Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Zazpi arkitektura-eskolatako 600en bat ikaslek irekiko dute gaur aurtengo Arkitektura Bienaleko eskolen astea, mugak eztabaidagai nagusitzat hartuta

  • Toledo, Coruña, Bordele, Montpellier, Karlshurhe eta Wroclaw-eko ikasleek, Donostiako Alde Zaharra ikasgela bihurtu, eta Eskolen astean parte hartuko dute.                         
  • Toledoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek ehunen bat eskailera instalatuko dituzte, pertsona migratzaileek Melillako hesia gainditzeko erabiltzen dituztenak irudikatzeko.
  • Reflex guneak mugen fenomenoari buruzko hainbat jarduera antolatuko ditu: esku-hartze eskultoriko bat, hitzaldiak, film laburren emanaldi-sorta bat eta mugei buruzko ehundik gora film dituen mediateka bat, besteak beste.

Gaur hasten den hauxe da Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Bienalaren aste nagusia, eta hain zuzen ere, arkitektura-eskolak izango dira aste honen ardatz eta muina. Hurrengo bost egunetan, Euskadi arkitekturaren epizentro bihurtuko da, eta Donostia, berriz, ekimenaren gune nagusi. Astean zehar, mugak izango dira protagonistak, eta ikasleek Donostiako Alde Zaharrera eramango dituzte beren ikasgelak eta jarduerak.

Ekimenean, 28 herrialdetako 600en bat ikaslek parte hartuko dute, denak ere zazpi unibertsitatetako arkitektura-eskoletatik etorriak: Toledo eta Coruñatik (Espainia); Bordele eta Montpellier-tik (Frantzia); Karlsruhe-tik (Alemania); Wroclaw-tik (Polonia), eta jakina, baita Euskal Herriko Unibertsitatetik ere. Jarduera ugari egingo dira Euskadiko Arkitektura Institututik (EAI) Zuloaga plazara bitartean kokatu dugun Mugak/ hiria deitu diogun gunean.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen lanen artean, badago bat gainerakoei nabarmen-nabarmen gailentzen zaiena, hau da, orain 20 urte Rafael Moneok Donostian eraiki eta gaur egun Kursaal jauregia dagoen orubean, Solar K delakoan, zer eraiki erabakitzeko zenbait arkitekto-taldek denboraren joanean aurkezturiko proposamenei buruzko erakusketa, asteazken honetan inauguratuko dena. Horretaz gain, gure unibertsitate publikoko beste zenbait ikaslek marrazketa-ariketak egiteko asmoa dute, Alde Zaharra gaitzat harturik.

Hilaren 22tik 25era bitartean, Hackathon bat egin, eta aulki bat digitalizazioaren parametroetan oinarriturik diseinatzeko desafioa proposatuko digu Habic klusterrak, maker mugimenduaren eta diseinu garaikidearen urratsei jarraituz. Horrekin lotuta, Carlos Lalastrak hitzaldi bat emango du: Ipurdi bat. Arazo bat. Hamaika konponbide (urriaren 23an, 11.30ean, Euskadiko Arkitektura Institutuan).

Hiru egun horietan, gainera, ikasleek arkitektura bionikoko lantegi batean parte hartuko dute. Arkitektura-mota horren aitzindarietako bat den Javier Pioz-ek antolatua da lantegia, eta bertan, egitura bizidunen patroi geometrikoak eta egitura horiek arkitekturan aplikatzeko moduak landuko dira.

Gainera, Euskadiko Arkitektura Institutuaren inguruetan jartzekoak diren instalazioak eraikitzeko lantegiak ere antolatu dira, eta Urgull mendiko begiratokian ere hainbat instalazio jarriko dituzte gurera etorritako zenbait arkitektura-eskolatako ikasleek, hala nola Toledokoek; arkitektura-eskola horretan arotz-lantegi bat dago, eta bertako irakaslea den Javier Vellés Donostiara etorriko da, eta urriaren 23tik 25era bitartean, bere sei ikaslerekin batera Donostiaren erretratu bat egingo du Kontxako hondartzatik.

Urriaren 25ean, Baskegur elkarteak, COAVN eta BEC-ekin batera, bisita gidatu bat antolatuko du Sestaon: batetik, momentuan birgaitzen ari diren 47 etxebizitzatara, eta, bestetik, district heating delakora, bertan biomasaz eraikitako 250 etxebizitzatara. Euskadin zurez eraikitako zortzi eraikin nagusiak ezagutzeko antolatutako bisita gidatuetako bat dugu hau, denak ere Zurezko Arkitekturako Egurtek sarietan parte hartu dutenak.

Urgull mendia dugu hiriaren eta itsasoaren arteko mugetako bat, eta espazio hori sustatzeko urrats modura, ikasleek lanerako gune eta, aldi berean, jendearentzako erakusleiho bihurtuko dute bertako Begiratokia, eta mendi horrekin etorkizunean zer egin ere aztertuko da. Bestalde, ikasleek hiru gune nagusitan erakutsiko dituzten beren proiektuak: Trinitate plazan, Guardetxean eta Gastronomikan.

Mugei eta migrazioari buruzko eztabaida bat

Asteazken honetan iritsiko da Mugak/-era, Toledoko arkitektura-eskolako eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen eskutik, Fernando Clavería artistaren Zerbitzuko eskailerak instalazioa. Ikasleek ehunen bat eskailera jarriko dituzte Donostiako San Telmo museoaren fatxadan, pertsona migratzaileek Melillako hesia gainditzeko erabiltzen dituztenak bezalakoak. Eskailerak sokaz eta beste hainbat materialez elkarri lotutako zuhaitzen adarrez eraikita daude, eta “bizitzeko toki hobe baten bila ihes egiten dutenen tragedia” sinbolizatzen dute.

Astearen joanean, Reflex guneak hainbat gogoeta-saio antolatuko ditu, mugak eta migrazio-kontuak hizpide harturik. Juan Aizpitartek instalazio bat aurkeztuko du, Hub uhartea izenekoa (mundu osoan bizilagunak dituen uharte txikiena da Hub, eta Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren arteko mugan dago). Instalazioa Trinitate plazan jarriko du, Luis Peña Gantxegi arkitektoak eraikitako gune ederrean, eta, hala, hurrengo astetik aurrera, plazak beste ikuspegi bat izango du; bere lana dela eta, Aizpitartek zera esplikatu du: “keinu bat egin nahi izan diot arkitektoari, hark natura eta hiria uztartzeko zuen moduagatik; nik ere plaza eta gorputza lotu nahi izan ditut".

Oraingoan ere, aurreko bienalean bezala, Reflex guneak mediateka bat jarriko du martxan Mugak/-en. Mediateka asteartetik ostiralera egongo da zabalik, San Telmo museoko liburutegian, eta bertan, 100 liburu irakurri eta 20 film ikusi ahal izango dira, denak ere mugekin lotuta, identitateaz eta lurraldetasunaz gogoeta egitea helburu harturik.

Horrekin lotuta, Reflex guneak eta Kaxilda liburu-dendako Esteban Zamorak zuzendurik, Solasaldi Mugakideak izeneko ekimena antolatu da Euskadiko Arkitektura Institutuan. Solasaldien barruan, hiru jarduera programatu dira: urriaren 23an, 17.00etan, Eduardo Romero idazleak Migrazio-eztanda hitzaldia emango du; urriaren 24an, 18.00etan, Claudio Ibarra filosofiako irakasle txiletarraren txanda etorriko da, Barne- eta kanpo-mugak: periferien gobernua Latinoamerikan hitzaldiarekin; eta, azkenik, urriaren 25ean, 18.00etan, Ainhoa Douhaibi aktibistak Hiri neoliberaleko barne-mugen diagrama bat: islamofobia eta sekuritizazioa gaia hartuko du hizpide.

Ikus-entzunezkoen ikuspegitik ere heldu nahi diogu mugen auziari, eta hain zuzen horretarako antolatu da Dokufest film laburren eta dokumentalen emanaldi-sorta, historiaren joanean mugak jarri eta kendu izanak zailtasun ugari ekarri dizkion herrialde bat, Kosovo, hari nagusitzat hartuta. Dokufest emanaldi-sortako proiekzioek 2.500 kilometro luze egin dituzte Euskadira iritsi bitartean, eta Euskadiko Arkitektura Institutuan ikusi ahal izango dira denak, urriaren 23, 24 eta 25ean, iluntzeko 21etan.

Eta, azkenik, kulturari, arteari eta arkitekturari buruzko jaialdi on guztietan bezala, gurean ere kontzertu handi bat egingo dugu Eskolen aste hau ixteko. Urriaren 24an, 20.00etatik aurrera, Dabadaba gunean, hiru musika-talde bikain arituko dira giroa berotzen: The Busters, Kokoshca eta La Vieja Escuela.



Egitaraua prestatzen ari gara