Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Tatiana Bilbao, Mugak/-en: "bizi garen modua globalizatu dugu, baina bizi garen modu hori berriz pentsatu beharra dago”

  • Arkitekto mexikarra asteazken honetan etorriko da gurera, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren ediziora, eta arratsaldeko 19.00etan, "pertsonak adina bizitzeko modu" daudela esplikatu, eta bizitzeko modu horiek arauen bidez "ezar" ez daitezela defendatuko du.
  • Bilbaoren iritziz, “ez genuke natura exotizatu behar, atzera ere gertuko harremana izateko harekin"

Asteazken honetan, urriak 23, Euskadiko Arkitektura Institutuak Donostian duen egoitzan, Tatiana Bilbao arkitekto mexikarra arituko da hizlari. Bilbao Latinoamerikako arkitekturaren ordezkari nagusietako bat dugu, eta oraingoan Cluster Habic elkarteak ekarriko du gurera, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren aurtengo ediziora. "Pertsonak adina bizitzeko modu daude mundu osoan, eta denak dira desberdinak, baina bizi garen modua globalizatu dugu, ideala hura balitz bezala, baina bizi garen modu hori berriz pentsatu beharra dago”.

Tatiana Bilbao Arkitektura Eskolen Aste bete-betean dator Euskadira, 28 herrialde eta 7 arkitektura-eskolatako ikasleak bezala; haren esanetan, "arkitektoen zeregina ez da inori bizitzeko modu jakin bat ezartzea, baizik eta pertsonei nola bizi nahi duten ulertzen laguntzea”.

Bilbao Donostian dabil egunotan, eta zera esan du: “Gizakiok non bizi izan behar dugu, gune konplexuak behar ditugu, gure identitatea leku horrekin batera, aldi berean, ehundu dadin. (…) Oso inportantea da nola bizi garen jakitea, gero arkitekturak espazio inspiratzaileak sor ditzan". Gaur egun, ordea, Sri Lankako edo Erresuma Batuko norbaiti galdetuz gero, “bizi diren moduari buruzko erantzuna beti da berbera, bizitzeko modua guztiz diferentea izan arren”. Horregatik, espazioak habitatzeko modua berriz pentsatu beharra aldarrikatzen du Bilbaok, eta dei egin du eraikuntzaren gaineko lege eta arauen bidez inori "bizitzeko modu jakinik ezar" ez dakion.

Haren ikerketa-lanetan multikulturaltasuna eta diziplinartekotasuna dira arkitekturaren bi oinarriak, horren bidez espazio humanoagoak eraiki daitezkeelakoan, kapitalismo globalari aurre egin nahirik, kultura- eta ekonomia-garapenerako bideak urratzeko. Bilbaok bere lanari buruzko erakusketa bat inauguratu berri du Danimarkan, eta horrek orain arteko bere ibilbidea kanpotik ikusten lagundu omen dio; hori dela eta, Bilbaoren esanetan, bere lana estrategia gisa ikusten hasi omen da, eta ez batak bestearekin zerikusirik ez duten proiektuak balira bezala ez. Horrekin estu lotuta egongo da Mugak/-en emango duen hitzaldia, eta bertan, Bilbaok azalduko du bere proiektuen ardatza lau elementu direla: lurra, natura, etxea eta hondakinak. "Bizitzaren zikloa", alegia. 

Hondakinek dakarten aukera aparta

Arkitekto mexikarrak garrantzi handia ematen die hondakinei: “espazio eraikiek nola eboluzionatuko duten ulertu behar dugu; ezinbestekoa da sortzen ari garen horren gaineko ardura geure gain hartu eta erantzukizunez jokatzea”. “Espazio horietan gauza asko gertatu ziren iraganean, eta oraindik ere gauza asko gerta daitezke”. Gaur egun, Bilbao monasterio zistertar bat eraikitzen ari da Alemanian: “espazioa hondakin-multzo bat balitz bezala ari gara lantzen, zeren eta, eraikina berria izan arren, zistertarren historia hain da sakona, ezinbestekoa baita espazioa nondik datorren ondo ulertzea, ohartzea hor espazio fisiko bat dagoela, bai, baina metafisikoa ere badela leku hori, eta horrek eraikuntza-prozesu osoa baldintzatzean duela halabeharrez”. Espainian ere ari da lanean Bilbaoren estudioa, Arévalon (Ávila), XIII. mendeko eraikin bat kultur-etxe bihurtzen.

Pertsonek eta arkitekturak naturarekin duten loturari dagokionez, “natura idealizatzeari edo naturaz amets egiteari" utzi beharra defendatu du Bilbaok; haren iritziz, "ez genuke natura exotizatu behar, atzera ere naturarekin harreman gertukoago bat izango badugu: natura gure egunerokoan txertatu behar dugu”. Hori dela eta, Culiacaneko Lorategi Botanikoan egindako lana ekarri du gogora, espazio hori ez baitzuen asmo zientifikoz eraiki, baizik eta pertsonen arteko harremana estutzeko asmoz; "intuitiboa eta naturala izatea nahi genuen, pertsona bakoitzari naturarekin engaiatzeko aukera eman zekion".

Tatiana Bilbaori buruz

Tatiana Bilbao Emerging Voice izendatu zuen, 2010ean, New Yorkeko Architecture Leage elkarteak; bi urte geroago, 2012an, Kunstpreis saria eman zioten Berlinen; 2014an, Global Award for Sustainable Architecture saria jaso zuen LOCUS fundazioaren eskutik, bai eta Impact Award ospetsua ere; 2017an, ArchitzierA+Award saria eman diote, eta aurten bertan, 2019an, Marcus Prize Award saria jaso du. Haren proiektu eta lanak hainbat museotan daude ikusgai: Parisko Georges Pompidou zentroan, Carnegie Museum of Art museoan, Chicagoko Art Institute museoan eta Orléans-eko Frac Centre zentroan, besteak beste. Gainera, mundu osoko hamaika unibertsitatetan eman ditu eskolak: Rice-n, Columbian-n, Yale-n eta Harvard-en, esate baterako. The New York Times, A+U, Domus eta beste hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu ditu bere lanak.

Cluster Habic elkarteari buruz

Euskadiko ekipamendu-, altzari- eta diseinu-klusterra da, eta tartean dira eraikinen ekipamenduaz arduratzen diren gure inguruko enpresa nagusiak. Klusterraren helburu nagusia diseinuaren sektoreko enpresen lehiakortasuna sustatzea da, erabiltzaileek erraz ikusteko moduko balioak eta lehiakortasun-abantaila jasangarriak sortuz, eta enpresen berrikuntza eta eraldaketa bultzatuz lankidetzaren eta ezaguera partekatuen bitartez.

Mugak/ Bienalari buruz

Bigarren edizioa du aurtengoa Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, eta ehundik gora jarduera antolatu ditu arkitektura gizartera hurbiltzeko eta hura beste diziplina batzuekin lotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia. Mugak/-ek bidegurutze izateko asmoa du, hau da, elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatsuago baten mugak definitzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara