Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Saguesek TAC! Jaialdiaren pabiloia hartuko du, larrialdi klimatikoak dituen erronkei buruzkoa, Mugak/ biurtekoaren esparruan

Argazkia: Mikel Blasco

  • Donostia, Valentziarekin batera, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) eta Arquia Fundazioak bultzatutako jaialdiaren egoitza da 2023an
  • Jaialdia Donostian izango da urriaren 10etik azaroaren 16ra bitartean, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren aurreko jardueren esparruan
  • Pabiloia eraikitzeko ideien lehiaketaren deialdia arkitekturako profesional gazteei zuzenduta dago eta maiatzaren 12ra arte zabalik dago

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA), Arquia Fundazioarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, Habicekin batera, arkitekturako profesionalentzako deialdia aurkeztu dute gaur goizean, aldi baterako pabiloia diseinatzeko. Pabiloi horretan TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren Festibalaren bigarren edizioa ospatuko da. Aurten Donostia aukeratu dute jaialdiaren bi egoitzetako bat izateko, Valentziarekin batera, Espainiako arkitektura gaztearen talentua erakusteko. Saguesen izango den pabiloia diseinatzeko lehiaketa maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik.

“Erakundeen eta profesionalen arteko sareak ehuntzea da TAC!-ren helburu nagusietako bat. Horregatik, uste dugu hiri askok jaialdiarekin bat egiten jarraituko dutela datozen urteetan, eta, horrela, praktika eredugarriak ikasteko sare bat sortuko dela”, aipatu du Iñaqui Carnicero Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusiak eta ekimenaren sustatzaileak aurkezpenean.

Pablo García Astrainek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak, nabarmendu du “arkitekturako profesionalen belaunaldi berriek zeresan handia dutela klima-aldaketaren erronkari arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik aurre egiteko moduari buruz. Horregatik, aipatzekoa da TAC! Jaialdiak eta Mugak/ Bienalak bat egin dutela beren lana ikusarazteko eta klima-larrialdiaren garrantziari buruzko eztabaida batean ahotsa emateko”.

Nuria Matarredona Hiri Agenda eta Arkitekturako (MITMA) zuzendari nagusiak nabarmendu nahi izan zuen “pabiloia hiriaren arkitekturaren eta jasangarritasunaren inguruko gogoeta-foro gisa erabili nahi duela, eta pizgarri bihurtu nahi duela, arkitekturak eta kulturak gizarte-erronka handietako batzuk konpontzen lagun diezagukeela erakusteko”.

Hitzordua urriaren 10etik azaroaren 16ra bitartean izango da hirian, eta hainbat kultur jarduera izango dira pabiloian, hiria espazio publikoan berrikuntza eta esperimentaziorako gune bilakatzeko. Aurten, arkitekturak egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan hiri-inguruneak aurre egin beharreko erronketan duen paperari buruzko hausnarketa izango da ardatz nagusia.

Javier Peña jaialdiaren zuzendari artistikoak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da TAC! bezalako proiektuak egotea, hiri-ingurunea diseinatzeko modu berriak aztertzeko aukera ematen digutenak. Are gehiago Donostian eta Saguesen bezalako leku batean, aukeraz betetako muga den espazio publiko batean. Zehaztugabetasun hori da, hain une garrantzitsuan, arkitekturaren, berrikuntzaren eta klima-kontzientziaren bidez lantzea proposatzen duguna”.

Donostia, iraunkortasunaren ikuspegitik diseinatzea

Klima-aldaketak ezarritako premiazko testuinguruan, Donostiak Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren ediziorako zehaztutako gaia aztertzea proposatzen du: berreraiki, berpiztu, berrasmatu. Hori guztia erakundeen, enpresen, instituzioen, kolektiboen, arkitektura-estudioen eta talentu berrien emergentziaren erdian, espazioen diseinua iraunkortasunaren, inklusibitatearen eta ingurumenaren zaintzaren ikuspegitik ulertzeko beharra planteatzen baitute.

Pabiloia Sagueseko zabalgunean kokatuko da, hiriaren eta naturaren artean, itsasoa, mendia eta hiria elkartzen diren lekuan, malkartsuaren edertasuna eta gogortasuna azaleratzen diren topografian. Pasealekuan zehar hiriarekin lotzen den itsas fronte baten amaiera da, amaitu gabeko toki batean, tokiko nortasun sendoarekin. Topaleku berezia da, non familiak, surf edo skate zaleak eta ibiltariak elkarrekin bizi diren eta eguzkiaz eta itsasoaz gozatzen duten.

María Arana Mugak/en aurtengo edizioaren komisarioak azpimarratu duenez, “arkitektura ospatzeko kalea ospatu behar dugu. Pabiloiek ekonomia zirkularraren printzipioen arabera berrerabiltzeko eta eraldatzeko pentsatutako arkitektura bati buruz hausnartzeko gonbidapena izan nahi dute, testuinguru edo behar askotara egokitua. Arkitektura zirkular, multifuntzional, malgu eta itzulgarria bilatzen dugu, ziurgabetasun eta aldaketa iraunkorren testuinguru honetan erantzun anitzak emateko balioko duena”.

Pabiloiak diseinatzeko deialdia eta epaimahaia 

Pabiloia 45 urte arteko arkitekturako profesionalei zuzendutako deialdi baten bidez aukeratuko da. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Hiri Agenda eta Etxebizitzako Idazkaritza Nagusiak, Arquia Fundazioarekin lankidetzan, Valentziako eta Donostiako pabiloiak diseinatzeko ideien lehiaketa honetarako deialdia egin du.

Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, irabazleek 12.000 €-ko saria jasoko dute, eta proiektua gauzatzeko gehienez 90.000 €-ko aurrekontua izango dute. Aurrekontu hori handitu ahal izango da babesletza-ekarpenekin. Bigarren eta hirugarren sariak ere egongo dira, 3.000 €eta 2.000 €, hurrenez hurren.

Parte hartzaileek deialdiaren oinarrietara jo ahal izango dute jaialdiaren webgunean eta euren proiektua helaraz dezakete maiatzaren 12ra arte web formularioaren bidez. Lehiaketan epaimahai espezializatu bat egongo da, Festibalaren edizio hau osatzen duten erakundeetako ordezkariek osatua. Epaimahai honek bi proiektu irabazleak aukeratuko ditu, bi finalista egoitza bakoitzerako sari ekonomikoarekin eta hiru aipamen.

TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiari buruz

TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdia Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda eta Etxebizitzako Idazkaritza Nagusiak abian jarritako ekimena da, Arquia Fundazioarekin lankidetzan. Arkitekto gazteei zuzenduta dago eta urteroko bokazioarekin jaio da.

Jaialdiaren helburua arkitektura garaikidea eta gazteen praktika hiriari eta sozialari buruzko gogoetarekin lotzea da, aldi baterako pabiloi bat eraikiz. Edizio bakoitzak bi deialdi ditu: TAC! Hiria izateko deialdia eta aldi baterako pabiloia sortzeko ideien lehiaketa.

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalari buruz

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Biurtekoak laugarren edizioa du 2023an, eta Arku Atlantikoko arkitektura-hitzordu nagusietako bat da. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatu du, eta aurten espazio irekia izateko ahaleginean sakonduko du, hainbat eragileren arteko lankidetzaren emaitza baita, herritarrekiko topagune bihurtzeko, arkitekturaren garrantzia balioesteko, bizitzeko ingurunearen kalitatea egituratzen duen elementu gisa.

Aurtengo edizioan, Mugak/ek berreraiki, berpiztu, berrasmatu leloa du ardatz. Horrela, Bienala herritarrei eta hiri-bizitzan parte hartzen duten eragile guztiei irekitako kultura-azpiegitura gisa planteatzen da, mundu osoan gertatzen ari diren eztabaidekin bat egiten duten elkarrizketak eta hausnarketak sortzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara