Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Prof Lesley Lokko OBE izango da gonbidatu nagusietako bat 2025eko Mugak/ Bienalean

  • Arkitekto, irakasle eta aktibista ghanar-eskoziarrak, edizio honetako erakusketa nagusian parte hartzeaz gain, Bienala irekiko du inaugurazio-hitzaldi batekin Donostiako Kursaalean. 
  • Aurten, Mugak/ Bienalaren erakusketa nagusia nazioarteko profesional ezberdinen lanen emaitza izango da, arkitekturatik pentsamendu utopikoa jorratuko dutenak. Eutopiak, Outopiak izango da bere izenburua.
  • Mugak/ 2025 urriaren 9an hasiko da eta bere programa Euskadiko hiru lurralde historikoetan zehar zabalduko du, espazio publikoan arkitektura iragankorrak, erakusketak, tailerrak, bisitak eta jarduera ugari eskainiz.

 

2025|07|17
Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak 2025eko edizioko izen handietako bat badu jada: Lesley Lokko arkitekto, irakasle eta aktibista ghanar-eskoziarra da, hitzordu arkitektonikoa Donostiako Kursaalean inaugurazio-hitzaldi batekin irekiko duena.
Honela, Mugak/ Bienalak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ekimenak, aurreko edizioetan hasi zuen nazioarteko begiraden aldeko apustua berresten du. Izan ere, dagoeneko izen ezagunek parte hartu dute hitzordu honetan, besteak beste, Wang Shu, Álvaro Siza, Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal bezalako Pritzker sariaren irabazleek.
María Arana komisarioaren hitzetan, Lesley Lokkok, gainera, "arkitekturak eraldaketa sozialean duen zereginari buruzko eztabaida aberasten duen eta Mugak/ Bienalaren izaera ireki, kritiko eta plurala indartzen duen dimentsio feminista" gehitzen du.
Lokkok Graduate School of Architecture sortu zuen Johannesburgon, Hegoafrikan (2015), eta African Futures Institute (AFI) Acran, Ghanan (2021). Erakunde horietatik, Afrikako kontinentean diseinuaren eta arkitekturaren irakaskuntzan eraldaketa sakona sustatu du. AFIk, bereziki, zalantzan jarri du Afrikaren erabilera historikoa mendebaldeko proiekzio utopikoko lurralde gisa.
2023ko Veneziako Biurtekoaren komisariotzan, Lokkok proposatu zuen Afrika pentsamendu- eta sormen-motor global gisa kokatzea, logika kolonial tradizionalak irauliz. 2024an, Royal Institute of British Architects-eko (RIBA) Royal Gold Medal saria jaso zuen lehen emakume afrikarra izan zen. Gainera, eskolak eta hitzaldiak eman ditu Afrika, Europa eta Amerikako unibertsitateetan, eta arkitekturari eta hirigintzari buruzko eztabaida garaikidean eragin handienetakotzat jotzen da.
Gainera, aste honetan bertan Arkitekturan Honoris Causa doktore izendatu du Edinburgoko Unibertsitateak, arkitekturaren alorrean egindako ekarpen bikainaren aitorpena.
Eutopiak, Outopiak; erakusketa korala
Bienalaren inaugurazio-hitzaldiaren protagonista izateaz gain, datorren urriaren 9an Donostiako Kursaalean, Lokko bosgarren edizio honetako erakusketa nagusia sinatuko duten egileetako bat ere izango da. Eutopiak, Outopiak izenpean, aurten ere erakusketa korala izango da, eta Euskadiko Arkitektura Institutua izango du egoitza tradizionala.
"Erakusketa Lewis Mumford historialari eta hirigilearen Utopien Historia lanean oinarritzen da. Bertan, egileak pentsamendu utopikoaren balantze kritikoa eskaintzen du, bere ekarpen positiboak zein bere ahuleziak eta karga negatiboak ebaluatuz, eta etorkizun hobe baten bilaketan izan dezakeen eraginari buruz hausnartzen du. Mumfordek pentsamendu utopikoa ulertzeko bi modu bereizten ditu: bat ihes egitera bideratua —ihes egiteko utopiak deiturikoak— eta bestea berreraikuntzara bideratua", azaldu du María Aranak.
Eutopiak, Outopiak erakusketak, bere talde-bokazioarekin, arkitekturako eta arteko figurak utopia bere obraren bidez irudikatzera deitzen ditu. Lokkori beste zortzi pertsona eta erakunde gehituko zaizkio, gehienak nazioartekoak eta aintzatespen handikoak. Horrela, erakusketa nagusiak ‘Gazteluak airean, edo nola eraiki gaur egungo utopia’ goiburuarekin bat egingo du, eta pentsamendu utopikoari arkitekturatik heltzeko modu desberdinak erakutsiko ditu.
Mugak/ 2025en programa osorik aurkeztuko da uda ostean, eta Euskadiko hiru lurralde historikoetan zehar hedatuko da. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko plaza enblematikoak beteko dituzten hiru arkitektura iragankorrez gain, Bienalak erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak eta kultur proposamen ugari hurbilduko dizkie herritarrei, eta publiko guztia arkitekturaz gozatzera gonbidatuko du.

 

Festus Jackson-Davis @fjackson_davis.



Egitaraua prestatzen ari gara