Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Etxebizitza Sailak Mugak/ Arkitekturako III. Bienala jarri du abian; azaroan izango da, Donostian, Bilbon eta Gasteizen

Argazkia: Miquel Tres

  • Erakusketa handi bat antolatuko da Euskadiko Arkitektura Institutuan, Carme Pinós arkitekto ezagunaren eskutik; erakusketa Mugak/ bienalaren hirugarren edizioaren elementu zentrala izango da.
  • José Angel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria da hirugarren edizio horren komisarioa.

Etxebizitza Sailak, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren eta Arkitektura Institutuaren bidez, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako Bienalaren hirugarren edizioa diseinatzen eta antolatzen hasi da; datorren azaroan izango da, eta ekitaldiak antolatuko dira hiru hiriburuetan. Bienalaren erakusketa zentrala Euskadiko Arkitektura Institutuak Donostia-San Sebastiánen duen egoitzan izango da, eta Carme Pinós arkitektoaren lanari buruzkoa izango da.

Mugak/en aurtengo edizioaren gaia “Ondarea eta modernitatea” izango da, eta hura izango da ekitaldi eta jardueren ardatz egituratzailea; edizioa antolatzeko, aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolak dihardu elkarlanean eta Arkitektoen Elkargo Ofizialak, Eraikune eraikuntza-klusterrak eta Habic altzari-ekipamenduen eta diseinuaren klusterrak edo Peña Ganchegui artxiboak parte hartzen, besteak beste.  

Bienala antolatzeko eta koordinatzeko komisario arduraduna José Angel Medina arkitektoa da, gaur egun Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria; Euskadiko Arkitektura Institutua izango da hirugarren edizioaren nukleoa. Nahiz eta COVID-19aren osasun-krisiak aurrez aurreko formatu batzuk birpentsatzera behartzen gaituen eta edizioaren edukiera epidemiaren bilakaeraren ondorioz murriztuta egon daitekeen, erakusketek jarraituko dute Bienalaren bide zentrala izaten, Euskadiko hiru hiriburuetako aretoetan eta kaleetan.

Erakusketa nagusia

2017an erakusketa nagusia RCR Arquitectes estudioari eskaini zitzaion –urte horretako Pritzker saria– eta 2019an, Ulm Eskolaren eta Braun konpainiaren diseinuari. Hirugarren edizio honetan, Carme Pinòs (Bartzelona, 1954) arkitekto ezagunaren lanari eskainiko zaio. Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitza Donostiako Santa Teresa antzinako komentuan dago, eta bertan egongo da ikusgai erakusketa monografikoa; erakusketaren zehaztapenean eta edukietan ari da lanean, dagoeneko, arkitektoa bera.

Carme Pinós azken hamarkadotako arkitekto garrantzitsuenetako bat da, eta nazioarte-mailan ibilbide luzea du. Iberiar penintsulako arkitekturaren betiko outsider-a da; karrera senarrarekin hasi zuen, Enric Miralles hildakoarekin, eta zenbait eraikin garrantzitsu sinatu zituen, besteak beste: Igualadako hilerria edo 1992ko Bartzelonako Olinpiadetarako Arku Tiro zentroa. Eraikin horiek erreferentziazko bilakatu dira gaur egungo arkitekturan. Gerora, Pinós karrera arrakastatsua izaten hasi zen, bakarka, nazioarte-mailan, bere estudioarekin; Frantziako, Australiako edo Mexikoko eraikin ezagun batzuen egilea da. Espainian, besteak beste, proiektu berezi batzuk aipatu behar dira: Zaragozako Caixa Fórum eraikina edo Bartzelonako Gardunya plazaren birmoldaketa.

Komisarioa

José Ángel Medinak eta K6 Gestión Cultural eta Gabineteseis enpresek eratutako taldeak Euskadiko Arkitektura Institutuaren programaren laguntza teknikorako lizitazio publikoa irabazi zuen; lizitazioa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak sustatu zuen, Institutuaren programazioa finkatzeko, batetik, eta Mugak/ Nazioarteko Bienalaren ekoizpena sendotzeko, bestetik.

Jose Angel Medina arkitekto doktorea da eta Aizpuruaren eta Labayenen lanaren –Euskadin eta Espainian arkitektura modernoaren aitzindariak dira– aditua; aurretik, zuzendaria izan zen Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, eta, orain, Madrilen eta Donostian dihardu. 2020ko uztailetik, Euskadiko Arkitektura Institutuko buru da; Institutuak Donostiako Santa Teresa komentuan du egoitza.



Egitaraua prestatzen ari gara