Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Donostiako Alde Zaharreko eta Portuko altxor ezkutuak erakutsiko ditu Mugak/ek erakusketa batean

  • Donostia da bere gune historikokoagatik babesa jasotzen duen Euskadiko hiru hiriburuetako azkena, nahiz bertan 4.000 lagun inguru bizi diren.
  • Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioan antolatutako  hogei erakusketetatik, Ancora elkarteren eskutik datorren hau da azkenetako bat.

Donostiako Alde Zaharra eta Portua: Monumentu Multzoa erakusketa inauguratuko da bihar, azaroak 27, Euskadiko Arkitektura Institutuan eta Mugak/ Euskadiko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren barruan betiere. Ancora elkarteak antolaturik, Eusko Jaurlaritzak gure hiriko gune historikoa monumentu-multzo izendatu izana ospatzea da erakusketaren helburua, herritarrei haren berezitasunen berri ematearekin batera.

Ibilbidea bitan banatzen da: batetik, portua, eta bestetik, berriz, hogei bat kale; eta horiekin guztiekin batera, bertako eraikin berezienen 300 argazki eta plano baino gehiago, bai eta Alde Zaharreko bizimoduari buruzko dokumental bateko pasarte bat ere. Ancora elkarteak gogorarazi du orain 32 urte ekin zitzaiola gune historikoa eta portua babesteko prozedurari, eta orain gutxi, joan den apirilean, lortu dela azkenean ere Donostiako Alde Zaharra eta portua monumentu-multzo izendatzea.

1813an hiria suntsitu ondoren Alde Zaharra berreraiki zen moduak oso berezi egiten du Donostiako leku hau. Pedro Manuel Ugartemendiari zor zaio Alde Zaharraren hirigintza-plana sortu izana, eta horretan, Ancora elkarteko kideek esplikatu dutenez, “oso zorrotz kontrolatu zuen eraikinen fatxaden eta beste eraikuntza-alderdi askoren diseinua, gune historikoari gaur egun hain preziatua den batasun harmoniatsu hori ematen diona”. Horrekin batera, 1814an sortu zen eta gerora huts egin zuen proiektu bat ikusteko aukera ere egongo da erakusketan, eta 3Dn ikustekoa gainera: Alde Zahar utopiko hura, osaera erradialekoa, plaza nagusi oktogonal batetik abiatzen zen, baina jendeak berehala egin zuen hura eraikitzearen aurka.

Erakusketa urtarrilaren 12ra arte egongo da zabalik, eta artxibo- eta ikerketa-lan ikaragarria ezkutatzen du atzean. Horren ondorioz, hiriko Alde Zaharra eta porta eraikitzeko prozesuari buruzko datu berri asko jakiteko aukera izango dute bertara joaten direnek.

José María Unsain, Eneko Oronoz eta Alberto Fernández-D’Arlas dira erakusketaren komisarioak, eta publikoari Alde Zaharrak dituen “balio kulturalak” transmititzea dute helburu, haren sortzaileei buruzko informazioa eskaintzeaz batera: “arkitektoei buruzkoa, baina baita obra-maisu eta eraikin nagusien sustatzaile izan ziren merkatari partikularrei buruzkoa ere”. Tartean jende asko ibili bazen ere, badira batzuk oso-oso inportanteak, hala nola Silvestre Pérez Madrilgo udal arkitektoa, XIX. mendeko arkitekturaren historian itzal eta ospe handiak izan zituena eta Donostian bertan ere eraikin asko sortu zituena.

Dekretuak sei babes-maila hartzen ditu barnean: oinarrizko babes-mailan etxebizitza gehientsuenak sartzen dira; hurrena, zenbait bizitegi-multzo datoz, hala nola Konstituzio eta Trinitate plazak, bai eta Antzoki Zaharra, Kaiko Ermita, Aquariuma eta Itsas Museoa, eta azkenik, babes-maila berezienean, Koruko Ama Birjinaren basilika, San Bizente eliza, San Telmo museoa, Santa Teresa komentua (aldamenean dago Euskadiko Arkitektura Institutua, aurtengo Bienalaren egoitza nagusia, eta bertan dago ikusgai erakusketa), liburutegia eta Udaletxe zaharra.

Ancora elkarteak nabarmendu duenez, “arkitektura aintzat har dadin lortzea da erakusketaren helburua, eta batez ere, jendeak eraikin historikoak gero preziatuagoak izan ditzan lortzea, halakoak hiriaren oinarri-oinarrizko parte diren aldetik”.

Hitzaldi-zikloa

Erakusketarekin batera, Ancora elkarteak hitzaldi-ziklo bat ere antolatu du (denak ere arratsaldeko 19:00etan, Euskadiko Arkitektura Institutuan), monumentu-multzoarekin lotutako hainbat alderdi aztertzeko: azaroaren 27an, José Javier Pi Chevrotek Hércules Torrelliren Plaza Berria (1715-1723): eraikuntza-gorabeherak hitzaldia emango du; azaroaren 29an, Mariano Ruiz de Aelen txanda izango da, Gure iraganaren geroa: Donostiako gune historikoaren kasua hitzaldiarekin; abenduaren 3an, Xabier Arberas ariko da hizlari, Gentrifikazioa eta turistifikazioa: Alde Zaharrean bizitzeko eskubidea gaitzat hartuta, eta azkenik, abenduaren 4an, José Laborda Ynevak Akademizismoa Donostia berreraikitzeko prozesuan hitzaldia emango du. Gainera, bisita gidatuak ere antolatuko dira, erakusketaren komisarioak gidari direla.

Mugak/ Bienalari buruz

Bigarren edizioa du aurtengoa Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, eta ehundik gora jarduera antolatu ditu arkitektura gizartera hurbiltzeko eta hura beste diziplina batzuekin lotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia. Mugak/ek bidegurutze izateko asmoa du, hau da, elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatsuago baten mugak definitzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara