Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Sandra Barclay, Jean Pierre Crousse eta Tatiana Bilbaok ordezkatuko dute Latinoamerikako arkitektura-eskola indartsua Mugak/ Bienalean

  • Jada jakinarazi dira Euskadin udazkenean egitekoa den Bienalean parte hartuko duten lehen hizlarien izenak. Ulm-eko Eskolari buruzko erakusketa izango da Bienaleko ekitaldi nagusia.
  • Bienala hasi aurretik, irailaren 17tik 19ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta  Euskal Herriko Unibertsitateak ‘RE-Vivienda: Euskadiko I. Etxebizitza Laborategia’ izeneko udako ikastaroa antolatu dute Euskadiko Arkitektura Institutuan.
  • Urriaren 10etik abenduaren 12ra bitartean, Bienalak ehunetik gora jarduera antolatu ditu. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere hainbat ekitaldi izango dira.

 

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioa hezurmamitzen ari da dagoeneko. Orain aste batzuk jakin genuenez, aurtengo Bienaleko ekitaldi nagusia erakusketa bat izango da, Ulm-eko Eskola (1953-1968) entzutetsua eta industria-diseinu modernoa ardatz nagusitzat harturik. Horren ondoren, gaur bertan jakinarazi dira gurera etorriko diren lehen hizlarien izenak, arkitektura modernoan itzal handia duten arkitektoak denak ere.

Latinoamerikako arkitekturak ospe handiko ordezkariak bidaliko ditu Bienalera; besteak beste, gurean izango dira Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse perutarrak eta Tatiana Bilbao mexikarra. Barclay-k eta Crousse-k urriaren 17an emango dute beren hitzaldia, Donostian, Santa Teresa komentuan dagoen Euskadiko Arkitektura Institutuan; Bilbao-k, berriz, urriaren 23an emango du berea, Bilbon, gure laguntzaileetako bat den Cluster Habic elkartearen eskutik.

Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse arkitekto perutarrek estudio bana ireki zuten 1994. urtean: Liman bata eta Parisen bestea. Hasiera-hasieratik esploratu zituzten paisaiaren, klimaren eta arkitekturaren arteko lotura estuak, eta horrek aitorpen eta sari ugari ekarri dizkie; besteak beste, Oscar Niemeyer saria eta Arkitektura Kritikarien Nazioarteko Batzordeak (CICA) ematen duen Latinoamerika Saria.

Barclay-k eta Crousse-k hainbat bienaletan parte hartu dute. 2012an, adibidez, Peru ordezkatu zuten Venezian, eta lau urte geroago, 2016an, atzera ere komisario-lanak egin zituzten hiri horretako Bienalean Peruk zuen pabiloian. Hori gutxi ez, eta, iaz, Londresen argitaratzen den Architectural Review aldizkariak Women in Architercture saria eman zion Sandra Barclay-ri.

Latinoamerikako arkitektura-eskola indartsuaren barruan, Tatiana Bilbao-k ere itzal eta  ospe handia izatea lortu du. Haren lanetan, “arkitekturak, kultura eta diziplina askoren bidegurutze bihurturik, espazio humanizatuak sortzeko balio du, bai eta kapitalismo globalari aurre egiteko ere, kultura- eta ekonomia-garapenerako arrakalak irekitzen dituenez gero”. Ideia horretan ardazturik, Bilbao-k hainbat espazio sortu ditu, hala nola Culiacaneko Lorategi Botanikoa eta Monterreyko Unibertsitatearen (UDEM) eraikin berria.

2010ean, ordurako nabarmentzen hasiak ziren arkitektoen artekotzat aukeratu zuen Bilbao New Yorkeko Architecture League elkarteak; 2012an, Kunstpreis saria eman zioten Berlinen; 2014an, LOCUS fundazioak Global Award for Sustainable Architecture Prize saria eman zion, eta aurten bertan, 2019an, Marcus Prize Award saria jaso du. 47 urte besterik ez ditu, eta dagoeneko hamaika unibertsitatetan eman ditu eskolak: Rice-n, Columbia-n, Yale-n eta Harvard-en, besteak beste.

 

Udako ikastaroa irailean

Mugak/-eko programazio ofiziala urriaren 10ean hasiko da. Egun horretan, euskal arkitekto gazteentzako 2019ko Peña Gantxegi sariak banatuko dira. Aurtengo edizioan, 2017koan bezala, ehunetik gora jarduera antolatu dira: hitzaldi, erakusketa, tailer, mahai-inguru, mintegi…

Aurten, Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI) izango da Bienaleko egoitza nagusia, baina beste zenbait tokitan ere jarduera ugari antolatu dira, bai Donostian, bai Bilbon eta bai Gasteizen. Urriaren 21etik 27ra artekoa izango da Bienalaren aste nagusia; proposamen gehienak aste horretan landuko dira.

Bienala hasi aurretik, irailaren 17an, 18an eta 19an, Euskal Herriko Unibertsitateak, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren bitartez, eta gure Bienalaren babeslea den Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ‘RE-Vivienda: Euskadiko I. Etxebizitza Laborategia’ ikastaroa egingo dute Euskadiko Arkitektura Institutuan.

Ikastaroa Anne Lacaton arkitekto frantsesak, Lacaton&Vassal estudioaren sortzaileak, itxiko du. Lacaton-ek Europar Batasunak  ematen duen Mies van der Rohe saria jaso du aurten. Azken hilabeteotan, haren lanak ikusgai egon dira Euskadiko Arkitektura Institutuan, Tabula non rasa izeneko erakusketan. Datorren iraileko ikastaroan, hain zuzen, erakusketa berriz ikusteko aukera izango dute nahi duten guztiek.

Ikastaroan, bertako nahiz kanpoko unibertsitate-irakasle eta aditu ugari arituko dira hizlari: Xabier Monteys (Bartzelona), Gloria Ariztegui (Bordele), Zaida Muxi (Buenos Aires), Josep Ricart (Vallés), Plácido Lizancos (Coruña), Fiona Pia (Lausana), Alejandro Giménez (Bartzelona), Eva Morales (Malaga), Kathrin Golda (Karlsruhe), Antón Pagola, Ibon Telleria, Jon Begiristain (UPV-EHU), Miriam Varela, Guillermo López, Jon Asua, Paul Basañez, David Juarez, David Bravo, Loic Geronnez eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrain



Egitaraua prestatzen ari gara