Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Bienalak hainbat jarduera antolatu ditu Bilbon, arkitektura herritarrengana hurbiltzeko asmoz

  • Urbanbat elkarteak Hiriko kontakizunak magazina prestatu du biharko, Bilborock aretoan, eta zuzeneko elkarrizketa, musika-emanaldi, bideo-proiekzio eta performance ugari ikusteko aukera egongo da bertan.
  • Eraikune eraikuntza-klusterrak antolaturik, Zorrotzaurre: Erriberatik uhartera izeneko jardunaldia egingo da hurrengo azaroaren 4an, Bilboko Itsasmuseumean, hirien birgaikuntza gaitzat hartuta.
  • Atxu Amann eta Serafina Amoroso ikertzaileek hitzaldia eta proiekzioa uztartzen dituen Iturri-kode audiobisuala. One - no woman - day ekimenean parte hartuko dute hurrengo azaroaren 7an.
  • Bilboko Guggenheim Museoaren TopARTE programaren barruan, 60 urte betetzen dituzten New Yorkeko Guggenheim Museoari eta Le Corbusier-ek Tokion eraikitako Mendebaldeko Arteen Museo Nazionalari buruzko jardunaldi batean parte hartzeko aukera egongo da hurrengo azaroaren 7an.

 

Urriaren 10etik abenduaren 12ra bitartean, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioak hainbat jarduera antolatu ditu Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Bilborako antolatu den programazioaren barruan, hainbat proiekzio, hitzaldi eta lantegitan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek hurrengo asteetan.

Urbanbat berrikuntza-estudioak proposaturik, ostegun honetan, urriak 24, bi jarduera egingo dira Bilborock aretoan. Arkitekturak eta diseinuak bai pertsonen eta bai inguruaren zaintzen alorrean zer-nolako eragina duen hausnartu nahirik, Urbanbat estudioak late show moduko bat antolatu du, Hiriko kontakizunak. Hiriak eta zaintzak izeneko magazin bat, eta zuzeneko elkarrizketak, musika-emanaldiak, bideo-proiekzioak eta performanceak ikusteko aukera egongo da bertan.

Nuria Moliner arkitekto, ikertzaile eta komunikatzaileak aurkezturik, magazin koral horrek hiru gonbidatu nagusi izango ditu: Zaida Muxi arkitekto argentinarra, hirigintzan, arkitekturan eta generoan aditua; Iñaki Alonso, arkitektura sozialean espezializatutako sAtt arkitektura-bulegoko bazkide eta zuzendaria; eta Isabel Martin hirigile eta egunerokoaren arkitektoa.

Ikuskizunak, gainera, aparteko gonbidatu bat izango du, Urretabizkaia Txaranga, haize-instrumentuz (tronpetak, saxoak, tronboiak...) osatutako musika-talde esperimental ez oso ohikoa. Hori gutxi ez, eta MawatreS izenez ezagunagoa den Juan Pablo Ordúñez artistak ere parte hartuko du, bai eta lankidetza-artearekin lotutako proiektu ugari antolatu dituen Igor Calvo Komite Kolektiboaren sortzaile eta argazkilariak ere.

Iturri-kode audiobisuala. One – no woman – day

Urbanbat elkartearen bigarren proposamenak Atxu Amann eta Serafina Amoroso ikertzaileak ditu protagonista. Bi adituek Iturri-kode audiobisuala. One – no woman – day ekimenean parte hartuko dute hurrengo azaroaren 7an, Bilboko Bilborock aretoan.

Iturri Kode Audiobisuala formatu hibrido bat da, hitzaldi audiobisualaren eta proiekzio iruzkindunaren artean dagoena. Formatu eszeniko bat ere bada, jolas moduko bat, gonbidatuek beren erreferentzia audiobisualak gogora ekarri eta gai baten edo ikergai baten inguruan kontakizun bat jostea helburu duena.

Atxu Amann Madrileko Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile eta irakaslea aditua da arkitekturaren komunikazioan. Hizlari modura, defendatzen duen ikuspegia feminista eta animalista da. Serafina Amoroso ere arkitekturan dokorea da, bai eta ikertzaile independentea ere, eta genero-ikuspegiak espazioarekin eta hezkuntzarekin zer-nolako loturak dituen aztertu du azken aldiko bere ikerketa-lanetan.

Zorrotzaurre: Erriberatik uhartera

Euskadiko Eraikune eraikuntza-klusterrak Zorrotzaurre berritzeko egin ziren lanetan jarri nahi izan du azpimarra, eta horretarako, elkarri estu-estu lotutako lau jarduera proposatzen dizkigu: hitzaldi bat, lantegi bat, irteera bat itsasontziz, eta proiekzio bat. Hori guztia azaroaren 4an izango da, Bilboko Itsasmuseumean.

Zorrotzaurre: Erriberatik uhartera jardunaldiaren hari nagusia Bilboko gune hori berritzeko proiektua da. Zorrotzaurreren jatorri industrialetatik hasi eta uharte bihurtu bitarteko bide osoa errepasatzeaz gain, jardunaldiak hiru ardatz izango ditu: berroneratzea, birgaitzea eta berrerabiltzea.  

Jardunaldiak bi zati izango ditu: batetik, hitzaldi-sorta bat, Zorrotzaurre berritzeko lanetan parte hartu zuten aditu eta eragileek emanak; eta, bestetik, lantegi bat, zer etorkizun espero duten zehazteke duten aparteko guneei buruzkoa. Amaitzeko, Zorrotzaurreko inguru osoan barrena itsasontziz ibiltzeko aukera izango dute partaideek, eta proiekzio bat ikustekoa ere bai.

Museoak zer diren, Frank Lloyd Wright-en arabera

New Yorkeko Guggenheim Museoaren 60. urteurrena betetzen dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak museo horri eta Le Corbusier-ek Tokion eraiki eta, New Yorkekoa bezala, 1959an inauguratu zuten Mendebaldeko Arteen Museo Nazionalari buruzko jardunaldi bat antolatu du. Museoak zer diren, Frank Lloyd Wright-en arabera da jardunaldiaren izenburua, eta hurrengo azaroaren 7an egingo da, Bilboko Guggenheim Museoan, museo horretako TopARTE programaren barruan.



Egitaraua prestatzen ari gara