Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Bienala pabilioiaren inaugurazioarekin hasi da Donostian

  • ‘Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino’ izenarekin, Izaskun Chinchilla Architects-en proposamena Alderdi Eder zabaltegian egongo da azaroaren 9ra arte.
  • Pabilioia izango da aurten Donostian Mugak/ Bienalak izango duen lokalizazioetako bat, nahiz eta hainbat proposamen egon hiri osoan zehar; autobusetako markesinetatik, ‘Ucronías de San Sebastián’ erakusketarekin, Iesu elizaraino, ‘HAUSTURAK’ ikus-entzunezko instalazio murgiltzailearen eszenatoki izango dena. 
  • Bosgarren edizio honetako hitzordu nabarmenetako bat Sir Peter Cook arkitekto ingeles nabarmenarekin egongo den elkarrizketa da, azaroaren 22an Antzoki Zaharrean.

2025|10|10

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak irekiera eman dio gaur Donostiako pabilioiari, Alderdi Eder zabaltegian kokatuta dagoena, horrela bosgarren edizioari sarrera emanez. Arku Atlantikoaren hitzordu arkitektoniko nagusia, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta, atzo hasi zen erakusketa nagusiaren aurkezpenarekin eta Kursaalen izan zen Lesley Lokko OBE katedradunaren irekiera-hitzaldiarekin.

Izaskun Chinchilla Architects-en proposamenaren izena ‘Levedad y denuncia. El bordado como utopía en femenino’ da, eta zaintzatik, arlo kolektibotik eta artisautzatik utopia berrirakurtzen du. “Crafvismoan” (artisautzan oinarritzen den aktibismo modu bat, antikapitalismoa, ekologismoa edo feminismoa bezalako alderdiak aldarrikatzen dituena) eta euskal tradizioan oinarrituta, instalazioak 3D inprimaketa eta brodatua uztartzen ditu aktibismoaren eta memoriaren hizkuntza bezala. Eraikitzeko material birziklatuak erabili ditu, itsasontzi-belak eta itsasotik berreskuratutako plastikoak, adibidez.

Egiturak euskal lurraldeko sinboloak omentzen ditu, hala nola Gerkikako Arbola, ‘kaiku’ jakak edo Kontxako baranda, eta herritarren ametsak jasotzen dituzten bastidoreak eta turistifikazioari, etxebizitzari, desberdintasunari edo biodibertsitatearen galerari buruzko salaketak bultzatzen ditu. Espazio ireki eta malgu gisa sortua, pabilioiak elkarrekin brodatzera eta jarduera kolektiboak egitera gonbidatzen gaitu, eta brodatzea narratzea eta eraldatzea ere badela gogorarazten digu. Horrela, instalazioak eskuzko lanaren eta parte hartzearen balio politikoa aldarrikatzen du, diskurtso bertikalen eta irtenbide teknokratikoen aurrean.

Gaur arratsaldean, mahai-inguru batean bilduko dira Izaskun Chinchilla, ONSITE Mugak/ deialdian Jesús San Vicente (Equipo 01) bigarren saritua, eta Oscar Cruz (Cruz Atelier), accésit-a lortu zuena. Euskadiko hiru hiriburuetarako arkitektura iragankorrak hautatzeko helburua izan zuen deialdiak. Elkarrizketa arkitekturaren utopiaren kontzeptuaren inguruan egingo da, Bienalaren bosgarren edizio honetako ardatz tematikoa, eta hizlariek beren hausnarketak eta sorkuntza-prozesuak partekatzeko aukera izango dute. Mahaingurua Juan Francisco Fuentes-Lojo arkitekto eta Diariodesign aldizkariaren zuzendariak moderatuko du. 

Pabilioiko jarduerek asteburuan zehar jarraituko dute ‘Dream Embroidery’ proposamenarekin, brodatze-tailer kolektibo batzuk, non hiriari, oroimenari eta utopiari buruzko ideiak bilduko dituzten piezak sortuko diren. Larunbatean lau txanda egongo dira eta lehen mailako gonbidatuak izango dituzte: Yolanda Andrés, Sarah Corbett, eta Chinchilla bera. Igandean, ‘jam session’ bat egongo da Maushaus eta A Secret Club-en eskutik, inprobisazio musikaleko topaketa informal bat, ekintza performatiko batez lagunduta, non familiak eta haurrak parte hartzera gonbidatzen diren. 

Sir Peter Cook, urriaren 22an Donostian

Sir Peter Cook arkitekto ospetsua Antzoki Zaharrean izango da urriaren 22an 19:00etan. Bertan, Sofia Lekka desingboom-eko erredaktore buruarekin hizketaldia izango du, Cook-en 89.urtebetetzean. Arkitektura irudimen eta eraldaketa espazio gisa birpentsatzera gonbidatuko gaitu. Bere hitzaldia edizio honen goiburupean kokatzen da eta zuzenean lotzen da bere ibilbidearekin, hiria bizitzeko eta ulertzeko modu berriak esploratzera eskainia. 

Sir Peter Cook (Essex, 1936), Archigram kolektiboaren sortzaileetako bat da, XX. mendeko erradikalismo arkitektonikoaren funtsezko figura. ‘Plug-In City’ edo ‘Filter City’ bezalako proposamen bisionarioekin (biak ‘Eu-topías, Ou-topías’ erakusketan aurkeztuak) hirigintzari, teknologiari eta hiri-bizitzari buruzko eztabaida eraldadu zuen. 

Egitarau zabala azaroaren 14ra arte

Publikoak dagoeneko goza dezakeen proposamen nabarmenetako bat Santos Bregañaren ‘Ucronías de San Sebastián’ da, Donostian gauzatu ez ziren arkitektura eta hirigintza proiektuak DBusen markesinetan erakusten dituena. Ideia horiek 1813koa bezalako eszenatokietan sortu ziren, hiria suntsituta zegoela, eta paperean geratu ziren. Nola izango litzateke Donostia plan hauek aurrera egin izan balute? Hainbat ‘postalek’ erakusten digute, Harkaitz Cano idazleak toki horietara garraiatu izan balu bezala idazten dituen testuekin batera. Larunbatetik aurrera gainera, “turismo arraroko” bisita gidatuak egongo dira, Euskadiko Arkitektura Institututik abiatuta. 

Urriaren 14an, Maushausek eta No Man’s Land Foundation-ek EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko (AGET) ikasleekin egingo duten  ‘Architecture without building’ tailerra jendeari irekitako instalazio bat emango du emaitza bezala, eta Alderdi Ederreko pabiloiaren ondoan kokatuko da. 16:00etatik aurrera ikusgai egongo da eta, 17:00etan Ion Munduate artistak performance bat egingo du tailerraren ondoriozko egitura interpretatzeko.

Aurtengo beste erakusketa batek urriaren 15ean irekiko ditu ateak, Easo kaleko suhiltzaileen parke zaharrean.  ‘Hurrengo Geltokia: Amara-Easo’  herritarrei etxebizitza babestuaren arloan hirian azken hamarkadetan egindako esku-hartze garrantzitsuenetako bat aurkezten zaie, ‘Playa de Vías’ operazioa. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aldaketa Puntuala idazteko lehiaketa pubikoan saritutako 5 proiektuak aurkezten ditu erakusketak. 

Egun berean, Lugadero diziplinaz gaindiko bulegoaren  ‘We make cities’ tailerrean prozesu kolektibo bat planteatuko da Euskadiko Arkitektura Institutuan, adimen artifizial sortzaileko tresnen erabilera kritiko eta sortzailearen bidez etorkizunak irudikatzeko. Emaitzako eszenak, prozesuan sortutako irudietan, kontakizunetan eta bisitaratzeetan landuak Bienalaren erakusketa nagusiaren parte izango dira. 

Hilaren 16an bi proposamen berri irekiko dira. Lehenengoa ‘Limina: Cosmopolitan Chicken Project 30’ da, Chillida Lekura ailegatuko dena Jon Garbizu eta Victoria Collar (Garbizu Collar Architecture) eta Gonzalo Peña Sancho (Kri arquitectura) komisarioekin. Koen Vanmechelen arte garaikideko artista ospetsuaren lanak erakutsiko ditu, artea, zientzia, natura eta gizartea nahasten dituen ikuspegi berritzaileagatik ezaguna. Erakusketak eskulturaren, arkitekturaren eta paisaiaren arteko topaketa planteatzen du, bizi garen lekuaren irakurketa berriak irekitzeko, eta museoa etorkizun posibleak aztertzeko espazio bihurtuko du. 

Arratsalde horretatik aurrera, Peña Ganchegui Sariaren euskal arkitektura gaztearen erakusketa ere zabalik egongo da. Euskadiko Arkitektura Institutuaren atarian instalatuta, erakusketak bere bosgarren edizioko bost hautagai finalisten lana erakusten du: AMA estudioa, Xabier Artola, Sara Enriquez (Lokuluxka estudiokoak), Borja Martinez (Interplay estudiokoa) eta Mikel Ortiz de Eribe (Eitzen estudiokoa). Epaimahaiaren erabakia arratsalde horretan bertan jakinaraziko da Institutuan egingo den gala batean.

Programazioa Chillida Lekura itzuliko da 26an, ‘Interspecies’ tailerrarekin. Tailer horrek Chillida Lekuko espezie autoktonoen esperientzia ez-humanoa dimentsio sentsorial batetik aztertzera gonbidatzen du publikoa. Baserriaren inguruan bizi diren izaki bizidunen elikadura-dietan oinarritutako grajeak sortuko dira eta, horiek digerituz, parte hartzaile bakoitza gonbidatuko da inguruan ibiltzera, tokiarekin esperimentatzera eta animaliarekin harreman bat bilatzera. 

'HAUSTURAK’ performance eta ikus-entzunezko instalazio baten bidez harrituko du publikoa azaroaren 6, 7 eta 8ko gauetan. Hiru emanaldi horietan Iesuko elizan murgiltze esperientzia honek arkitektura, arte bisuala, soinu sorkuntza eta dantza integratuko ditu. Lebbeus Woods arkitektoaren lanean oinarrituta, elizaren barrualdea, Rafael Moneok egina, etengabeko haustura eta konponketa-prozesuan dagoen egitura bihurtuko du. 

Donostian ere izango da aurtengo edizioaren amaiera, azaroaren 14ean. Amaierak mahai-inguru baten itxura hartuko du eta “zertarako balio du Bienal batek?” galdetuko du. Sortzen ari diren diskurtsoak ikusarazteko plataforma gisa ulertzen diren arkitekturako biurtekoei buruzko hauskarketa izango da. Gaur egun, kritikoaren eta ikusgarriaren, esperimentalaren eta instituzionalaren artean definitzeko erronkari aurre egin behar diote. Testuinguru honetan, komisario eta nazioarteko kultura-eragileek hitz egingo dute, arkitekturako biurtekoen zentzuari eta etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboa eginez: Eva Franch, Ethel Baraona, Iker Gil, Fabrizio Gallanti eta José Ángel Medina, Marta Rinconek moderatutako mahai batean. Topaketari amaiera emateko, performance musikal batek itxiko du Mugak/ 2025 Bienala. 

Jarduera horien guztien eta beste hainbaten xehetasunak kontsulta daitezke programan eta Mugak/ 2025 webgunean. Guztiak doakoan dira, baina batzuetan aldez aurretik izena eman behar da. 



Egitaraua prestatzen ari gara