Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

‘Galernak’ Atlantikoko Arkitektura Zine Festibala jaio da Mugak/ Arkitektura Bienalaren testuinguruan

  • Txapelketa azaroaren 23tik 26ra ospatuko da Donostian, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren III edizioan, eta bertan Europa osoko arkitektura ikasleen film laburrek parte hartu dezakete.
  • Deialdia UPV/EHUren Arkitektura Eskolaren ekimen bat da, Elias Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin.

‘Galernak’ Atlantikoko Arkitektura Zine Festibalak bere lehenengo edizioa ospatuko du 2021eko azaroan. Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren testuinguruan izango da, hilabete osoan zehar hirugarren edizioa ospatuko duena. Lehiaketaren deialdia UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak (AGETak) igarri du, Elias Querejeta Zine Eskolaren (EQZEren) laguntzarekin, eta zinemaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketa bat sortzea du helburu, Europa osoko arkitektura ikasleek egindako film laburren bidez.

‘Galernak’ azaroaren 23tik 26ra ospatuko da Donostian, eta dokumentalak, fikzio-piezak edo beste edozein zine-genero bilatzen ditu, arku atlantikoari buruzko begirada arkitektonikoa eskainiko dutenak. Hautatutako film laburrak jendaurrean erakutsiko dira egun horietan zehar, eta ekintza ugariko programa baten parte izango dira: arkitektura eta zinemako espezialisten hitzaldiak, eragin handiko flimak eta Donostiako zinemaren historiari buruzko erakusketa batek osatzen dute.

Zikloaren helburua zinea eta arkitekturaren arteko elkarrizketa bat sortzea da, etorkizuneko hirigintza- eta arkitektura-egitasmo berrietarako alternatibak proposatzeko. Hautaketa-batzordea EQZE eta ETSAko hainbat ikaslek osatuko dute, eta epaimahaia zinearen eta arkitekturaren profesionalek. Lehiaketan hiru sari banatuko dira: Film Labur Onenari Galernak saria, 2.500€rekin esleitua; Galernak Begirada saria, pieza arkitektonikoenari, 1.000€rekin esleitua; eta Publikoaren Galernak saria, bertaratutako publikoak aukeratuko duena eta 500€rekin esleitua.

Atlantikoa: lotura puntua

Galerna bat bat-bateko denborale bortitza da, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haize-bolada indartsuekin, kosta atlantikoa jotzen duena. Egun bero eta goxoetan agertzen da, fronte hotz bat iristearekin batera haizearen noranzkoa eta intentsitatea bat-batean aldatzen direnean. Frantzesez galerne deritzo, bretoieraz gwalarn, gaelikoz géile eta zeltek haizeari gal esaten zioten; erro komun bat lurralde jakin batean ematen den fenomeno batentzat, beste ezaugarri batzuk ere partekatzen dituena, hala nola landaretza, paisaia, tradizioak edo gastronomia.

Fenomeno meteorologikoaren izena hartuta, ‘Galernak’ Atlantikoko Arkitektura Zine Festibala jaio da, arkitekturaren, lurraldearen eta paisaiaren ikuspegian oinarriturik atlantikokoaren inguruko gogoeta bat sortzeko elkargunea izateko asmoz. Europako arkitektura ikasleen begirada ezagutu nahi du, edozein eskalako proiektuak planteatzeko unean lurralde honetako tresnak eta estrategiak partekatzea ahalbidetuko duen ziklo bat abian jartzeko.

Talentu gazteak lagundu eta bultzatzeko asmoarekin eta ‘atlantikoa’ gaitzat hartuta, ‘Galernak’ Europa osoko Arkitektura Goi Eskola Teknikoetako ikasleei zuzenduta dago. Proposaturiko gaia jorratzen duten film laburrekin parte hartu ahal izango dute, hau da, paisaia, arku atlantikoaren paisaia, lurraldea, hiriak, arkitektura, artea, tradizioak eta kultura biltzen dituen kontzeptuarekin.

Parte-hartzaileek arkitekturako ikasle direla frogatu beharko dute, matrikularen kopia bat, unibertsitatearen ziurtagiri bat edo hori egiaztatzen duen beste dokumenturen bat aurkeztuz. Ikasle bakoitzak argitaratuak izan ez diren hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, txapelketa aurreko 12 hilabeteetan eginak, edozein formatutan eta edozein gailu edo kamararekin grabatuta. Ikusentzunezko pieza bakoitzaren luzera 20 minutu baino gutxiagokoa izan beharko da, eta jatorrizko hizkuntzan aurkeztuko dira. Euskaraz, gazteleraz edo ingelesez ez badira, kopiak azpitituluak izan beharko ditu.

Parte hartu nahi dutenek proiektuak martxan jarri ditzakete, eta 2021eko irailaren 1etik urriaren 15era bitartean inskribatu. Horretarako inskripzio-buletin bat erabiliko da, bideora esteka pribatu bat duena. Esteka hori Vimeora edo Youtubera igota egon beharko da, eta galernak.ets.arquitectura@ehu.eus helbidera bidali beharko da. Oinarri guztiak UPV/EHUren webgunean kontsulta daitezke.

Hautaketa-batzordeak 12 pieza aukeratu ahal izango ditu gehienez, eta 2021eko urriaren 22an jakinaraziko die parte-hartzaileei posta elektroniko bidez. Hautatutako lanak 2021eko azaroaren 23tik eta 25era bitartean erakutsiko dira, Mugak/ Bienalean, eta azaroaren 26an sari-banaketa egingo da.



Egitaraua prestatzen ari gara