Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Arkitektura Bienalaren III. edizioan nazioarteko Europan biltzarra ospatuko da Donostian

  • Arkitekturan eta hirigintzan adituak diren Europa osoko 300 pertsona Donostiako Kursaalean izango dira, hiriaren eta arkitekturaren etorkizunaz eztabaidatzeko.
  • Europako lehiaketako saioen arteko nazioarteko foroan, hirigintzako paisajistak, arduradun instituzionalak eta 9 herrialdetako eta 40 udalerritako Europako arkitekturaren etorkizun handiko gazteak batzen dira.

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala urriaren 27aren eta azaroaren 27aren artean egingo da, Euskadiko hiru hiriburuetan, eta, Donostiako Kursaalean, azaroaren 4an, 5ean eta 6an, saioen arteko foroa izango da, bi urtean behin Europako hiri batean egiten den hitzordu ibiltaria.

Europan-ek 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du; Europa mailako arkitekturaren, hirigintzaren eta paisaiaren inguruko berrikuntzarako plataforma da, eta, bi urtean behin, 40 urte baino gutxiagoko gazte arkitektoentzako ideia eta proiektuen Europako lehiaketarako deialdia egiten du. Bertan, arduradun politikoak eta instituzionalak batzen dira, eremu akademikoko adituekin eta arkitekturako etorkizun handiko gazteekin batera. 16. edizio honetako gaia ‘Hiri Biziak’ da. Hartan, 9 herrialdetako –Frantzia, Alemania, Austria, Belgika, Italia, Suitza, Norvegia, Suedia eta Espainia– 40 udalerrik parte hartzen dute.

Europan-en deialdi bakoitzak ‘hirien nazioarteko foro’ bat dakar, eta hark aurreko edizioko proposamenen argitan planteatutako gaiak aztertzeko eta eztabaidatzeko balio du, zeina Europako arkitekturako etorkizun handiko gazteen kargura baitago abian. Ikuspuntuak eta giza habitata ulertzeko moduak partekatzeko aukera ematen du, herrialdeen arabera, baina baita espezialitateen, esperientzien eta belaunaldien arabera ere. Topaketa hori 2021ean izango da, Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eskutik, zeina Europaneko Espainiako Batzorde Betearazleko kide eta Mugak/ bienalaren antolatzailea baita.

2017an Bruselan (Belgika) izan zen eta, 2019an, Innsbrucken (Austria), eta, orain, Donostiara iritsi da Europan. “Oso pozik gaude Europan-Europe batzordeak Euskadi eta, zehazki, Donostia aukeratu duelako, saioen arteko bi urtez behingo biltzarra egiteko; izan ere, Europan arkitektura orokorraren eta, zehazki, etxebizitzaren arkitekturaren berrikuntza eta zaharberritzearen alde egiten dugun apustu argienetako bat da”, esan du Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak Europanen aldeko apustua egiten du, berrikuntzarako bide gisa, zeina, proiektuei egiten zaien Europako adituen laguntzari esker, proiektu zehatzetan gauzatzen baita; proiektu horietan, gai zehatzak jorratzen dira, besteak beste, ‘etxebizitza produktibo’aren edo hiri metabolikoen definizioa. Europanen planteatzen diren proposamenak administrazio gutxik gauzatzen dituzte eta haietako bat Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila da; proiektu horiek errealitate dira, dagoeneko, zenbait lekutan, besteak beste, Basaurin –bertan sustatu dira, dagoeneko, babes ofizialeko 160 etxebizitza– edo Miribillan, Bilbon –beste 154–.

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hirugarren edizio honen komisarioak, José Ángel Medinak, honako hau nabarmendu du: “Donostian nazioarteko foro hau egitea oso garrantzitsua da; izan ere, hirien inguruko ideien laborategi bat da, eta funtsezko unea da egungoa hiriek haien etorkizunaren inguruan hausnar dezaten”. Europan 15 erakustaldiak Espainiako kokapenen proposamen irabazleak jasotzen ditu, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Gipuzkoan duen egoitzan bisitatu ahalko da, bienal osoan zehar. AZAB Bilboko estudioak sinatutako muntaketa da; aipamena jaso zuen Europanen 13. edizioan, offshore proiektuarekin iparraldeko itsasoan, eta, ondoren, hurrengo edizioaren erakusketaren muntaia diseinatzeko hautatu zuten; hartan, Ariadna Cantis-en bideoak jasotzen dira, Europanen ibilbide globalari buruzkoak.

Lasarte-Oria eta Beizama

2017an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Lasarte-Oriako Udalarekin batera, Bruselan Oria Gain orubea aurkeztu zuen, 100 etxebizitza produktibo sustatzeko; hausnarketa hori Europan 15 Hiri Produktiboen tematikan sartzen zen. Orubea lehiaketarako hautatu zuten eta, gainera, proposamenak jasotzeko fasean, Europa osotik proposamen gehien jaso zituen kokapena izan zen, 43 proiekturekin –Rotterdamek baino bi gehiago–. Proposamen irabazlea orain idazketa-fasean dago.

2021eko deialdian, aurtengo deialdirako Sailaren beste kokapen-proposamen bat, Gipuzkoako Beizama udalerrian, Europan 16ren deialdiaren bidez proiektuak bilatzen dituzten 40 udalerrien artean hautatu dute; deialdia irailera arte dago zabalik. Une hauetan, Beizamakoa Europa osoan ekipoen inskripzio gehien erregistratu duen kokapena da. Gaur arte 64 inskripzio ditu, eta haien bidez XXI. mendean landa-ingurunean bizitzeko proposamen berritzaileak egingo dituzte.



Egitaraua prestatzen ari gara