Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Stephen Bates: “Klima-larrialdiaren kontra borrokatzeko, gure pentsatzeko, lan egiteko eta eraikitzeko modua moldatu beharra daukagu”

  • Erresuma Batuko arkitektura-estudio garrantzitsuenetako bateko kidea da Bates, eta Mugak/-en egongo gaur, azaroak 4, Hondakin adimendunak helburu hitzaldia ematen.
  • Ingurumen- eta kultura-jasangarritasunean oinarritutako arkitektura-proiektuak babesten ditu Bates-ek.

Erresuma Batuko gaur egungo arkitekturaren erreferenteetako bat da Stephen Bates arkitekto eta Sergison Bates Architect estudioko kidea, eta hura izango da protagonista gaur bertan, azaroak 4 dituenean, arratsaldeko 18:30ean Euskadiko Arkitektura Institutuak Donostian duen egoitzan egingo den ekitaldian; Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan, Bates-ek Hondakin adimendunak helburu izeneko hitzaldia emango du.  

Arkitekto britainiarraren eta haren kideen estudioa Londresko lau arkitektura-estudio handienetako bat da, eta arkitektura britainiarraren XXI. mendeko belaunaldi arteko erreleboa bermatu du. Bates-en esanetan, “ezinbestekoa da orainaldiak eta iraganak bat egiteko moduko bideak urratzea gure herri-hirietan, ingurumen- eta kultura-jasangarritasuna bezalako premisetan oinarriturik”. Bates-ek dioenez, jasangarritasunaz ari garenean haren erpin ugariak hartu behar ditugu aintzat, eta alde horretatik, arkitektoak gogora dakarrenez, kontuan izan behar dugu ohitura sozial eta kultural guztiek intziditzen dutela, zuzen-zuzenean, ingurumenaren jasangarritasunean.

Hori dela eta, zera diosku Bates-ek: “Bob Van Reeth arkitektoak gogorarazi zigun zein inportantea den etorkizun ezezagun baterako eraikinak diseinatzea. Aldaketa demografikoak izugarri agudo eta bai etxean eta bai lanean berrikuntzak ia etenik gabe gertatzen diren garaiotan, eztabaida horri heldu behar diogu nahitaez”. Arkitektoaren ustez, “eraikinek hainbat geruza eduki beharko lituzkete, geruza bakoitzak bere dimentsio tenporal propioa seinalatzen duela: hirigintzan, egiturak eta elementuak hainbat mende irauteko moduan eraiki behar dira; instalazioen bizitza baliagarria, berriz, nahitaez izango da laburragoa, barruko diseinu eta akaberena bezala”.

Bates Londres eta Zurich artean ibiltzen da gaur egun, oraintsu hamar urte bere estudioak Suitzako hiri horretan bigarren bulegoa ireki zuenez geroztik. Bates-ek Europa osoko hirietan ditu eraikinak, eta bizilagunen premiei erantzun nahirik, etxebizitza soil eta funtzionalak egiten ditu.

Bates eta haren lankideak oso kontziente dira “Europako hiri modernoek ate-joka dituzten arazoez, eta oso jabetuta daude etxebizitza-eskaerak bizimoduak bezin azkar ari direla aldatzen”. Horregatik, Bates-ek argi dauka gure hiriak etorkizunerako estrategiak behar dituztela, Europako hiriek historiaren joanean zein arrastoa arrasto luzea utzi duten aintzat harturik betiere”.

Bates-ena Mugak/-ek azarorako antolatu dituen hitzaldietako bat da. Aurreneko hitzaldia joan den astean eman zuen Álvaro Siza arkitekto portugaldarrak, eta azaroaren hondarrean izango da azkenekoa: Iñaki Gabilondo kazetaria solasean ariko da Rafael Moneo Pritzker saridunarekin, 2019an 20 urte betetzen dituen Kursaal jauregiaz, besteak beste.

Mugak/ Bienalari buruz

Bigarren edizioa du aurtengoa Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, eta ehundik gora jarduera antolatu ditu arkitektura gizartera hurbiltzeko eta hura beste diziplina batzuekin lotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia. Mugak/-ek bidegurutze izateko asmoa du, hau da, elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatsuago baten mugak definitzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara