Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Belaunaldiz-belaunaldiko etxebizitza erakusketak dei egiten die herritarrei etxebizitzak gaur egungo bizimodura ondo egokitzen ote diren hausnartzera

  • Erakusketa interaktiboa ostiral honetan inauguratu da Donostian, eta bertan parte hartu dute Eneko Goia Donostiako alkateak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak, eta Juana Otxoa-Errarte COAVN elkargoak Gipuzkoan duen ordezkaritzaren presidenteak.
  • Erakusketa, zurezko eraikin efimero baten barruan aurkeztua, Zuloaga plazan egongo da ikusgai urriaren 27ra arte, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren ekitaldien barruan.
  • Larunbatetik aurrera, erakusketan lantzen diren gaien osagarri modura, hainbat jarduera antolatu dira; besteak beste, elikadurari eta hiriari buruzko dokumental baten estreinaldia, eta lantegi eta hitzaldi ugari.

 

Donostia, 2019ko urriaren 18a

Nolakoa da gaur egungo gizartea? Zein dira gure premiak? Nolakoak dira gure etxebizitzak? Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren barruan, Belaunaldiz-belaunaldiko etxebizitza erakusketa interaktiboa inauguratu da gaur goizean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Gipuzkoan duen ordezkaritza eta Donostiako Udalak Donostia Lagunkoiren bitartez proposaturik. Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute  parte hartu dute Eneko Goia Donostiako alkateak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak, eta Juana Otxoa-Errarte COAVN elkargoak Gipuzkoan duen ordezkaritzaren presidenteak.

Herritarrek gaur egungo etxebizitza-ereduari buruz gogoeta egin dezaten lortzea da erakusketaren helburu nagusia; hots, gaur egungo etxebizitzak XXI. mendeko bizimodu eta premia berrietara ondo egokitzen diren hausnartzea. Horretarako, erakusketak jolas bat proposatzen die ikusleei, etxebizitza konbentzionalaren hesiak bota ditzaten eta pertsonok eta familiok, askotarikoak den-denok, behar dugun etxebizitza-eredua babestu dezagun. Erakusketa Donostiako Zuloaga plazan dago ikusgai, propio eraikitako zurezko eraikin baten barruan, eta urriaren 27ra arte egongo da zabalik.

Erakusketaren inauguraziora joandako guztiei ongietorria egin die Eneko Goia Donostiako alkateak. Donostiako Udaleko ordezkarien esanetan, “erakusketa honek aukera paregabea ematen du gaur egungo etxebizitzen inguruko eztabaida publikoa elikatzeko: gaur egungo etxebizitzak gai al dira, eta zenbateraino, pertsonek bizitzan zehar dituzten premiei aurre egiteko? Horixe da galdera. Gainera, etxebizitzen diseinuari dagokionez zer-nolako aldaketak egin beharko genituzkeen aztertzeko aukera ere ematen digu erakusketak, eta etxebizitzen eboluzio ezinbestekoan beharrezkoak diren mekanismoak esploratzekoa ere bai".

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren arabera, “gizartea etengabe aldatzen da, eta etxebizitzek ere malgutasunez egokitu behar dute haietan bizi diren pertsonen bizimodu-eredu eta harreman-mota berrietara. Botere publikoei dagokigu oinarrizko printzipio hori bermatzea, eta hain zuzen ere, Jaurlaritza horretantxe ari da, buru-belarri: Bizigarritasunari eta Etxebizitzen Diseinu Arauei buruzko Dekretua prestatzen”.

Azkenik, arkitekturak ate-joka zer-nolako erronka larriak dituen esplikatu du Juana Otxoa-Errartek, eta hori dela eta, etxebizitzen eta hirien eraldaketan arkitektura zein garrantzi handikoa den gogorarazi du: "Familiak, bizimoduak, premia berriak... Dena aldatzen da urteen joanean, eta gai izan behar dugu etxebizitzak bertan bizi diren pertsonen premietara egokitzeko". Horregatik, Belaunaldiz-belaunaldiko etxebizitza erakusketak etxebizitza-diseinu berritzaileenen eredu ugari jarriko ditu ikusgai, denak ere gizarteak ate-joka dituen erronkei ­(biztanleriaren zahartzea, familia-eredu berriak…) erantzutea helburu dutenak.

Erakusketan, besteak beste, EEEstudio eta Lys Villalbaren proiektu bat egongo da ikusgai: birziklatzeko materialekin eraberritutako etxola bat, haren elementuak beste era batera, modu urratzailean, berriz kokatuz landa-eremua bizigarri bihurtzen duena hiri-giroko etxebizitzetan bizitzera ohiturik dauen familientzat (Espainia hutsaren garaiotan, landa-eremua aintzat hartzea da proiektu honen asmoa).

Zenbait emakume profesionalek osaturik dago Col.lectiu Punt 6 diziplinarteko taldea, eta haiek proposatua da erakusketan ikusgai dagoen hurrengo proiektua, etxebizitza konbentzionalaz harago joatea helburu lukeen hirigintzaren eta zaintza-sareen arteko halako uztardura batean ardaztua, genero-berdintasuna eta gure zahar eta haurren zaintza bermatzeko. Ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna lortzea da proiektuaren helburua.  

SAAT arkitektura-enpresak Entrepatios Las Carolinas proiektua ekarriko digu Donostiara: Madrilen martxan jarritako ekimen erreal bat da proiektua, eta eraikin bateko bizilagunek lankidetzan eraikitako etxebizitzaren esperientzia du oinarri; bizilagunek hasiera-hasieratik heldu zioten etxebizitza diseinatzeko eta eraikitzeko lan guztien prestaketari: hasierako ideien konfigurazioa, gune komunen definizioa, etxebizitzak denboraren joanean nola eboluzionatu beharko lukeen erabakitzea…

Maio Architects estudioak ere denboraren joanari heltzen dio, eta Bartzelonako etxebizitza bat ohi ez bezala, modu diferentean, nola eratu duten erakutsiko digute. Etxebizitzak tamaina bereko hainbat gela ditu, baina bakoitza zertarako erabili ez da aurrez zehazten; erabilera familia bakoitzak definitu ahal izango du, haien behar eta errutinen arabera. Hori gutxi ez, eta denboraren joanean premiak aldatzen badira, bizilagunei beste gune batzuk erosteko aukera ere ematen zaie.

Lacol arkitektura-estudioak ere bere proiektuak ekarriko dizkigu: esate baterako, Bartzelonan herritarren parte-hartzearekin martxan jarritako etxebizitza kooperatiboen proiektua, elkarren babesean eta elkar laguntzan oinarritua, eta bizilagun izango direnei beren etxebizitzak diseinatzeko eta espazio publikoak kudeatzeko aukera ematen diena. Enorme Studio-ko lagunak ere etorriko dira, beren altzari malgu eta birakariak erakustera; familien barruan denborarekin gertatzen diren aldaketei aurrea hartzea dute helburu altzari-mota horiek, unean uneko premietara egokitzeko asmoz.

Erakusketak berak ate-joka ditugun desafio larriei erantzutea du helburu, tartean baita klima-aldaketak ekarriko dizkigun arazoei. Alde horretatik, Otxoa-Errartek esplikatu duenez, "ez da kasualitatea erakusketa zurezko egitura baten barruan aurkeztea: keinu bat egin nahi izan dugu nolabait, horrek material ekologikoen erabilera sustatzeko balio dezakeelakoan". Hori dela eta, Otxoa-Errartek esan du erakusketarako erabili diren material asko beste gauza batzuetarako berrerabiliko direla, eta horren asmoa ekonomia zirkularra bultzatzea dela.

Jarduera paraleloak

Belaunaldiz-belaunaldiko etxebizitza erakusketa hurrengo urriaren 27ra arte egongo da zabalik, Donostiako Zuloaga plazan. Erakusketarekin loturik, gainera, beste hainbat jarduera ere antolatu dira. Bihar, larunbata, urriak 20, arratsaldeko 18.30ean, Elikadurari eta hiriari buruz solasean dokumentalaren estreinako emanaldia ikusteko aukera egongo da Donostiako San Telmo museoan. Habitar taldearen dokumentalean, elikadurak gure hirien egiturarekin zeinen lotura estua duen erakusten da, eta gogoeta bat proposatzen da elikadura-modu berriek (eta are kozinatzeko edo ez kozinatzeko deliberoak) gure hirietan duten inpaktuaz; dokumentalaren arduradunek nabarmendu dutenez, “janaria, gaur egun, estu loturik dago hirigintzarekin eta gizalegearekin; eta estu loturik dago, ez bakarrik janaria produzitzeko, banatzeko eta saltzeko moduagatik: janariak gero eta presentzia handiagoa du espazio publikoan, eta horrek ondorio ugari eragiten ditu”.

Erakusketak irauten duen bitartean, hainbat lantegi egingo dira era askotako taldeekin, erakusketak bakoitzarengan utzitako arrastoa kontrastatu eta, ikuspegi guztiak esperimentazio-maketa batean uztarturik, horren bidez lortutako ezagutza berriei esker gai izan gaiten diseinu- eta, batez ere, arkitektura-baliabide berriak sortzeko, horrek guztiak gure gizarteak etxebizitzaren alorrean dituen erronka ugariei erantzuteko balio diezagun.

Horretaz gain, egunero, eguerdiko 12.45ean, erakusketa ikustera doazenek ohiko etxebizitzen ordezko mikropilula alternatiboak aurkituko dituzte; alegia, jada martxan jarrita dauden proiektuei buruzko aurkezpen labur-laburrak, etorkizuneko etxebizitzek nolakoak izan beharko luketen proposatzen dituztenak; hona hemen egitaraua: 

Urriak 20, igandea: Enrique Espinosa (EEEstudio +Lys Villalba)

Urriak 21, astelehena: Carles Baiges (Lacol Arquitectura)

Urriak 23, asteazkena: Alfredo Lérida (Maio Architects)

Urriak 24, osteguna: Fernando Campos, Elena Castillo, Iñaki Alonso, Marta Torralba (Satt Arquitectura)

Urriak 25, ostirala: Roser Casanovas eta Sara Ortiz (Col.lectiu Punt 6)

Zuloaga plazan ez ezik, eta betiere Mugak/ Bienalaren barruan, azaroaren 27tik hurrengo urteko otsailaren 29ra bitartean, Museum Cemento Rezolan ere egongo da Belaunaldiz belaunaldiko etxebizitza erakusketa ikusteko aukera.

Erakusketaren antolaketan, eragile hauek guztiek parte hartu dute:

Laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila; Gipuzkoako Foru Aldundia

Babesleak:  Egoin, Kursaal taldea, Niessen, Enedi taldea (UPV/EHU), Arima Hotela, Láser Audiovisuales, Morgan Crea, Q+D, Ondarreta, Katagraphic Rotulacion

Partaideak: Enorme; HABITAR / INHABITING', Grupo de Investigación UPC Barcelona, Lacol Arquitectura cooperativa, LyS Villaba, EEEstudio, sAtt: Arquitectura abierta; Co-lectiu Punt 6



Egitaraua prestatzen ari gara