Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hirugarren edizioaren barruan, erakusketak egingo dira hiru euskal hiriburuetan

  • Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko erakusketa nagusia Carme Pinós-en sormen-prozesuari buruzkoa izango da, eta Euskadiko Arkitektura Institutuan antolatuko da, Donostian; Bilbon, berriz, Juan Daniel Fullaondori buruzko erakusketa antolatuko da, eta, azkenik, Gasteizek Housing the Basque Country erakusketa hartuko du
  • 2021ean, Mugak/ Bienalak ‘Ondarearen eta Modernitatearen’ arteko muga kontzeptualak aztertuko ditu
  • Atlantikoko Arkitektura Zinemaldiaren (Galernak) lehen edizioa Mugak/ Bienalaren esparruan egingo da

Asteazken honetan aurkeztu den Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren (Mugak/) hirugarren edizioaren barruan, erakusketak eta hitzaldiak egingo dira hiru euskal hiriburuetan. Euskadiko arkitektura-jarduera nagusia aurtengo urriaren 27tik azaroaren 27era bitarte egingo da, Ondarea eta Modernitatea epigrafepean. Goiburu horrek programazio osoa hartuko du eraginpean, aurtengo edizioko erakusketa nagusiaren xede izango den Carme Pinós-en sormen- prozesuari buruzko gogoetatik abiatuta.

Mugak/ Bienalaren erakusketa nagusia Euskadiko Arkitektura Institutuan antolatuko da, Donostian, eta arkitekto katalanaren sormen-prozesua eta lan egiteko modua erakutsiko ditu, bost eraikin (Mexikon, Zaragozan, Australian, Bartzelonan eta Mallorcan) sortzera eraman zuten ideien eta eraginen bitartez. Carme Pinós: Testuingurua eta Kontzeptuak erakusketak artistaren inspirazioa erakutsiko digu zirriborro, maketa, marrazki, plano eta argazkien bidez, eta Pinósek jaso dituen eta proiektatzeko garaian ezaguera kultural eta formal handia osatzen duten eraginak agertuko ditu. Euskadiko Arkitektura Institutuan kokatzeko berariaz sortu den eta profesionalak berak sortutako altzariak eta objektuak bilduko dituen monografiko horren bidez, Bienalak Pinósen figura aldarrikatu nahi du. Izan ere, nazioartean karrera garrantzitsua egin duen arkitektoa da, eta hainbat proiektu egin ditu Europan, Latinoamerikan eta Ozeanian.

Pinósen erakusketa Mugak/ Bienalaren lehen bi edizioetako erakusketa nagusiei gehituko zaie, hau da, 2017ko RCR Arquitectes (urte horretan bertan Pritzker saria jaso zuen estudioa), eta 2019ko Ulm-eko Eskolaren diseinua eta Braun konpainia erakusketei.

Gasteizen, Housing the Basque Country erakusketa egongo da ikusgai Amárica aretoan. Erakusketa Euskadiko etxebizitza publikoen ia 40 urteko historia bisualean datza. Izan ere, Euskadi autonomia erkidego aitzindaria izan da arlo horretako politiketan eta hainbat arau lantzeko zereginean (hala nola egungo Etxebizitzaren Legea, etxebizitza duina izateko eskubide subjektiboa aitortzen duena). Erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren produkzio propioa da, eta, etxebizitzak eraikitzeko 30 proiekturen bitartez, etxebizitza horietan gizarte-errealitateek, arkitektura-bilakaerak, ikuspegi ekonomiko eta produktiboek edota uneko errealitate soziologikoak nola bat egiten duten kontatzen du. Azken batean, Euskadik 1981. urteaz geroztik nolako bilakaera izan duen eta gizarteak bere espazio eraikiarekin batera nola egin duen aurrera kontatzen du.

Bilbok, bestalde, 1962an Arkitekturako Sari Nazionala lortu zuen Juan Daniel Fullaondoren arkitektura bilbotarrak, 1964-1978 erakusketa hartuko du. Erakusketak arkitektoaren eta bere hiriaren arteko lotura bizia du ardatz, eta ibilbide bat egiten du hainbat obra eta proiektu hautaturen bitartez, baita Nueva Forma arkitektura-aldizkariaren zenbakien bitartez ere. Nolanahi ere, Fullaondo aldizkari horretako zuzendaria izan zen, eta Bilbok eta euskal artisten produkzioak (hala nola Jorge Oteizarenak eta Eduardo Chillidarenak) agerpen handia izan zuten aldizkarian. Erakusketa UPV/EHUko Arkitektura Eskolak antolatu du eta ikasleen laguntzarekin garatu da. Nolanahi ere, XX. mendearen bigarren erdialdeko arkitekto nabarmen horri buruz egiten den lehen erakusketa da. Erakusketaren xedea da Fullaondo Espainiako arkitektura modernoko funtsezko figuretako bat izan dela azpimarratzea.

Hiru hiriburuek, halaber, Diseinuaren artisauak izeneko kaleko erakusketa hartuko dute. Erakusketa Habic izeneko Euskadiko ekipamenduen, altzarien eta diseinuaren klusterrak sortu du bienalaren barruan, euskal enpresek altzarien diseinuaren arloan hainbat urtetan egin duten lanaren garrantzia agerian jartzeko, gaur egun nazioarteko erreferente bihurtu baitira sektorean. Horretarako, zortzi erakunderen historiak eta haiek ahalbidetu dituzten pertsonak hiriburu batetik bestera ibiliko dira azaro osoan.

Azken hiru erakusketa horiekin eta bienalaren programa osatuko duten beste batzuekin, Mugak/
bienalak
lehen aldiz eramango du bere erakusketa-programa Gasteizera eta Bilbora (orain arte,
hitzaldiak, tailerrak eta jardunaldiak antolatu dira hiriburu horietan).

Ondarea eta modernotasuna

Bienala antolatzen duen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila zuzentzen duen Iñaki Arriola sailburuak asteazken honetan azaldu duenez, Mugak/ Bienala finkatu egin da "arkitekturaren eta herritarren, hirigintzaren, kulturaren eta diseinuaren arteko elkarrizketarako ekitaldi eta arkitekturak ingurune habitatuaren kalitatea egituratzen duen elementu gisa duen garrantzia nabarmentzeko puntu" gisa. Hirugarren edizioa "finkatzeko edizioa izango da, lasaiagoa, gogoetatsuagoa eta, pandemiaren ondorioz, neurritsua, pandemiak, zorionez, sektore hau gelditu ez badu ere". Arriolak azpimarratu duenez, Europako ondare eraikia berritzeko bolada handienetako baten atarian (Europako funtsek bultzatuta), egungo arkitekturaren eta bere historiaren arteko erlazioak aztertzeko une aproposa da.

Izan ere, Bienalak, bere izenak adierazten duen bezala, ondarearen –iraganaren– eta modernotasunaren –etorkizunaren– arteko mugak izango ditu ardatz berriz ere, hau da, bi denbora horiek etengabe aldatzen ari diren eta digitalizazioaren eta gizarte-aldaketen ondorioz bilakaera hori bizkortzen ari dela ikusten duten hirien errealitatean uztartzeko modua. 2021. urterako goiburua Ondarea eta Modernotasuna izango da, eta erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta zinema-emanaldiak herritarrekiko elkarrizketa bihurtuko dira.

“Bienalak eraikitakoaren eta eraikigarriaren arteko diatriban sakontzen du, hots, izan zenaren eta izango denaren inguruan; nolanahi ere, etengabeko suntsipen- eta eraikuntza-mugimendu bat izango da, eta gero eta bizkorragoak diren eraldaketa-prozesu naturalak iragandako historiarekin eta hiri-izaeraren ideia kolektiboa sortu duenarekin uztartzeko bide zailetik abiatu behar du", laburbildu du edizio honetako komisario eta Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendari Jose Angel Medinak. Arantzazu 70 urte, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Luis Laorga eta Francisco Javier Sáenz de Oíza arkitektoen lana aldarrikatzeko antolatu duen erakusketa izango da horren adibide.

“Bienalak gure bizitzan beti presente dagoen Arkitekturari begirada zuzentzera gonbidatzen eta animatzen gaitu. Gure eguneroko errealitatean hain txertatuta dagoen zerbait denez, diziplina artistiko eta ondare partekatu gisa merezi duena baino gutxiago aintzat hartu da. Etxebizitza Sailak kezka hori partekatzen duela jakiteak eta ekimen honetan zein Euskadiko Arkitektura Institutuaren bidez garatzen den programazioan egiten duen ahalegina egiaztatzeak gure esker ona eta zorionak merezi ditu”, azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari María José Telleriak.

Arabako Foru Aldundiak lehen aldiz hartuko du parte Mugak/ Bienalean, eta Aldundiko Kiroletako eta Kulturako foru-diputatu Ana del Valek azpimarratu duenez, “Bienalak Euskadiko lurralde guztietara erakusketak eramateko ekimena txalogarria da, eta Araban, gure lehenengo parte-hartzean, Euskadiko etxebizitza publikoaren ia 40 urteko ibilbideari buruzko erakusketa jasotzea pozten gaitu, Gasteiz eta bere hedapena ez lirateke ulertuko arlo publikoaren bultzadarik gabe, milaka pertsonen bizi-proiektuen hasieraren motor gisa”.

Arkitektura gaztearen ikuspuntuak

Berritasunen artean, Galernak izeneko Atlantikoko Arkitektura Zinemaldiaren lehen edizioa egingo da Mugak/ Bienalaren barruan, azaroaren 23tik 26ra, Donostian; zehazki, Europako arkitekturako ikasleek egindako hainbat zinema-generotako film laburrak emango dira. Zinemaldia UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak antolatu du, eta Elias Querejeta Zine Eskolaren laguntza ere jaso du.

Zikloaren bidez, atlantikoa denari buruzko gogoeta egin nahi da arkitekturaren, lurraldearen eta paisaiaren ikuspegitik. Horretarako, hitzaldiak, film-emanaldiak eta Donostiako zinemaren historiari buruzko erakusketa bat eskainiko dira. Inskripzioa egiteko epea irailaren 1etik urriaren 15era izango da.

Halaber, Euskal Arkitektura Gazteari zuzendutako Peña Ganchegui sariei buruzko erakusketa egingo da Bienalaren barruan. Sariak Peña Ganchegui Artxiboak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntzarekin. Sarien hirugarren edizio honen deialdia uztailaren 25era arte egongo da irekita hautagaiak aurkezteko. Proiektu finalistak eta irabazleak jende guztiarentzat irekita egongo den erakusketa batean egongo dira ikusgai Mugak/ Bienalean. Erakusketa hori aurreko edizioko irabazleek diseinatuko dute.



Egitaraua prestatzen ari gara