Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse Mugak/ Bienalera datoz bioaniztasuna defendatzera: “babesteko betebeharra dugun sormen tresna indartsua da

  • Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse Mugak/ Bienalera datoz bihar bioaniztasuna defendatzera: “babesteko betebeharra dugun sormen tresna indartsua da”
  • Peruko arkitektoek ostegunean 18.30tan Euskadiko Arkitektura Institutuan “krisialdi etengabearen” aurrean tokiko elementuak eta ingurunea berebiziko garrantzia dutela aipatuko dute
  • Barclayk Women in Architecture 2018 saria jaso du

Ostegun honetan, urriaren 17an, Donostian kokatuta dagoen Euskadiko Arkitektura Institutuan 18.30tan Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hitzaldi garrantzitsuenetako bat ospatuko da, Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse arkitektoen eskutik, Habic Klusterraren bidez. “Bioaniztasuna sormen tresna garrantzitsua” dela defendatuko dute ‘Bestelako tropiko batzuk’ dohako hitzaldian.

Haien estudioak bioaniztasunarekin lotura handia duen proiektu bat irabazi berri dute Perun: “Arkitekturak erantzun egokia eman behar dio bioaniztasunari, ez da soilik sormen tresna gisa erabiltzea, arkitektoek betebeharra daukagu hura babesteko eta bultzatzeko”. 

Barclayk eta Croussek argi daukate Perun eta bestelako herrialdetan dagoen “etengabeko krisialdiaren aurrean”, ezinbestekoa dela ingurunean dauden elementuak erabiltzea errealitate berriak sortzeko: “Frantzian 16 urtez lan egin eta gero, Perura bueltatu ginenean, konturatu ginen klima eta baldintzak oso bereziak zirela eta tokian dagoenarekin lan egin behar genuela ikusi genuen: tokiko teknologia, tokiko langileak… Gaston Acurio bezalako sukaldarien bidea egin genuen, haiek gu bezala Perutik Europara mugitu ziren, baina etxera bueltatzerakoan begiak ireki zituzten eta tokiko osagai baztertu eta ahaztuekin lanean hasi ziren oso sukaldaritza desberdin bat garatzeko, betiko sukaldaritzaz harago”.

Ingurunea errespetatzeak “ez digu askatasuna mozten, bide berriak irekitzen dizkigun zerbait da galdera berriak sorrarazten dizkigulako eta galdera horien atzetik ideia berriak hazten direlako”. “Garrantzitsua da nork bere buruari galdetzea toki bateko arkitekturaren zentzuari buruz, bertan dauden pertsonekin, bertako medioekin; guk beti lan egin izan dugu tokiko materialekin, ez dira betiko materialak, baina karbono-oinatza baxua bermatzen dute”.

Ikuspegi hau ez da, arkitekto hauen aburuz, soilik erabilgarria Perun, munduko beste herrialdeetara erraz erabili daitekelako: “Herrialde guztiek berezitasunak dauzkate eta gure ustez hau da jarraitu behar den bidea; beste modu batean, diruaz eta araubideaz gidatutako arkitektura sortuko genuke soil-soilik”. “Modu honetan lan egitea eta pentsatzea, tokian-tokiko erronkei erantzunak ematea, mundu mailako arkitekturari ekarpenak egiten dio”.

Hitzaldi honekin eta astelehenean ospatu zen Emiliano Lopezenarekin, Mugak/ hasiera eman die aurtengo edizioaren hitzaldiei. Bigarren edizioko gonbidatuak hurrengo asteetan zehar hurbilduko dira Euskadira, Álvaro Siza (urriak 31) eta Rafael Moneo (azaroak 28) bezalako izenekin.  

Aurten, Latindar Amerikako bi emakume arkitekto ospetsuak izango dira Bienalean. Barclay lehenengoa izango da eta hurrengo asteazkenean (urriak 23) Tatiana Bilbao mexikarra hurbilduko da Donostiara, ‘Teilapetik etxebizitzara’ hitzaldiarekin Habic Klusterraren eskutik.

Sandra Barclayren inguruan

Ricardo Palma Unibertsitatean (Lima, 1990) eta Paris Belleville Arkitektura Eskolan (Frantzia, 1994) ikasi zuen arkitektura eta, horren ondoren, 2013an, Paisaia eta Lurraldea masterra egin zuen Diego Portales Unibertsitatean. 2006. urteaz geroztik, irakasle laguntzailea da Peruko Unibertsitate Katolikoan, eta aurten bertan, 2019an, irakasle bisitaria izan da Estatu Batuetan, Yale Unibertsitatean. 2018ko Women in Architecture saria eman zioten Londresko Architectural Review eta Architect’s Journal aldizkariek. Veneziako 15. Bienalean, Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuten berak eta Jean Pierre Croussek Our Amazon Frontline Peruren Pabiloian egindako komisario-lanarengatik. Fulbright fundazioaren beka bat ere jaso zuen, eta American Institute of Architects elkarteko ohorezko kidea eta Frantziako Arkitektura Akademiako kide atzerritarra da.

Jean Pierre Crousseren  inguruan

Ricardo Palma Unibertsitatean (Lima, 1987) eta Milango Unibertsitate Politeknikoan (Italia, 1989) ikasi zuen arkitektura eta, horren ondoren, 2013an, Paisaia eta Lurraldea masterra egin zuen Diego Portales Unibertsitatean. Peruko Unibertsitate Katolikoko Arkitektura eta Proiektu Prozesuen Masterreko zuzendaria da. Irakasle bisitaria izan da Harvard Unibertsitateko GSD-n (2015) eta Yale Unibertsitatean (2019). Paris-Belleville Arkitektura irakaslea izan zen 1999tik 2006ra bitartean. Veneziako 15.Bienalean, Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuten berak eta Sandra Barclayk Our Amazon Frontline Peruren Pabiloian egindako komisario-lanarengatik. 2016an, Mies Crown Hall Americas saria eman zuen epaimahaiko kidea izan zen, eta 2019an berriz, Iberoamerikako XI Bienalekoa. Frantziako Arkitektura Akademiako kide atzerritarra da.

Habic klusterraren inguruan

Habic hornikuntzaren, altzarien eta diseinuaren Euskadiko klusterra da. Bere gain elkartzen ditu eraikinak hornitzeko lan egiten duten enpresa nagusiak. Habic diseinuaren arloko tokiko enpresen lehiakortasuna bultzatzea du helburu, erabiltzaileentza balio berriak sortzen dituen ekintzekin eta abantaila lehiakor eta iraunkorrekin, berrikuntza eta enpresen eraldaketa pizten kolaborazioaren eta partekatutako ezagueraren bidez.

Mugak/ Bienalaren inguruan

Mugak/, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala, bere bigarren edizioa ospatzen ari da aurten, ehun bat ekintzekin arkitektura gizarteari hurbiltzeko eta diziplina hau beste diziplina desberdinekin harremanetan jartzeko grinarekin. Bere helburua da bidegurutze batean bilakatzea, topagune anitza elkarrizketa, solasaldia eta hausnarketa pizteko. Mugak/ estrategia berriak mahai gainean jarri nahi ditu erantzunen bila, gizarte etikoago, justuago eta orekatuago baterako muga berriak definitzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara