Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Arkitektura "brodatu" batek zaintzaren kolektibitatea aldarrikatuko du Mugak/ Bienalean

  • Hitzordu arkitektonikoaren bosgarren edizioak hiru proposamen iragankor eraikiko ditu hiru euskal hiriburuetan 2025eko urrian eta azaroan.
  • Hainbat herrialdetatik iritsitako proposamenak jaso dituen deialdi arrakastatsu baten ondoren, epaimahaiak Donostian kokatzeko irabazlea aukeratu du: brodatua historikoki zaintzari eta emakumeen artisau-ekoizpenari lotutako tradizio gisa berreskuratzen duen diseinua.
  • ‘Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino’ izenpean, zaintzak erantzukizun indibiduala izateari utzi eta kolektibo bihurtzen den espazio bat proposatzen du.

"Imajina ezazu mundu bat non zaintzari lotutako zereginak ez diren erantzukizun indibiduala, kolektiboa baizik". Hori da Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak datorren udazkenean Donostian eraikiko duen arkitektura iragankorraren proposamena, arkitektura, 3D inprimaketa eta brodatua uztartzen dituen diseinua.

Donostian utopiari buruzko hausnarketa egin da, memoria, berrikuntza eta parte-hartze soziala uztartuz. Irabazleaz gain, beste bi proposamen saritu dira, eta hirurak nabarmentzen dira narratiba historikoak eta kulturalak ikusarazteko duten gaitasunagatik, espazio publikoa utopia posibleei buruzko topaleku eta elkarrizketa-leku bihurtuz. Hiri honetan, Mugak/ Bienalak arkitektura iragankorra aldaketa sozialerako eta sormen kolektiborako tresna izan daitekeela aztertzen du.

‘Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino’

Donostiako esku-hartzea Alderdi Ederreko zelaigunean egongo da berriro, udaletxearen ondoan, Bienalaren aurreko edizioan bezala. Oraingoan, Izaskun Chinchilla Architects estudio madrildarraren 'Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino' izan da aukeratutako proposamena.  

Diseinuak brodatua berreskuratzen du, historikoki emakumeen zaintzari eta artisau-ekoizpenari lotutako tradizioa, eta arkitektura- eta politika-tresnaren kategoriara igotzen du. Bere planteamenduak pentsamendu utopikoan emakumezko egilerik ez egoteari buruz hausnartzeaz gain, bere presentzia aldarrikatzen du hiri-eremuko berdintasunaren, justiziaren eta sormenaren aldeko borrokak sinbolizatzen dituen egitura baten irudikapenaren bidez, eta tradizioaren eta berrikuntzaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko mugak "brodatzen" ditu.

Ehun-egitura tenkatuak, forma kurbatu eta arinekoak, bere azpian hainbat jarduera har ditzake. Tentsio horrekin eta gardentasunarekin jolasten du topagune iragankor eta sinboliko bat sortzeko, "haurrak zaintzeko leku seguru bat", estudioaren arabera. Gainera, diseinuak muturretan ixteko aukera ematen du, "ikuskatu daitekeen barne-espazio bat sortuz, eta horrek gurasoentzako tailerrak eta bilerak antolatzen laguntzen du. Haurren gune baten eta Kontxako hondartzaren aurrean kokatzea, zaintza-ardurak dituztenen parte-hartzea errazteko pentsatuta dago. Azkenik, utopiari lotutako gaiei buruzko batzar, zinema-emanaldi eta eztabaidetarako gune gisa ere ulertzen da, denboraren gorabeheren aurkako babesa eskainiz. Ikuspegi integral honek komunitatean lankidetza eta hausnarketa giroa sustatzea du helburu".

Brodatu tradizionala 3D inprimaketa teknologiarekin konbinatzen da, jasangarritasunarekin eta Bienalaren helburuekin bat datorren ikuspegia. Epaimahaiak "estetika, materialtasuna eta eragin kulturala uztartzeko gaitasun bikaina" nabarmendu du, "Bienalaren leloa proposamen arkitektoniko guztiz esanguratsu eta gogoetatsu bihurtzea lortuz. Proiektuak utopia azpimarratzen du ikuspegi feministatik, emakumeei lotutako praktika tradizionalak, brodatua kasu, etorkizun alternatiboak irudikatzeko eta eraikitzeko bitarteko izan daitezkeela ikusaraziz".

Erabakia epaimahai profesional batek hartu du, nazioko eta nazioarteko garrantzia duten figurek osatuta: María Arana Bienalaren komisarioak; Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak; Iñigo García Villanueva Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi ordezkariak; Tomás Valenciano arkitektoak, Gipuzkoako EHAEOren ordezkari gisa; Aitor García Indart3D kooperatibaren sortzaile eta zuzendari teknologikoak, esku-hartze arkitektonikoa babestu eta hura eraikitzeko materiala eta teknologia emango dituenak; Samira Aït-Mehdi arkitektoak, Bordeleko École d'architecture et de paysage eskolako arkitektoak; eta Clara Hurtado arkitektoak, Habic klusterrekoa.

Bigarren saria eta accesita

Epaimahaiak bigarren saria, 1.000 eurokoa, 'Zarcillo' proposamenari ematea erabaki du, Madriletik etorria eta Jesús San Vicentek, Franca Colmenarezek eta María Galánek sortua. 3Dn inprimatutako pieza bakarra da, itxuraz konplexua den eraikuntza, biraketa-eragiketa bakar batekin algoritmikoki sortutako geometria duena. Epaimahaiak "bere hurbilketa modular eta jasangarria" baloratu du,"deialdiaren iraunkortasun eta ekonomia zirkularreko helburuei erantzuten baitie. Gainera, beste testuinguru batzuetan desmuntatua eta berrerabilia izateko duen gaitasuna nabarmentzen du".

Gainera, accesit bat eman zaio Óscar Cruz García eta Paula Moraga Santanoren (Madril) ‘La utopía ya existe’ proposamenari, "ausardia formalagatik eta lurraldearen eta ondarearen irakurketa berritzaileagatik. Elementu historikoak 'Gazteluak airean’ bezala berrinterpretatzeko eta etorkizunerako ikuspegi utopiko bihurtzeko ideia sakon lotzen da Bienalaren leloarekin”. 

Proposamenak Oriamendi mendiaren berrinterpretazio garaikidea proposatzen du, bere forma alderantzikatuz hirira itzultzeko, naturaren, ondarearen eta etorkizunaren arteko elkarrizketaren sinbolo gisa. Epaimahaiak bereziki nabarmendu zuen bere indar estetikoa eta lurraldearen eraldaketaren inguruan eztabaidak sortzeko duen gaitasuna.

Gurutzatutako proposamenak: utopiari buruzko elkarrizketa

Bilbon, ‘Etxenoi’ proposamena Emakumeen plazan kokatuko da, eta, material berrerabilien bidez, arkitektura berrinterpretatzea proposatuko du, erantzukizun kolektiboko jarduera gisa. 

Gasteizen, horma batek Andre Maria Zuriaren plaza zatituko du 'Utopía: prohibido el paso' proposamenaren bidez, mugak zalantzan jarriko dituena eta herritarren parte-hartzea bultzatuko duena.

Proposamen guztiak elkarrekin lotzen dira eta utopiari buruzko elkarrizketa eraikitzen dute. Donostian saritutakoek espazio publikoa agertoki bihurtzen dute, non oroimenak, berrikuntzak eta parte-hartze sozialak bat egiten duten topaketa esanguratsuak eta hausnarketa partekatuak sortzeko. Ikuspegi hori bat dator Bilbokoarekin, hiri-paisaiaren berroneratze iraunkorraren bidez etorkizunera begiratzen baitu; eta Gasteizkoarekin, zeinak arkitektura iragankorra erabiltzen baitu espazio publikoan adierazpen kritikorako tresna gisa. Elkarrekin, hiru hiriek narrazio-zirkulu bat osatzen dute, non iraunkortasuna, memoria eta adierazpen kolektiboa konbinatzen diren utopia posibleen dimentsio anitzeko ikuspegia eraikitzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara