Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Euskal Hiria kongresuak euskal hirien etorkizun-gakoak zehaztuko ditu datorren astean

  • Eusko Jaurlaritzak eta ONU-Hábitatek antolatutako foro honek Europako, Espainiako, eskualdeko eta tokiko adituak biltzen ditu. Astelehenean, hilak 29, eta asteartean, hilak 30, izango da Gasteizen, Modalitate hibridoan (aurrez aurrekoa eta online).
  • Eredu zehatzak aurkeztuko dira, hala nola Parisko ‘15 minutuko hiria’, edo hiri plangintzako esperientziak Somalian edo Yemenen. Gainera, Bilbo eremu Metropolitanoaren, euskal itsasertzaren eta Arabaren etorkizunaren gakoak ere argituko dira.
  • Nazioarteko 200 parte-hartzaile eta hizlarien artean, honako hauek egongo dira: Katja Schäfer (ONU-Hábitateko eskualdearteko aholkularia), Iñaki Arriola sailburua, Carmen Sánchez-Miranda (ONU-Hábitatek Espainian duen bulegoko burua), Shipra Narang Suri (ONU-Habitateko Hiri Praktiken Azpiataleko burua), Carlos Moreno (IAE Paris-Sorbonne), Laura Valentina Corsetti (Europako Batzordea), David Lucas (Espainiako Gobernuko Hiri-Agenda eta Etxebizitzako idazkaria), Dolores Bu (Espainiako Gobernua), Dolores Huerta (Green Building Council), Cristina del Pozo (Rey Juan Carlos Unibertsitatea) edo José Moisés Martín (Red2Red).

Euskal Atonomia Erkidegoaren etorkizuna Euskal Hiria bezalako foroetan zehazten da. Kongresu honek 20 urte bete ditu eta oraingo honetan “susperraldi sozioekonomiko berdea nola lortu” du ardatz bezala. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatu du, ONU-Habitatekin elkarlanean, ‘Hiriko esku-hartzea lurralde osasungarriagoa lortzeko tresna gisa’ izeneko programarekin. Bi egunez egingo da, hilaren 29an (astelehena) eta 30ean (asteartea), Gasteizko Europa Jauregian. Aurrez aurre zein online jarraitu ahal izango da kongresua. 

Kongresuan parte hartuko duten 200 adituek praktika onen adibide ugari aurkeztuko dituzte. Batzuk ingurune hurbiletik datoz: Euskadi plangintzaren adibidetzat hartzen da. Izan ere, bere hirigintzan iraunkortasunera bideratutako metodo aurreratuak aplikatzen ditu. Beste esperientzia batzuk autonomia-erkidego desberdinetatik etorriko dira, baita Europako beste herrialde batzuetatik ere.  Astelehenean, Iñaki Arriola sailburuak eta Carmen Sánchez-Miranda ONU-Habitateko Espainiako bulegoko buruak kongresuari hasiera eman ondoren, Sara de la Ricak (EHUko Ekonomia katedraduna) hitzaldia bat emango du, eta ondoren Katja Schäfer, ONU-Habitat-eko eskualdearteko aholkularia, hiri planifikatzaile gisa Somalian, Yemenen, Arabiar Eskualdean edo huts egindako estatuetan izandako esperientzia kontatu ahal izango du, lan egiteko leku oso konplexuak. Euskal Hiriak ikuspegi europarra, estatukoa eta autonomikoa izango du, eta hiriko esku-hartzearekin lotutako alderdi sozialak eta ingurumenekoak nabarmenduko ditu.

Kongresua lau ardatz tematikotan oinarrituko da: ‘Hiri-berroneratzea eta berreskuratze-planak’, ‘Hiria eta eremua, funtsezko erronkak’, ‘Hiri-eraldaketa gizartean: osasuna, berdintasuna, kultura, enplegua’ eta ‘xede berdea: klima-aldaketara egokitzea eta bere efektuak gutxitzea’. 

Esperientzia zehatzak 

Bertaratutakoek hobeto ezagutu ahal izango dute berreskuratze-funtsak nola aplikatuko diren. Bertan izango dira, besteak beste, Valentina Corsetti, Espainia eta Portugalerako Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko programaren arduraduna, David Lucas, Espainiako Gobernuko Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari Nagusia, eta Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendarako sailburuordea, Miguel de los Toyos, besteak beste. 

Kongresua kasu konkretuak bertatik bertara ezagutzeko ere baliagarria izango da Paris eta ‘hiria 15 minututan’ adibidez, Paris-Sorbonne IAEko Ekintzailetza, Lurralde eta Berrikuntza Katedrako zuzendari zientifikoa den Carlos Morenoren eskutik. Mahai-inguru batean parte hartuko du Juan Requejo aholkulariarekin, José María Ezquiaga arkitektoarekin, Idoia Garayrekin (Bizkaiko Foru Aldundia), Idoia Postigorekin (Bilbao Metropoli 30) eta Paul Lecroatekin (Parisko Metropoli-eskualdeko Plangintza Agentzia). Astearteko saioan Joan Clos ONU-Habitat-eko zuzendari ohi eta Bartzelonako alkate ohia izango da irekiera ekitaldian. Ondoren, gizarteak hiria birmoldatzeko dituen moduei buruzko saio bat egongo da.

Hiri-berroneratzeak protagonismoa izango du, Europan, Euskadin, Extremaduran edo Madrilen izandako esperientzien presentziarekin. Ingurumenari dagokionez, eraikinen aztarna berdea bezalako ekimenak ezagutuko dira, tokiko eta eskualdeko planez gain. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertza babesteko Lurraldearen Arloko Planak edo Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Plan Partziala aurkeztuko dira. Azken plan horrek datozen 20 urteetan zer etorkizun izango duen zehaztuko du 35 udalerrik eta EAEko biztanleriaren ia erdiak hartzen duen eremu horrek. Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxarako planen etorkizuna ere jorratuko da. Kongresua ONU-Habitaten Hiri Praktiken Azpiatalburuak itxiko du, Shipra Narang Surik.    

Euskal Hiri Agenda 

Euskal Hiria Bultzatu 2050 izeneko Hiri Agenda onartu eta urtebetera egin da. Dokumentu horretan, euskal hiri eta herrien etorkizuna norantz doan zehazten da, eta 8 lehentasun estrategiko zehazten dira, 31 esku-hartze ardatzetan eta 105 jarduera-ildotan antolatuta. Horrekin, Euskadi lurralde-plangintzaren eta politika iraunkorren buruan finkatu da. Euskal plangintza bat dator Europako jarraibideekin eta ONU-Habitatek ezarritakoekin; horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu da kongresu hau antolatzeko.

Programa osoa hemen



Egitaraua prestatzen ari gara