Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Donostian egitekoa den erakusketa batek Gasteizko hiru eliza errebisionista ikonikoren arkitektura erlijiosoa erakutsiko du

  • Peña Ganchegui Artxiboak Mugak/ Bienalerako antolaturik, Hiru Eliza. Arkitektura erlijioso errebisionista Gasteizen erakusketa urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai Donostiako Elizbarrutiko Museoa.
  • Erakusketan lau arkitekto handiren lanak erakutsiko dira: Javier Carvajal eta José María García de Paredes-ena (Aingeruetako Andre Mariaren eliza), Miguel Fisac-ena (Koroatzearen eliza), eta Luis Peña Gancheguirena (San Frantzisko Asiskoaren eliza).
  • Erakusketarekin estu lotuta, Álvaro Siza 1992ko Pritzker saridun portugaldarra eta Carles Muro arkitektoa elkarrekin solasean jarriko ditugu hurrengo urriaren 31n. Três Igrejas da hitzaldiaren izenburua, eta bertan, gaur egungo espazio erlijiosoez duen ikuspegiaren berri emango du Sizak.

Arkitektura erlijiosoak ere izango du bere tartea Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren aurtengo edizioan. Zehatz esatera, hiru eliza izango dira urriaren 24tik urtarrilaren 12ra bitartean Donostiako Elizbarrutiko Museoan zabalik egongo den Hiru Eliza. Arkitektura erlijioso errebisionista Gasteizen erakusketaren protagonistak.

Arabako hiriburuan dauden hiru tenplu ikoniko horiek 1958tik 1968ra bitartean eraikiak dira, eta lau arkitekto aritu ziren tartean: Javier Carvajal eta José María García de Paredes (Aingeruetako Andre Mariaren eliza), Miguel Fisac (Koroatzearen eliza), eta Luis Peña Ganchegui (San Frantzisko Asiskoaren eliza).

Erakusketan ikusgai egongo diren dokumentuak ­(argazkiak, batzuk Schommer-Koch bildumakoak, jatorrizko planoak...)  hainbat artxibo publiko eta pribatuk utziak dira (Fisac Fundazioa, Angela García de Paredes-en artxiboa, Nafarroako Unibertsitateko Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoko Artxiboa eta Peña Ganchegui Artxiboa). IX Proiektuak ekimeneko ikasleek, gainera, erakusketarako maketak egiteko lanetan parte hartu dute, Iñigo de Viar eta Mario Sangalli irakasle zuzendari zirela.

Eliza katolikoak berrikuntza-prozesu sakon bati ekin zion XX. mendean: hasieran, liturgia-mugimenduaren bitartez, eta, geroago, prozesuaren hondarrean, 1959an, Joan XXIII.a aita santuak abiarazitako Vatikanoko II. Kontzilioaren bitartez.

Elizak, nolabait esateko, arkitekturak balio eraldatzaile aparta zuela ulertu, eta arkitektoei espazio soil eta zintzoak proiektatzeko enkargua egin zien, hori fededunentzat baliagarri gerta zitekeelakoan, liturgian aktiboki parte hartzen eta kristau-elkartearen parte sentitzen lagunduko zienez gero.

Gasteiz oso bizi hazten hasi zen 50eko hamarkadan, industrializazio-prozesuaren ondorioz batez ere, eta frankismoaren inguruan irekitasunaren eta garapenaren aldeko joerak indartu ahala, horrek, immigrazio gero eta handiagoarekin batera, gorakada demografiko itzela ekarri zuen.

Francisco Peralta Ballabriga Gasteizko gotzaina Vatikanoko II. Kontzilioko saio guztietan ari zen parte hartzen, eta berak ere Erreforma Liturgikoa nahi zuenez bere elizbarrutirako, hark egin zuen hiru elizak eraikitzeko enkargua.

Koroatzearen eta Aingeruetako Andre Mariaren elizak kontzilioaren aurrekoak dira, baina Erreformaren argitan eta aldareraino iristen den tarteari mugimendua eta igoera eman nahirik eraikiak biak ere. Eskultore eta artistek ere parte hartu zuten haien eraikuntzan: esate baterako, Koroatzearen elizako eskultura handia García Donaire-rena da, eta Aingeruetako Andre Mariaren elizakoa, berriz, Pablo Serrano-rena. Bi eskulturak zintzilik daude, flotatzen ariko balira bezala.

San Frantzisko Asiskoaren eliza kontzilioaren ostekoa da, eta ederki islatzen ditu garai hartako gizartean gertatzen ari ziren aldaketak. Espazio polibalente bat eraikitzea zen asmoa. Eliza estalitako plaza baten antzera eraikia dago, eta Olagibel arkitekto gasteiztarraren lanak ditu inspirazio-iturri, elementu guztiak altzariak balira bezala kokaturik dituela.

Álvaro Siza eta Hiru Elizak (‘Três Igrejas’)

Álvaro Siza arkitekto portugaldarra urriaren 31n etorriko da gurera, eta Hiru Eliza izeneko erakusketarekin batera, Três Igrejas topaketan ere parte hartuko du, arratsaldeko 19.00etan, Donostiako Kursaal jauregian. 1992ko Pritzker sariduna Peña Ganchegui Artxiboren eskutik etorriko da aurtengo Mugak/ Bienalera.

Arkitekto portugaldarrak Milango Unibertsitate Politeknikoko irakasle eta Portoko Serralves Museoko komisario Carles Muro izango du solaskide, eta Sizak diseinaturiko hiru eliza hartuko dituzte hizpide: elizetako bat Frantzian dago, Rennes-en, eta beste biak Portugalen, Marco de Canaveses-en eta Barão de São João-n.

Hasieran bi hizlariak San Telmo museoan elkartzekoak ziren arren, topaketa Kursaal jauregiko ganbera-aretora eramatea erabaki da azkenean, eskariaren handia kontuan hartuta. Sarrera doakoa izango da.

Azaroaren 14an eta abenduaren 5ean, Euskadiko Arkitektura Institutuan, beste bi solasalditan parte hartzeko aukera egongo da: aurrenekoan, Enkargu jainkotiarrak izenekoan, Mario Sangalli, Edorta Kortadi eta Jesús Mari Zabaletak parte hartuko dute, eta Elizak eragile modura izan duen rola aztertuko dute; bigarrenean, Espazioa eta Liturgia izenekoan, Iñigo de Viar eta Lucas Viar jarriko ditugu solasean Europako eta Espainiako arkitekturaren testuinguruari buruz.

Horrekin guztiarekin batera, gainera, bisita gidatuak ere antolatu dira Hiru Eliza erakusketan protagonista izango diren Gasteizko hiru elizetara. Bisitak azaroaren 16an eta 30ean daude programatuta, goizeko 11.00etan, Gasteizko Aingeruetako Andre Mariaren elizan hasita. Izena emateko, idatzi mezu bat archivo@ganchegui.com helbidera.

Hiru Eliza erakusketarekin batera, Mugak/ Bienalak ehundik gora erakusketa, hitzaldi eta jarduera antolatu ditu urriaren 10etik abenduaren 12ra bitartean, denak ere Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntzaz prestatuak. Arkitektura herritarrengana hurbiltzea da Bienalaren asmo nagusia, hiri hobeak, orekatsuagoak eta justuagoak lortzeko eztabaida- eta gogoeta-gune bihurtzea. Bigarren edizio honetako jarduerak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, eta hogeita hamarren bat elkarteren babesari esker, ehundik gora erakusketa, hitzaldi, film-emanaldi, lantegi eta bisita gidatutan parte hartzeko aukera egongo da.



Egitaraua prestatzen ari gara