Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Honela izan zen Mugak/en bigarren edizioa, inoizko internazionalena eta herritarrengandik gertukoena

  • 45.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten 2019ko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan antolatu ziren ehundik gora jarduera eta erakusketetan.
  • Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren arabera, “Mugak/ erreferente bihurtu da mundu osoan”.

45.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan Donostian, Bilbon eta Gasteizen antolatu ziren ehundiko gora jarduera eta erakusketetan. Balorazioa “ezin da positiboagoa izan”, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak esan zuenez. 2017az geroztik, Jaurlaritza da Mugak/en sustatzaile nagusia. Sailburuak oso positibotzat jo zuen “mundu-mailan, arkitektura garaikideak gizartean eta kulturan duen garrantziaz hausnartzen dutenen artean, Mugak/ erreferente bihurtu izana”.

2019koa bigarren edizioa izan zen, eta ezer nabarmentzekotan, herritarrekin lotura estu-estua sortu izana aipatu beharko litzateke. Horren erakusgarri da, Arriolaren iritziz, “proposamenetako batzuk kalean erakutsi izana, horrek gogoeta pizteko eta arkitektura herritarrengana hurbiltzeko balio izan baitu”. Horrekin batera, Donostian ez ezik Bilbon eta Gasteizen ere hainbat jarduera antolatu izana garrantzi handikotzat jo du sailburuak, eta etorkizunean ere horrelaxe jarraitu nahi dutela aitortu du.

Babesle pribatuen laguntza ere nabarmendu nahi izan zuen sailburuak, haien babesak “oinarri ezin sendoagoak ematen baitizkio Bienalari, etorkizunari begira batez ere”. Pasa den edizioan, 45.000 lagunek parte hartu zuten Mugak/en, lehenengoan baino dezente gehiago, orduan Bienalak 30.000 lagun inguru elkartu baitzituen.

Erakusketa, hitzaldi, lantegi, bisita gidatu eta film-emanaldi ugari izan ziren pasa den edizioan, eta arkitekturaren, artearen eta kulturaren arteko loturetan sakontzeko aukera eman ziguten den-denek, tartean baita hainbat alorretako adituek herritarrekin izandako debate ezin oparoagoek ere.

Gurean nazioarteko aditu ugari egon izana da pasa den edizioaren ezaugarri nabarmenenetako bat. Arkitektura garaikideko figura bikainenetako batzuk etorri ziren gurera aurten; besteak beste, Erresuma Batuko Stephen Bates, Peruko Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse, eta Mexikoko Tatiana Bilbao, bai eta René Spitz, Klaus Klemp eta Martin Mäntele aditu alemanak ere.

Garrantzi handiko ekitaldiez gozatzeko aukera ere izan genuen pasa den Mugak/en; ezin aipatu gabe utzi Álvaro Siza eta Rafael Moneo Pritzker saridunak solaskide izan zituzten topaketak, edota txinatarra eta japoniarra bezalako arkitektura-tradizio ezezagunak gure errealitatera hurbiltzeko balio izan zuen jarduerak, Liu Yang, Ding Yao eta Yoshihiko Ito entzutetsuak gurera ekartzeko aukera ere eman zigutenak. Guztira, 52 hitzaldi eta jardunaldi antolatu ziren, eta 2019ko urriaz geroztik, eta bi hilabetez, 115 hizlari izan ziren gurean.

Baina urrutira joan gabe, bertako arkitektura-tradizioak ere izan zuen bere lekua Bienalean; hortxe daude, esate baterako, Solak K , Kursaal jauregian antolatua, As Built-De la Hoz Fontán eta Donostiako Alde Zaharra eta Portua: Monumentu Multzoa erakusketak.

Donostian dagoen Euskadiko Arkitektura Institutuaren (EAI) egoitzan egin ziren pasa diren ekitaldi eta jarduera nagusiak, baina Gasteizen eta Bilbon ere egon zen zer ikusi eta ikasi. Arkitekturak eta hirigintzak gizartean duten inpaktuan ardazturik, maila handiko eztabaidak antolatu ziren Mugak/en, hala nola Bilbon hiriei eta zaintzei buruz antolatutako saioa, Zorrotzaurreri buruzko jardunaldia edota Donostian ikusgai egon zen Belaunaldiarteko etxebizitza erakusketa, gaur egungo etxebizitzek XXI. mendera behar bezala egokitzeko nolakoak izan beharko luketen aztertzea helburu zuena.

Beste jarduera batzuk ere izan ziren; esate baterako, Tokioko Nagakin dorre ospetsuko bizitegi-kapsulen erreplika, gure ondare modernoa babestu beharraz eta bizitoki minimoez hausnartzen lagundu ziguna, edota Muga instalazioa, Melillako muga zeharkatzeko pertsona migratzaileek erabilitako eskailerekin sortua, gaur egungo munduan nagusi diren desberdintasunei buruzko eztabaida piztu duena, mugek eragiten dituzten arrakala sakonei buruzkoa batez ere. Bi instalazioak ikono bihurtu ziren Bienalaren pasa den edizioan.

2019ko edizioko erakusketa nagusia Sistemen diseinua: Ulm-eko eskola eta Braun konpainia izan zen, eta bertan, Bigarren Mundu Gerraren ostean Alemanian eraikitzen hasitako egitura industrial, sozial eta politikoan berebiziko eragina izan zuen eskolaren ondarea gordetzen duten hiru artxiboak batu ziren lehen aldiz, eskola bikain horren planteamendu intelektualek gaur egungo diseinugintzarako ere balio dutelakoan.

Erakusketa hori Mugak/en bi egoitzetan egon zen ikusgai, San Telmo museoan eta Euskadiko Arkitektura Institutuan, baina Tabakaleran ere egon zen zer ikusi, Sistemen diseinua erakusketarekin lotuta, Orain diseinua! erakusketa ikusteko aukera izan baitzen bertan, arkitekturak eta diseinuak gizartea nola aldaraz dezaketen gaitzat harturik.

Pasa den Mugak/en denetariko gaiak landu ziren: ingurumenak, gizarteak eta ekonomiak jasangarritasunarekin duten lotura, puri-purian dauden eztabaidak, artearen eta kulturaren arteko uztardurak, ospe handiko kazetari, artista plastiko eta diseinatzaileen arteko solasaldiak…

Hori guztia dela tarteko, Pedro Astigarraga Mugak/eko komisario ohiak zera esan zuen: “Bienalaren bigarren edizioak oso programazio sendoa izan du, eduki guztiak pluraltasun eta transbertsaltasun handikoa izan dira, eta inoiz baino are gertuago egon gara herritarrengandik”; Astigarragak, gainera, beren eginahala eskertu zien Bienalean laguntzaile aritu ziren hogeita hamarren bat entitateei.

Astigarragak bereziki nabarmentzat jo zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleek pasa den Mugak/en egin zuten lan aparta: “Haien babesik gabe, eskolen asteak ez zuen izango izan duen arrakasta, ekimen horrek bereziko pisua izan baitu edizioan”.

Aste horretan zehar, urriaren 21etik 25era bitartean, Europa osoko sei eskolatako 600 ikasle elkartu ziren Donostian: Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikokoak, Toledokoak, Coruñakoak, Bordelekoak, Montpellier-ekoak eta Wroclaw-ekoak. Den-denek parte hartu zuten, Donostiako Alde Zaharrean, Mugak Hiria izeneko egitasmoaren barruan antolatutako Hub Uharteak instalazioan eta Reflex Gunean, eta astebetez haien proiektuen berri elkarri ematen egon ondoren, denak ere ikusgai jarri ziren Urgull mendiko hainbat bazterretan. 

Hori guztia dela eta, Astigarraga komisarioak zera esan zuen: “Arkitektura Eskolek gero eta parte-hartze handiagoa dute gurean, eta horixe da Mugak/en helburu estrategiko mamitsuena, gurea epe luzeko proiektua den aldetik”.

 

Ia 30 laguntzaile eta 28 babesle

Euskal Herriko Unibertsitateaz gainera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatzen du Mugak/, eta laguntzaile modura, hainbat administrazio publiko, kultur entitate eta arkitekturaren alorreko zenbait elkarte daude tartean; besteak beste, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa eta San Telmo museoa, Kursaala, Bilboko Guggenheim museoa eta Gasteizko Artium museoa, Donostiako Elizbarrutiko museoa, Museum Cemento Rezola, COAVN, Peña Gantxegi Artxiboa, Maushaus, Habic eta Eraikune klusterrak, Baskegur, Atari, Ancora eta Urbanbat elkarteak, Altxerri, Arteko, Ekain eta Kur galeriak, Espacio Reflex gunea, Gipuzkoako Yoko Onoren Lagunen Elkartea, eta elaller eta Dabadaba.

 

2019ko Mugak/ zenbakitan

  • Europako, Amerikako eta Asiako 115 hizlari baino gehiago, eta 52tik gora jardunaldi eta ekitaldi.
  • 20 erakusketa
  • 37 lantegi-ordu heldu, gazte eta haurrentzat.
  • Lau herrialdetako arkitekturako 600 ikasle

Erakusketa, hitzaldi, proiekzio eta lantegietan parte hartu zuten 45.000tik gora lagun (2017an 30.000 izan ziren).



Egitaraua prestatzen ari gara