Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ 2021-ek arkitekturaz beteko ditu hiru euskal hiriburuak, berrogeita hamar erakusketa, hitzaldi, proiekzio eta tailer baino gehiagorekin

  • Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak herritar guztientzako agendaren berri eman du, hirugarren edizioan parte hartzen duten 16 elkarte eta entitateekin batera.
  • Diziplina honek Euskadin duen hitzordurik handiena datorren urriaren 27an inauguratuko da Donostiako Antzoki Zaharrean, Carme Pinós arkitekto katalanaren hitzaldi batekin.
  • Lehenengo aldiz, Bilbon eta Gasteizen ere izango dira erakusketak. Horietako bat Juan Daniel Fullaondo arkitekto bilbotarrari eskainia eta bestea Euskadiko etxebizitza publikoari buruzkoa, hurrenez hurren.
  • Nazioartean garrantzia duten arkitekturako profesionalek, hala nola Rudy Ricciotti frantziarrak, bat egingo dute, datorren azaroan, Mugak/-etik igaroko den zerrendarekin.

Euskadiko arkitekturaren hitzordu garrantzitsuena datorren azaroan egingo da berriro: Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak 19 erakusketa, 29 hitzaldi, bederatzi tailer, sei argitalpen, bi biltzar profesional eta beste zazpi jarduera hurbilduko ditu aurten Euskal Herrira, arkitektura eta hirigintza herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Ostiral honetan bere programazioa aurkeztu da Euskadiko Arkitektura Institutuan. Urriaren 27an hasiko da, Carme Pinós arkitektoak Donostiako Antzoki Zaharrean egingo duen inaugurazio hitzaldiarekin. Katalana izango da, halaber, aurtengo erakusketa nagusiaren protagonista.

‘Ondarea eta Modernitatea’ lelopean Donostian, Bilbon eta Gasteizen azaroaren 30era arte egingo den Mugak/ Bienalaren hirugarren edizio honetan 16 elkarte eta entitatek parte hartuko dute. “Hiriaren garapena eraikitakoaren eta eraiki daitekeenaren, denaren eta izango denaren arteko diatriba gisa agertzen den eszenatoki baten aurrean gaude; arkitekturak akademia utzi eta herritarren eztabaidan murgildu den une batean. Mugak/-ek diziplinaren eta herritarren arteko elkarrizketa ahalbidetzen du, hiri bizigarriak eraikitzeko hain beharrezkoa dena”, adierazi du aurkezpenean Jose Angel Medinak, edizio honetako komisarioak.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin (Bienalaren antolaketaren buruarekin) bat egin duten erakundeak honako hauek dira: Peña Ganchegui Artxiboa, Arkupe, DAGGE Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkartea, Atari, Baskegur, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (COAVN/EHAEO), Elías Querejeta Zine Eskola (EQZE), Eraikune, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (ETSA/AGET), Espacio Reflex, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatea, Habic, Maushaus, Museum Cemento Rezola, Sestao Berri eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia.

Artitekturaz beteriko hilabetea Euskadi osoan zehar

Lehen aldiz, Mugak/-en programak hiru euskal probintzietan banatu du bere erakusketa-proposamena. Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak (Zuzendaritza horrek sustatzen du Mugak/) nabarmendu duenez, "etorkizuneko hirien eta etxebizitzen konfiguraziorako funtsezkoa den une honetan, Bienalak aurrera egiten du arkitektura Euskadiko pertsona guztiei hurbiltzeko, diziplina horren eta herritarren arteko eztabaida bultzatzeko eta diziplina horretaz askotariko formatu eta ikuspegiekin gozatzeko aukera emateko".

Erakusketa nagusia, ‘Testuingurua eta kontzeptuak’, Euskadiko Arkitektura Institutuan egongo da, Donostiako Alde Zaharrean. Urriaren 28an irekiko da, eta 2022ko otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai. Carme Pinósen zenbait proiektu testuinguru gisa hartuta, nazioarteko izen handiko profesional honen sormen-prozesuan sakonduko da, bere arkitekturaren egiteko modua azaltzen duten sei kontzepturen bidez: hiri artikulatua, dinamismoa errotaziotik, bizpahiru elementuren jokoa, egituraren adierazpena, lurrarekiko sinbiosia eta planoen tolesdura.

Donostian, nazioarteko erreferente horri buruzko erakusketa Euskadiko arkitekturako profesionalen belaunaldi berrien bizikide izango da, eta horiek ere beren lekua izango dute. Ildo horretan, Euskal Arkitektura Gaztea saritzen duen Peña Ganchegui saria, 2021ean Ocamica Tudanca Arquitectosi emandakoa, Santa Maria Basilikaren kanpoaldean egingo den erakusketa baten protagonista izango da, hiru aipamen bereziekin batera, urriaren 28tik aurrera. Halaber Donostiako Alde Zaharrean, EHAEOk ‘Arantzazu 70 urte’ inauguratuko du D' Museoan urriaren 30ean, Luis Laorga eta Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoen lana balioesteko, Basilikako lanak hasi zirenetik 70 urte bete direnean. Bestalde, Museum Cemento Rezolak azaroaren 4an irekiko duen ‘Hiria pentsatzen’ delakoarekin hiri bizigarriagoak eta erresilienteagoak eraikitzeko eragile aktibo gisa kokatzeko deia egingo die herritarrei. DAGGE Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrián, Ekain eta Kur) ere bat egin du erakusketa-proposamenekin azaroaren 12tik aurrera.

Hurrengo astean Bilbon izango dira irekierak, eta bertan ‘Juan Daniel Fullaondoren Bilboko arkitekturak (1964/1978)’ erakusketa nabarmenduko da. UPV/EHUko ETSA/AGETek inauguratuko du erakusketa, azaroaren 10ean, EHAEOren egoitzan, eta arkitektoak bere hiriarekin duen lotura bizia izango du ardatz. Arkitektura Eskolak ‘Joseph Hiriart. Art Déco-aren maisua’ ere inauguratuko du hilaren 10ean, Institutu Frantsesaren kanpoaldean, Bizkaiko hiriburuan. Azaroaren 11n, Euskadi Plaza izango da Habic-en "Diseinuaren Artisauak" erakusketa ibiltariaren lehen geltokia. Hiru hiriburuak zeharkatuko ditu, 70eko eta 80ko hamarkadetan diseinuzko altzariak Euskadiko industria-sektore berri bihurtu zituztenen ibilbidea kontatuz. Era berean Bilbon, Arkupe elkarteak ‘Manuel I. Galíndez, arkitektoa’ irekiko du hilaren 13an Bizkaia Aretoan.

Azaroko hirugarren astean Gasteizko inaugurazioen txanda izango da. Hiriak hartuko duen erakusketa nagusia ‘Housing the Basque Country’ izango da. Azaroaren 18an iritsiko da Amarica aretora, eta etxebizitza publikoko politikaren ia 40 urteko emaitzak erakutsiko ditu, 1981ean eskumena Eusko Jaurlaritzari transferitu zitzaionetik gaur egun arte. Habicen erakusketa ibiltaria ere hilaren 18an lurreratuko da Arabako hiriburuan, eta Aihotz Plazan egongo da 24ra arte, orduan abiatuko baita Donostiako azken geltokira.

Gipuzkoako hiriburuan, berriz ere, UPV/EHUko ETSA/AGETek berak, Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan, ‘Zinemaren arkitektura Donostian’ inauguratuko du azaroaren 23an, zazpigarren arteari eskainitako Donostiako espazioetan barrena egindako ibilbide historikoa. Arkitektura Eskolak beste bi erakusketa gehitu ditu: ‘Ilustrazioko pasealeku eta zumardiak Euskal Herrian" eta arkitektura masterraren amaierako lanei buruzko erakusketa, biak Donostiako campusean.

Rudy Ricciottik bat egin du programarekin

Bere erakusketa-eskaintza zabalaz gain, Bienalak nazioarteko arkitekturako profesional garrantzitsuak erakarriko ditu Euskadira. Horien artean, Christian Kerez suitzarra nabarmentzen da, pertsonen arteko interakziorako espazio harrigarriak eratzen dituzten egituren sorkuntzan maisutasuna izateagatik ezaguna, besteak beste, Oberrealtako Kapera, Zuricheko Leutschenbach Eskola, Forsterstrasseko (Zurich) apartamentu eraikin bat, Brasilen interes sozialeko etxebizitzak eskala handian garatzeko proiektua eta Varderviako Arte Museorako proiektua bezalako lanekin. Londresko 6a Architects, Barozzi Veiga eta Bartzelonako Oscar Tusquets, arkitekturaren pentsalari eta asaldatzaile gisa egindako lanagatik ezaguna, ere nabarmentzen dira.

Zerrenda horri beste arkitekto ospetsu batzuk gehitu zaizkio, hala nola Rudy Ricciotti frantziarra, bere herrialdeko ospetsuenetako bat. Arkitektura-probokatzaile nagusia da bera eta, aldi berean, karga poetiko handiko lanak egiten ditu. Ricciotti hormigoiaren erabileraren maisuetako bat da, eta sari ugari jaso ditu Frantzian, hala nola Arkitekturako Sari Nazionala 2006an edo Arkitekturaren Akademiaren Urrezko Domina. Besteak beste, Europako eta Mediterraneoko Zibilizazioen Museoa Marseillan, Arte Islamikoen Departamentua Louvren, Bakearen Zubia Seulen, Nikolaisaal Filarmonikoa Potsdamen (Alemania) eta Rivesalteseko kontzentrazio-esparruaren Memoriala Frantziako hegoaldean bezalako lan ezagunen egilea da.

Mugak/ 2021 programaren berrikuntzetako bat ‘Galernak’ film laburren lehiaketa izango da, non Arku Atlantiko osoko arkitektura eskoletako ikasleek egindako ikus-entzunezko piezak parte hartzen duten. Azaroaren 23tik 26ra izango da Euskadiko Arkitektura Institutuan, eta arkitekturarekin eta zinemarekin lotutako jardunaldi eta hitzaldiekin osatuko da. Horien artean Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak antolatutakoa nabarmentzen da, Mugak/-ekin lehen aldiz kolaboratzaile gisa bat egiten duena. ‘Zinemaldiak eta hiri-eraldaketak’ izenburupean, jardunaldi profesionalak Venezia, Cannes eta Berlinaleko arduradunak bilduko ditu, besteak beste.

Publiko guztietara iristeko asmoz, Mugak/-ek haur, familia, gazte eta helduentzako tailerrak ere hartuko ditu. Tailer horiek Maushausek, EHAEOk, Espacio Reflexek eta Eraikunek sustatuko dituzte, pertsonek Bienalean modu aktiboan parte hartu ahal izateko bederatzi aukeratan.

Gainera, bi kongresu profesional Mugak/-en parte izango dira: batetik, hirien garapenari buruzko Euskal Hiria egingo da Gasteizen azaroaren 29an eta 30ean; bestetik, lehen aldiz, Europan Europe nazioarteko topaketa egingo da Donostian, arkitekturaren berrikuntzarako nazioarteko apustu handienetako bat, aurreko edizioan saritutako proiektuei buruzko erakusketa bat duena.

 



Egitaraua prestatzen ari gara