Mugak/ Arkitektura Bienalak kultur edukia sortzeko laguntzak eskaintzen ditu bere 2023ko laugarren ediziorako
1970 Urtarrila 1
Argazkia: Mikel Blasco
- Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak otsailaren 4ra arteko epea ireki du hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea sustatzeko eta zabaltzeko proposamenak aurkezteko, erakusketa, hitzaldi, tailer edo argitalpenen bidez.
- Mugak/ 2023 ‘Berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ izenburupean, kontzeptu horien inguruan gogoeta egiten duten proiektuak bultzatuko ditu, gaur egungo larrialdiko testuinguruan oinarrituta, non bizirik irauteko balio duen sormen ausart eta disruptiboa sortzen den.
- Bienalaren hurrengo edizioa azaroan egingo da, eta herritarrekin interakzioa sortzen duten proiektuak bilatzen ditu. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan pabilioiak edo kanpoko instalazioak sortzea sustatuko da. Erakusketa, jardunaldi eta argitalpenetarako diru-kopurua 300.000 eurokoa izango da.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak laguntza-deialdi bat argitaratu du gaur, Mugak/ Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko laugarren Bienalaren esparruan kultura-edukia sortzeko, 2023ko azaroan ospatuko dena.
‘Berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ izenburua duen edizio berri honek kontzeptu horiei buruzko hausnarketa egiten duten proiektuak bultzatuko ditu, gaur egungo larrialdiko testuinguruan oinarrituta, non bizirik irauteko balio duen sormen ausart eta disruptiboa sortzen den. Horrela, Euskadiko hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea jorratuko dituzten jarduerak bilatzen dira, balio arkitektoniko eraikinak edo hiri-espazioak barne, edizio honen esparru teorikoa oinarritzat hartuta.
Deialdia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta hirigintza-diseinuarekin eta arkitektura garaikidearekin zerikusia duten enpresa sustatzaile eta eraikitzaileei, estudio, elkargo profesionalei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzenduta dago. Jarduera guztien kostu osoa gobernuko laguntzekin osatu ahalko dira, baina jarduera horiek garatzeko beste finantzabide batzuk dituztenak baloratuko dira. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 4an amaitzen da.
Dirulaguntza horiek arautzen eta deitzen dituen Aginduak erakusketak, jardunaldiak, hitzaldiak eta argitalpenak sortzeko laguntzak mantendu ditu. Aurten, gainera, aurrekontu-zuzkidura 300.000 eurora arte handituko da.
Diruz lagunduko diren jarduerak Mugak/ Bienalean garatuko dira, 2023ko azaroan. Zehazki, hurrengo edizioan herritarrekin elkarreragina sortuko duten proiektuak bilatuko dira, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan kanpoko pabiloiak edo instalazioak sortzea sustatuko da.
Diruz lagundutako jardueren tipologia
Aurreko deialdietan bezala, hiru laguntza-esparru independente identifikatzen dira jarduera motaren arabera. Lehenengoak Euskadiko hirigintza-diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko dibulgazio-erakusketak biltzen ditu. Instalazioak ekoizpen propiokoak izan daitezke, edo Euskaditik pasatuko diren erakusketa ibiltariak ere bai. Arkitektura gizarteari, oro har, hurbiltzeko asmoz, pabilioiak edo aldi baterako instalazioak sortzea bultzatuko da, proposatutako eduki kulturala hartuko dutenak. Hainbat irizpide baloratuko dira, hala nola elementuaren kalitate arkitektonikoa, haren diseinuaz arduratzen den taldearen esperientzia, kultura-balioa... Laguntza-esparru honetarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura 225.000 eurokoa da, eta proiektu bakoitzeko gehienez 75.000 euro emango dira.
Bigarren laguntza-esparrua Euskadiko hirigintza-diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak sortzera zuzenduta dago. Esparru honetarako ezarritako aurrekontu-zuzkidura 50.000 eurokoa da, eta gehienez 40.000 euro emango dira proiektu bakoitzeko.
Hirugarren laguntza esparruak Mugak/ Bienalaren barruan garatzen diren argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoak laguntzen ditu. Ildo horretan kokatzen dira Euskadiko hirigintza-diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko argitalpenak, liburuak edo dibulgazio-gidak argitaratzea eta dokumentalak eta webguneak egitea. Kasu honetan, Aginduak 25.000 euroko zenbatekoa du, proiektu bakoitzeko 20.000 euro arte.
Dirulaguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira. Jarduerek % 100eko azpikontratazioa izan dezakete, eta ahalik eta elkarreragin handiena bilatu beharko dute gizartean.
Laguntzen xehetasun eta baldintza zehatz guztiak gaur, urtarrilaren 3an, Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako deialdiaren Aginduan kontsulta daitezke.
Informazio gehigarria:
945 011 810 bienalmugak@euskadi.eus edo Zuzenean zerbitzuan eskuragarri dauden herritarren arretarako kanalen bidez.