Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

‘Lost Forest’ proiektuak irabazi du Donostiako TAC! aldi baterako pabiloia diseinatzeko lehiaketa

  • Julia Ruiz-Cabello Subielak eta Santiago del Águilak osatutako Madrilgo arkitekto-taldearen proposamena Sagueseko zabalgunean eraikiko da, eta Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren programazioaren parte izango da.
  • Epaimahaiak nabarmendu du proiektuak gero eta handiagoa den arazo bati buruz egindako hausnarketa, hala nola baso-suteei eta haiek hiri-ingurunea eraldatzeko duten gaitasunari buruz, erronka klimatikoarekiko konpromisoaren bidez.
  • TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren bigarren edizioa, beste egoitza bat izango duena Valentzian, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) antolatu du, Arquia Fundazioarekin batera. Donostian, gainera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren, Mugak/ Bienalaren, Habic klusterraren eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren laguntzarekin garatuko da.

Donostiak badu pabiloia. TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiak Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago del Águila arkitekto madrildarren taldearen 'Lost Forest' aukeratu du hirian aldi baterako pabiloi bat diseinatzeko ideia-lehiaketa irabazi duen proiektu gisa. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda, Etxebizitza eta Arkitekturaren Idazkaritza Nagusiak, Arquia Fundazioarekin batera, antolatutako ekimen honek aurten Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren, Habic klusterraren eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren laguntza ere badu.

Pabiloi irabazlea Sagueseko zabalgunean kokatuko da urriaren 10etik azaroaren 13ra bitartean, eta Mugak/ Bienalaren laugarren edizioaren programazioaren parte izango da. Aurten, berreraiki, berpiztu, berrasmatu lelopean, arkitekturak krisi ekologiko, sanitario, ekonomiko eta sozial garai hauetan duen zeregina balioesteko helburua izango du.

Iñaqui Carniceroren, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusiaren, epaimahaiko burua izandakoaren, hitzetan, “TAC! -ren bigarren edizio honetan, aurkeztutako proposamenen maila bikainak eta kalitate handiak erakusten dute arkitektura oso lanbide beharrezkoa dela gure gizartean egungo erronka klimatiko, sanitario edo energetikoei erantzunak emateko”.

Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariaren arabera, “larrialdi klimatikoak guztioi interpelatzen gaitu. Pabiloi irabazleak forma ematen dio Mugak/ Bienalak planteatzen duen gaiari, arkitekturatik erronka horri aurre egiteko moduari eta hiria egiteko modu berrien bilaketari buruz”.

Pabilioia eraikitzeko zabalgune ospetsu honen aukeraketa bere konfigurazio beraren erantzuna da. Hiriaren eta naturaren arteko leku honetan, itsasoa, mendia eta hiria elkartzen dira, malkartsuaren edertasuna eta gogortasuna azaleratzen diren topografian. Pasealekuan zehar hiriarekin lotzen den itsas fronte baten amaiera da, amaitu gabeko toki batean, tokiko nortasun sendoarekin.

Proiektu irabazleari buruz

“Lost Forest” pabiloiak baso-suteen errealitatea hiri-ingurunera eraman eta herritarren arreta erakarri nahi du arazo horren aurrean.

Proposamena Urgull mendiaren morfologian oinarritzen da, hiriko eskulturaren eta birikaren sinboloan, eta horren aurrean erretako zuhaitz-enborrez osatutako izaera ikonikoko egitura altxatuko du. “Pabiloiak aldi berean aterpe eta kontenplazio espazioa da, Sagueseko zabalgunearen eskala handiarekin, hiriarekin, itsasoarekin eta mendiarekin elkarrizketan”, epaimahaiak nabarmendu duenez.

Egileek lehiaketara aurkeztutako proiektuaren memoriaren arabera: "Gure pabiloia igarobide eta kontenplazio lekutzat hartzen dugu, naturaren handikeriatik egindako zentzumen-ibilbidetzat. Hori, kiskalita egon arren, hausnarketarako guneak sortzen jarraitzen du".

Pabiloi honen bidez, suteen ondoren mendietan geratzen den egur horri lehentasunezko lekua eman nahi diote jendearen memorian. Eta basoen zaintza, mantentze eta kudeaketa jasangarriari buruzko kontzientzia ekologikoa erakusteko larrialdiaz ohartarazi nahi dute.

Donostiako pabiloiaz gain, TAC! 2023k bigarren egoitza izango du Valentzian irailaren 14tik urriaren 16ra. Pontevedrako Manuel Bouzas arkitektoak emango dio bizia pabiloiari 'Mediterraneo' bere proiektu irabazlearekin. Etxeko estrategiak sartu nahi ditu espazio publikoan, eta hiri-testuinguruari erantzun desberdinak ematen dizkio, tradiziotik eta modernitatetik abiatuta, baita interakzioa eta elkarrizketa sustatzeagatik ere.

Jaialdiaren bigarren edizioaren deialdiaren gaiaren ardatza arkitekturak egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan hiri-inguruneak aurre egin beharreko erronketan duen papera da. Guztira 125 proposamen aurkeztu dira bi hirietan eta epaimahaiak arkitekto gazteen sormen handia nabarmendu du tokiko testuingurutik klima-erronkari eta krisi ekosozialari erantzunak emateko orduan.

Bi irabazleek 12.000 €-ko saria jasoko dute eta proiektua gauzatu ahal izango dute pabiloiak egiteko 90.000 €-ko oinarrizko aurrekontuarekin. Aurrekontu hori handitu ahal izango da babesletza-ekarpenekin.

Proiektu finalistak eta aipamenak

Donostian finalista izan diren bi proposamen aukeratu dira, 3.000 €-ko sari ekonomikoarekin bigarren postuarentzat, eta 2.000 €-koa hirugarrenarentzat. Álvaro Llera Garcíaren ‘50_2100’ proposamenak bigarren saria jaso du “material jasangarri eta berrerabilgarrien izaeragatik, bai eta bertako landaredia gehituz lurzoruak birnaturalizatzeko proposamenagatik ere”. Jorge Ramos Alderetek eta Jaime Ramos Alderetek hirugarren postua lortu dute ‘Crudo sonoro’ proiektuarekin. Bere “edertasun eskultorikoa, Donostiako kostaldeko espazioen tradizio monumental handiekin jarraituz, eta giza ekintzaren ondorioak agerian uzten dituen itsasoari egindako omenaldi-mezua” nabarmendu da.

Hiru aipamen ere eman dira; saritutako proposamenen artean ez egon arren, epaimahaiak interes handikotzat jo ditu haien kalitate arkitektonikoagatik, baita osotasunagatik eta eraikuntza-koherentziagatik ere. ‘Baños de mar’, ‘Equilibrio’ eta ‘Sareak' dira.

Epaimahaiari eta deialdiari buruz

Iñaqui Carnicerok –Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusiak eta ekimenaren sustatzaileak–, Nuria Matarredonak –Hiri Agenda eta Arkitekturako zuzendari nagusiak–, Sol Candelak –Arquia Fundazioko zuzendariak– eta Javier Peñak –TAC! -eko zuzendari artistikoak– osatu dute epaimahai komuna, eta Benedetta Tagliabue eta João Luís Carrilho da Graça bezalako ibilbide ezaguna duten arkitektoak gehitu zaizkio.

Gainera, Donostiako ordezkariak ere izan dira: Pablo García Astrain —Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria–, María AranaMugak/ Bienalaren aurtengo edizioaren komisarioa– eta Eduardo Jiménez –Habic klusterraren garapen-zuzendaria–.



Egitaraua prestatzen ari gara