Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren barruan, ehunetik gora jarduera egingo dira Euskadin urtea bukatu bitartean

 

  • Donostiako Alde Zaharra izango da Bienaleko gune nagusia, eta erakusketak, hitzaldi-zikloak, jardunaldi eta kongresuak, lantegiak, proiekzioak eta bisita gidatuak antolatu dira, denak ere arkitektura herritarrengana eramateko asmoz.
  • Gaur aurkeztu da programa. 25 erakunde eta elkartek parte hartu dute Mugak/-en. Aurten, izen eta itzal handiko arkitekto asko etorriko dira gurera: besteak beste, Álvaro Siza portugaldarra, Rafael Moneo espainiarra, Stephen Bates britainiarra, Lacaton&Vassal frantziarrak, Tatiana Bilbao mexikarra, eta Barclay eta Crousse perutarrak.
  • Oso indartsu dabiltzan Espainiako zenbait arkitekto gazte ere gure artean izango ditugu, hala nola Emiliano López, Mónica Rivera eta ADDENDA Architects estudioko lagunak. Bestalde, Alemaniatik Klaus Klemp, Martin Mantele eta René Spitz etorriko dira, Bienaleko erakusketa nagusian parte hartzera.
  • Unibertsitateak aktiboki parte hartzen du Mugak/-en; urriko hirugarren astean, Espainiako eta Europako zortzi Arkitektura Eskolatako 150 ikasle etorriko dira gurera.

 

Orain dela bi urte bezala, aurtengo udazkenean ere arkitekturak Euskadi osoa blaituko du. Mugak/ Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioan, jendeak ehunetik gora jardueratan doan parte hartzeko aukera izango du. Denetik egongo da aurtengo edizioan: erakusketak, lantegiak, hitzaldiak, jardunaldiak, kongresuak, proiekzioak, bisita gidatuak eta beste hainbat jarduera, denak ere arkitektura herritarrengana eramateko asmoz antolatuak.

Gutxi barru lotuko diren hari solte gutxi batzuk gorabehera, gaur goizean aurkeztu den programaren helburua ahalik eta “orekatuena, osoena, pluralena eta parte-hartzaileena” izatea da, Pedro Astigarraga arkitekto eta Mugak/-eko komisarioak azaldu duenez. Aurten ere, orain bi urte bezala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia, eta beste 24 erakunde eta elkarte ere laguntzaile modura aritu dira.

Nabarmentzeko moduko gonbidatu ugari; tartean, Frantziako, Alemaniako eta Poloniako Arkitektura Eskolak

Oraingoan ere, ezin aipatu gabe utzi Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskola buru-belarri aritu dela Bienalean, eta arkitekturako gure ikasleak Donostiako Alde Zaharrera aldatuko direla astebetez, Bienala in situ bizitzeko asmoz. Haiekin batera, Espainiako eta Europako 150 ikasle elkartuko dira urriaren 21etik 25era bitartean, Mugak/ 2019ko Eskolen Astean. Gazteak Toledotik, Coruñatik, Vallès-etik eta Sevillatik etorriko dira, bai eta Bordele eta Montpellier-etik (Frantzia), Karlsruhe-tik (Alemania) eta Wroclaw-etik (Polonia) ere.

Programako ehunetik gora jardueren artean, hogeiren bat erakusketa antolatu dira. Aurtengo edizioko erakusketa nagusia Ulm-eko Eskolari eskainiko diogu, eta Santa Teresa komentuko Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI) eta San Telmo Museoan egongo da ikusgai. Ulm-eko Eskolak 1953tik 1963ra bitartean iraun zuen, eta haren eragina berebizikoa izan da gaur egun mundu osoan ospetsuak diren Alemaniako enpresa handienen plangintzan, arkitekturan eta diseinuan.

Ulm-eko Eskolak sekulako bultzada eman zien hirigintzari, industria-arkitekturari, produktuen diseinuari, diseinu grafikoari eta komunikazioari. Eskolak jarraipena eman zion Weimar, Dessau eta Berlingo Bauhaus ezagunari (hain zuzen, aurten beteko dira 100 urte Bauhaus sortu zela). Ulm-eko Eskolako aurreneko errektorea Max Bill artista, arkitekto eta diseinatzaile suitzarra izan zen, Bauhaus-eko ikasle izandakoa hura ere. Erakusketarekin batera, Ulm-eko Eskolari buruzko jardunaldiak eta lantegiak ere antolatu dira, eta bertan egongo dira, Alemaniatik propio etorrita, Klaus Klemp, Martin Mantele eta René Spitz.

Beste erakusketa asko ere ikusgai egongo dira aurten; hona hemen lagintxo bat:

  • Nakagin Capsule Tower 1:1 instalazioa, Atari elkarteak antolatua eta 1972an Tokion eraikitako etxebizitza- eta bulego-sail enblematikoari eskainia. Tamaina errealeko bizitegi-kapsula baten erreplika ikusgai egongo da Donostiako Klub Nautikoko terrazetan.
  • Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolaturik, Belaunaldietan zeharreko etxebizitzak izeneko erakusketa bi lekutan egongo da ikusgai: lehenbizi, Zuloaga Plazan, eta, gero, Museum Cemento Rezolan. Erakusketa interaktibo honetan, gizartea diseinu-eredu berri baten beharraz sentsibilizatzea da erakusketa interaktibo honen helburua, eta arkitektura berritu beharraz hausnartzea ere bai, XXI. mendeko bizimodu- eta bizikidetza-eredu berrietara egokituriko etxebizitzak diseina ditzan.
  • Peña Ganchegui Artxiboaren proposamenez antolaturiko HIRU ELIZA. Arkitektura erlijioso errebisionista Gasteizen erakusketan, Gasteizen 1958tik 1968ra bitartean eraikitako hiru eliza aztertzen dira: bi aldi eta sasoi berean eraikiak dira (Aingeruetako Andre Mariaren eliza, Javier Carvajal eta José María García de Paredes arkitektoek diseinatua, eta Koroatzearen eliza, Miguel Fisac arkitektoak diseinatua), eta hirugarrena, San Frantzisko Asiskoaren eliza, hurrengo hamarkadan eraiki zuen Luis Peña Gancheguik. Donostiako Elizbarrutiko Museoan egongo da ikusgai erakusketa.
  • Bilbon, Zorrotzaurre: erriberatik uhartera izeneko erakusketa antolatu da, Zorrotzaurreko penintsulan egindako esku-hartzeari buruz Eraikune klusterrak antolatua.
  • Áncora elkarteak Donostiako Alde Zaharra eta Portua: Monumentu Multzoa erakusketa antolatu du Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI).

Mugak/-eko programazio ofiziala urriaren 10ean hasiko da. Egun horretan, euskal arkitekto gazteentzako 2019ko Pen?a Ganchegui sariak banatuko dira. Aurtengo ediziora aurkeztutako lanekin erakusketa bat antolatuko da Euskadiko Arkitektura Institutuan.

Gainera, Donostiako Altxerri, Arteko, Ekain eta Kur arte-galeriek ere hainbat erakusketa antolatuko dituzte.

Luxuzko hizlariak

Munduko arkitekto garrantzitsuenen gogoetak bertatik bertara entzuteko aukera ere eman nahi die herritarrei Mugak/-ek. Hitzaldi-zikloaren barruan, bi Pritzker saridun egongo dira: batetik, Álvaro Siza portugaldarra Carles Muro arkitekto katalanarekin arituko da elizen diseinuan egin duen ibilbide oparoaz hizketan; bestetik, Rafael Moneo arkitekto nafarra, Kursaal jauregia inauguratu zenetik 20 urte bete direla ospatzeko, solasean arituko da Iñaki Gabilondo kazetariarekin.

Hori gutxi ez, eta gaur egungo arkitekto garrantzitsuenetako bi ere gurean izango ditugu: Anne Lacaton eta Jean Philippe Vassal frantziarrak, Europar Batasunak ematen duen Mies van der Rohe saria jaso dutenak biak. Bienalari ekin baino lehentxoago etorriko dira bi arkitektoak Donostiara, eta irailaren 17tik 19ra bitartean Arkitektura Institutuan etxebizitzari buruz egitekoak diren udako ikastaroa itxiko dute.

Horiez gain, beste ehunen bat adituk ere parte hartuko dute aurtengo Mugak/ Bienalean. Denak aipatu ezin baditugu ere, hona hemen nabarmendu nahiko genituzkeen gutxi batzuk: Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse perutarrak, Tatiana Bilbao mexikarra eta Stephen Bates britainiarra, Sergison Bates estudioko kideetako bat. Espainiako zenbait arkitekto gazte ere etorriko dira, hala nola Emiliano López eta Mónica Rivera, bai eta ADDENDA Architects estudioko lagunak ere.

Hainbat proiekzio ere antolatu ditugu, bai eta zazpi lantegi ere (haurrentzakoak gehien-gehienak), eta jardunaldiak ere bai, hala nola Bilbon Zorrotzaurreri buruz antolaturikoa edo Gasteizen, Artium museoan, paisaiari eta hiriari buruz antolaturikoa. Jarduera bitxiagoak ere aurkituko ditu bisitariak: Urban Bat jaialdiarekin lotuta Bilborock guneak zuzenean eskainiko duen magazin bat eta Donostiako Trinitate plazan antolatu diren denetariko jarduerak, esate baterako.

Aurten, Mugak/-ek bat egingo du Euskal Hiria kongresuarekin, eta lurralde-plangintza aztergai harturik, hirigintzaren, arkitekturaren eta herritartasunaren arteko muga lausoak hautsiko ditu.

Giroa berotzeko, ostiral honetan bertan, Bienalaren aurretiko jarduerei ekin, eta erakusketa bat inauguratuko dugu Arkitektura Eskolan, Juan Jiménezen eskutik.



Egitaraua prestatzen ari gara