak izen handiko profesionalak izan ditu 2023an, besteak beste, Wang Shu ‘pritzker’-a, Beatriz Colomina ikertzailea edo amid.cero9 estudioa.
  • Programazioa Bilbon, Donostian eta Gasteizen zabaldu da urriaren 25etik azaroaren 24ra, eta hogei erakunde baino gehiagoren lanaren emaitza izan da. Erakunde horiek beren proposamenak batu dituzte arkitektura herritarrei hurbiltzeko eta kultura-ondasun gisa eskaintzeko.

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak agur esan dio laugarren edizioari, 90.000 pertsona baino gehiago erakarri dituzten ehun bat jarduera batu dituena. Urriaren 25etik azaroaren 24ra bitartean ospatu zen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bultzatuta eta María Arana arkitektoak komisariatuta. Mugak/ Bienalak aurten ere programa zabal bat eskaintzea lortu du, publiko orokorrak arkitekturaz kultura-ondasun gisa gozatzeko aukera izan dezan.

Edizio honetan, ‘berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ lelopean, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, esku-hartze artistikoak eta pabiloi iragankorrak izan dira hiru euskal hiriburuetan, eta bertaratzeak % 13 eta % 22 artean hazi dira, 2021ean egindakoarekin alderatuta. "Mugak/ hazi egin da kalitatean eta arkitektura, diseinua eta hirigintza aztertzeko askotariko ikuspegietan; gainera, aurreko edizioetan baino publiko gazteagoa erakarri du. Horrek belaunaldi berriek diziplina honetan duten interesa berresteaz gain, gure hiri eta herrietan zergatik bizi garen eta etorkizunean nola bizi gaitezkeen hausnartzeko interesa ere erakutsi du", baloratu du Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak. Halaber, nabarmendu du "laugarren edizioan, Mugak/ Bienalak gainditu egin dituela Bienalaren hasieran epe luzerako finkatu ziren bertaratuen helburuak".

Laugarren edizio honen hasiera Wang Shu arkitekto txinatarraren eskutik izan zen, 2012an Pritzker saria irabazi zuena, eta 600 pertsona baino gehiago bildu zituen Donostiako Kursaalean. Ordutik, programa aldi berean garatu da Euskadiko hiru hiriburuetan, eta ehun bat jarduera egin dira; horien artean, edizio honetako hiru pabiloi iragankorrek harrera bikaina izan dute herritarren artean.

Aldi baterako eraikuntza horiekin, herritarrek klima-aldaketaren eraginari buruz hausnartzeko aukera izan dute, TAC! Hiri Arkitekturako Jaialdiaren lankidetzari esker Donostiako Zurriola hondartzaren ondoan ezarri zen ‘Lost Forest’ proiektuaren bidez. Era berean, ‘Mugak/ HABIT[atu]Z’-i esker, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute nola birpentsatu eta handitu daitezkeen etxebizitza bateko espazioak berrikuntzaren bidez; eta ‘Argi’ proiektuekin, UPV-EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleen proiektu batekin, egiaztatu ahal izan dute arkitektura arina eta malgua izan daitekeela. Eraikin horiek guztiak euskal hirietako gune enblematikoetan egon dira, eta Bienalaren programaren jarduerak hartu dituzte.

"Testuinguru edo behar askotara egokitzeko gai den eta berrerabiltzeko eta eraldatzeko pentsatutako arkitektura baten energiari buruz hausnartzeko gonbidapena izan da. Horrelako azpiegituren bizitza baliagarria luzatzeko beste modu batzuk pentsatzeko gonbidapena, azpiegitura horien eraikuntzan eta muntaian ez ezik, desmuntatzeko eta bigarren bizitza erabilgarri bat eskuratzeko moduan ere berrikuntzak egin ditzaten. Arkitektura multifuntzionala, malgua eta itzulgarria, iraunkortasun-ariketa gisa planteatua, aurrean dugun ziurgabetasun eta etengabeko aldaketen testuinguru honetan erantzun anitzak eta propositiboak emateko balio duena", nabarmendu du María Arana komisarioak.

Mugak/ 2023 programaren puntu nagusietako bat, sektoreko profesionalen eta herritarren interesa erakarri duena, Euskadiko Arkitektura Institutua izan da, Bienalaren erakusketa nagusiaren egoitza izan dena. ‘Aldaketa bizi’, 2024ko otsailaren 25era arte egongo da irekita. Bertan arkitekturaren eta arteen munduko figura ezagunen arteko elkarrizketa kolektiboa proposatzen da, beren jatorrizko piezak, proiektuak eta praktiken irudikapenak batu baitituzte ekoizpen propioko erakusketa honetan. Erakusketan beren proiektuen bidez parte hartu duten nazioko eta nazioarteko profesionalak Euskadira hurbildu dira azken hilabete honetan, herritarrekin hausnartzeko.

2023ko Bienala "anitza, askotarikoa eta gogoetatsua" izan dela adierazi du Aranak, eta programa zabala nabarmendu du, Etxebizitza Sailak helburu horretarako ematen dituen dirulaguntzen bidez hainbat erakundek egindako proposamenei eta parte hartzeari esker. Berrikuntza gisa, aurten Off Mugak/ ekitaldi paraleloen programa abiarazi da, zeinaren bidez Euskadi barruko eta kanpoko entitateek beren proiektuak Bienalera gehitu ahal izan dituzten. Guztira, hogei erakundek baino gehiagok parte hartu dute Mugak/ ekimenaren laugarren edizio honetan arkitektura, hirigintza eta diseinua aniztasunetik jorratzeko, egungo eta etorkizuneko gizartearen erronka handiei aurre egiteko tresna gisa.



Egitaraua prestatzen ari gara