Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Sestao Berrik ‘etxebizitza produktiboaren’ gaia jorratzen du ekitaldiz, hitzaldiz eta tailerrez beteriko lau jardunalditan

  • Gaur hasi da mintegia Bilbon. Egun osoan zehar jarraituko du eta ostiralera arte egongo da Sestaon.
  • ‘Etxebizitza produktiboari begiradak’ izenburupean, hainbat ikuspuntutatik jorratuko da gaia: hiria eta natura, eta eraikitakoaren eta etxekoaren inguruan esku hartzea.
  • Sestao Berrirekin batera, Sestaoko Udalak, AVS Kudeatzaile Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dute ekitaldia, Mugak/ Bienalaren barruan.

Mintegi batek etxebizitza produktiboaren kontzeptua lantzeko jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak izango ditu aste honetan Bilbon eta Sestaon. Mintegia Sestao Berrik, Sestaoko Udalak, AVS Kudeatzaile Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute, azaroaren 16, 17, 18 eta 19an, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan. ‘Etxebizitza produktiboari begiradak’ izenburupean, hainbat jarduera antolatu dira, hala nola eztabaida parte-hartzaileak, lan-tailerrak, erakusketak, bisita gidatuak eta paraleloan egindako beste jarduera batzuk. 

Gai nagusia etxebizitza eta hirigintza-birgaitzea dira, eta ikuspegi oso desberdinetatik landuko da. Zehazki, gaur, hiriaren, naturaren eta paisaiaren berreskurapenaren kontzeptuari buruzko hurbilketa bat egin da, Bilboko Bizkaia Aretoan egin den aurkezpen instituzionalaren ondoren. Bertan izan dira Pedro Jauregui Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordea, Enrique Bueso AVSko kudeatzailea eta aholkulari juridikoa, Ainhoa Basabe Sestaoko alkatea, Beatriz Zabalondo EHUko Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendaria, Asier Benavides Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) Bizkaiko ordezkaritzako presidentea eta José Ángel Medina Mugak/ Bienalaren komisarioa. 

Aurkezpenaren ondoren, etxebizitza produktiboaren kontzeptuari buruzko lehen hitzaldiak hasi dira, hainbat ikuspuntutik eta mahai-inguru baten bidez jorratuta. Amaieran, bertaratutako pertsonek Juan Daniel Fullaondo arkitektoari buruzko erakusketa bisitatuko dute, EHAEOren Bizkaiko ordezkaritzan, eta, ondoren, itsasontziz egingo dute bidea itsasadarrean barrena, Bilbotik Sestaoraino. Bertan, Musika Eskolan, arratsaldez jarraituko dute saioekin, errehabilitazio-bulegoei buruzko hausnarketa-tailer batekin eta bizi-ziklo gisa eta paisaia berreskuratzeko euskarriari buruzko solasaldi batekin, Miriam García García eta Juan Roig-en eskutik.

Azaroaren 17an, asteazkena, eraikitakoan esku hartzea izango da jardunaldiaren ardatza eta Sestaon soilik egingo da. Bertan, Europako funtsez, hiri-birgaitze eta -berroneratze integraturako planak eta hiri-agenda egiteaz eta birgaitze-politiken jarraipenaz eta ebaluazioaz hitz egingo da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jauregui edo Sestao Berriko zuzendari kudeatzaile Luiskar Delgado bezalako gonbidatuekin. ‘Errehabilitazioaren aldeko Aliantza, inor atzean utzi gabe’ ere aurkeztuko da, eta birgaitzearen finantzaketa-tresnak jorratzeko mahai-inguru bat egingo da. Arratsaldean, AVSren 3R Taldearen jarduerak aurkeztuko dira eta ‘Hirian espazioak elkarrekin sortzeko tresnak’ eta ‘Auzoak eraberritu, etxe bat baino gehiago’ gaiari buruzko eztabaidak izango dira, Izaskun Chinchilla edo Carlos Gor bezalako hizlari nabarmenekin.

‘Etxekoa’ izenarekin, azaroaren 18an, osteguna, Sestaon bertan jarraituko du zikloak, Javier Puertas Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko presidentearen eskutik, ‘Langileen etxebizitza proiektua’ hitzaldiarekin, eta Tipi tailerraren lan-prozesuaren aurkezpenarekin: ‘Etorkizunean bizitzea: Imajinatu etxebizitza (re)produktiboa’. Beste hiru hitzaldik eta mahai-inguru batek osatuko dute eguneko egitaraua, besteak beste Bonell Doriga, Bet Capdeferro eta Husos Plataformarekin. Azken hau, aldi berean, aire zabaleko herri zine saio batekin osatuko da Hiru Kontzejuen Plazan, non ‘Lan Festival Audiovisual Obrero’ jaialdiko film sorta bat proiektatuko den.

Azken jardunaldia online egingo da azaroaren 19an, ostirala. Bertan, zikloaren balantzea egingo da eta ondorioak aurkeztuko dira. Itxiera-saioan ‘New Bauhaus, erabilgarria ederra egitea’ hitzaldia emango da, Iñaqui Carnicero Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Hiri Agendaren eta Arkitekturaren zuzendari nagusiaren eskutik.?



Egitaraua prestatzen ari gara