Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Euskadiko Arkitektura Institutua zinema-areto bihurtuko da aste honetan

  • Galernak deitutako film laburren lehiaketa Kontzejuaren Aretoan izango da. Gune hori bereziki egokitu da ekimen horretarako, eta Mugak/ Bienaleko erakusketa berrietako bat ere izango da bertan.
  • Jaialdiak bere lehen edizioa ospatuko du, ‘atlantikoa’ gaian zentratuta, eta Europa osoko Arkitektura Eskoletako ikasleek egindako ikus-entzunezko piezak bilduko ditu.
  • Proiekzioen ondoren, Galernak ekitaldiak zinemari eta arkitekturari buruzko zenbait hitzaldi izango ditu, nazioarteko esperientziak bertatik bertara kontatuz, hala nola Sirian zinema bat eraikitzea edo Kroaziako gerraren ondoren espazio publikoak biziberritzea.
  • Donostiako Zinemaldiak Mugak/ekin bat egingo du lehen aldiz, zinemaldiei buruzko hitzaldi bat antolatuz. Veneziako, Berlingo, Vienako eta Canneseko ordezkariak bilduko dira ostegun honetan.

Arkitekturak eta zinemak bat egin dute berriro Euskadiko Arkitektura Institutuan. Aste honetan izango da, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan eta erakusketa bat, Galernak izeneko film laburren lehiaketa berri bat eta hainbat hitzaldi hartuko ditu bere baitan. EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatu dute programa, eta Donostiako Zinemaldiak ere parte hartu du. Azken horrek Bienalean parte hartzen duen lehen aldia da.

 

Gaur goizean aurkeztu da programa Euskadiko Arkitektura Institutuan (Donostiako Alde Zaharrean), eta hori bera izango da jarduera guztien erdigunea. Aurkezpenean parte hartu dute José Ángel Medina Mugak Bienaleko komisarioak; Izaskun Aseguinolaza EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko (ETSA) zuzendariordeak; Ekain Olaizola erakusketaren eta Galernaken komisarioak; eta Pablo La Parra, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Ikerkuntza Saileko koordinatzaile eta Donostiako Zinemaldiko Pentsamendu eta Eztabaida Arloaren koarduraduna.

Egitarau osoa hartzeko, Arkitektura Institutuko Kontzeju Aretoa zinema-areto bihurtuko da gaurtik aurrera. Izan ere, espazioa bereziki egokitu da Galernak film laburren emanaldirako. Gainerako egunetan, ETSAk EQZErekin elkarlanean antolatutako ‘Zinemaren arkitektura Donostian’ erakusketaren eszenatokia izango da.

125 urte ondoren, gaur egun zinema edozein lekutan ikus daiteke, eta espazio zinematografikoak krisian daudela dirudi. “Proiektu honen helburua da orain arte zinemak nolakoak izan diren aztertzea, arkitekturaren ikuspegitik birplanteatzeko. Tipologiari buruzko hausnarketa bat egitea, berriz ere topagune erakargarriak izan daitezen, publikoz bete daitezen”, azaldu du Ekain Olaizolak.

 

Erakusketa Donostiako zinema espazioen inguruko ibilbide historiko bat da. Amarako azoketan edo Boulevardeko kafetegietan instalatutako lehen zinematografoetatik hasi eta gaur egun eraikitzen ari diren multizine haundiekin amaituz, baita Arte Ederren Jauregia edo Astoria bezalako erreferenteetatik pasatuz ere. ETSAk eta EQZEk egindako ikerketa baten emaitza da, eta zinemak gaur egun behar dituen espazioei buruz hausnartzeko abiapuntua aurkezten du.

Hori guztia erakusketan egongo da ikusgai, bost mapa historikok osatutako atlas moduko batekin (1900, 1936, 1975, 2000 eta 2020), eta katalogo hori betetzen duten zinemen planoekin eta argazkiekin. 28 espazio sailkatu dira, zinemak diren eraikinetatik hasi eta hainbat erabilera dituzten beste eraikin batzuetara arte, Kursaal edo Antzoki Zaharra kasu. Espazio bakoitza kronologikoki antolatuta dago, eta aretoek urteetan izan duten bilakaera erakusten da. Informazio guztia, gainera, hiriaren maketa batean laburbiltzen da. Maketa horrek gaur egun aktibo dauden eta desagertu diren zinemak erakusten ditu. Gaur arratsaldeko 18:00etan erakusketaren inaugurazioa izango da, eta astebetez egongo da zabalik: gaurtik azaroaren 30era.

 

Mugak/-en testuinguruan, badator Galernak

Bienalean film laburren lehiaketa bat egingo da lehen aldiz. Galernak Atlantikoko Arkitektura Zinemaldia gaur bertan hasiko da, 19:00etan, ‘Zinemaren arkitektura Donostian’ erakusketaren inaugurazioaren ondoren. Areto bera zinema gisa egokitu da, aintzinako zinemen antzera feltrozko olanekin. Bertan, Europa osoko arkitektura-eskoletako ikasleek sortutako ikus-entzunezko piezak proiektatuko dira. ‘Atalantikoa’ gaian zentratuta, ikasleek eremu geografiko horri buruzko begirada arkitektonikoa islatu dute. Ostiralean, hilaren 26an, amaituko da festibala, sari banaketarekin.

Ordura arte, publikoak egitarau zabala izango du: film laburren proiekzioak 18:00etan izango dira, eta hitzaldiekin osatuko da 19: 00etan. Gaur arratsaldean, zehazki, inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Valentziako Arkitektura Eskolaren ‘La innovació dins de casa’ dokumentala estreinatuko da. Bihar, asteazkena, lehenengo lau film laburrak proiektatuko dira, eta, ondoren, esperientziak trukatzeko gune bat egongo da, bertatik bertara kontatutako nazioarteko esperientziekin. Sirian zinema bat eraikitzeko Berlingo eskola baten proiektua edo Kroaziako UNSEEN ekimena bezalako adibideak kontatuko dituzte. Azken ekimen horrek espazio publikoak biziberritzeko kultura-ekitaldiak sortu zituen, gerraren ondoren inbertitu ez zen sistema sozialistaren azpiegitura erabiliz. Lumiére anaiek zinemarako arkitekturara ireki zuten bideari buruzko hitzaldi bat ere izango da, Parisko Salon Indien du Grand Café aretoan publikoari irekitako lehen proiekzioaren ondoren.

Ostegunean, hilaren 25ean, hautatutako beste lau film labur proiektatuko dira, eta, ondoren, Venezia, Berlin, Viena eta Canneseko jaialdietako gonbidatuek zinemarako guneei eta hurrengo edizioetarako proiektuei buruzko berrikuntzak erakutsiko dituzte. Jardunaldi hau Donostiako Zinemaldiak antolatu du, EQZErekin batera, eta Mugak/en parte harzten duen lehen aldia izango da.

Galernak ostiralean, hilak 26, amaituko da. 18:00etan, Habic klusterraren ‘Diseinuaren artisauak’ dokumentala proiektatuko da. Bertan, 70eko eta 80ko hamarkadetan diseinuko altzariak Euskadiko industria-sektore berri bihurtu zituzten zortzi enpresaren hasiera kontatzen da. Ondoren, hiru sari banatuko dira: galernak Saria Film Labur Onenari, 2.500 €-koa; Mirada Galernak saria pieza arkitektoniko hoberenari, 1.000 €-koa; eta Publikoaren Galernak saria, bertaratuek bozketa bidez emana eta 500 €-koa.

 

Nazioarteko zinemaldiak Mugak/en

Ostegunean, hilak 25, Venezia, Berlin, Viena eta Canneseko ordezkariak bilduko dira Donostian. Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatutako topaketak zinemaldien dimentsio espaziala eta hiriarekin duten harremana aztertuko ditu, ‘Zinemaldiak eta hiri-eraldaketak’ deitua.

Horretarako, Arianna Laurenzi Veneziako Zinemaldiko Proiektu Berezien zuzendaria, Mariette Rissenbeek Berlingo Zinemaldiko zuzendari exekutiboa, Eva Sangiorgi Viennaleko zuzendari artistikoa eta Paolo Moretti Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldiko ordezkari nagusia izango dira. Pablo La Parra Pérez EQZEko Ikerketa saileko koordinatzaile eta ‘Zinemaldia 70: todas las historias posibles’ proiektuaren arduraduna izango da moderatzaile.

La Parrak nabarmendu duenez, “Pentsamendu eta Eztabaida sailetik, Zinemaldiak zinemaldien dimentsio urbanoari eta arkitektonikoari buruzko hausnarketa-ildo bat jarraitu nahi du, eta nazioarteko jaialdien zirkuituak dituen erronka handiei aurrea hartu”. Solasaldiak zinemaldietako hiri-historiak aztertuko ditu, krisi eta hiri-eraldaketa garaietara nola erantzun duten eta nola egokitu diren jakiteko. Jorratuko diren gaien artean, honako hauek daude: jaialdiek beren hiri-inguruneekin elkarreragiteko dituzten moduak, pandemiaren oraintsuko eta orainaldiko efektuak, edo zinema-jaialdiek beren hiri-inguruneetan areto komertzialen eta erakustokien desagerpenari nola aurre egiten dioten.

Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da. Zoom bidez izango da, eta, horretarako, beharrezkoa izango da bertaratuak beren telefono mugikorraren bidez sartzea eta entzungailuen bidez entzutea.

 



Egitaraua prestatzen ari gara