Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mugak/ Arkitektura Bienalak 4 erakusketa estreinatuko ditu Bilbon aste honetan, eta nazioarteko mailako hitzaldiak izango ditu

Juan Daniel Fullaondoren etxebizitza-eraikina Nagurin

  • Bizkaiko hiriburuak hiru pertsona garrantzitsuri eskaintzen dizkie erakusketak: Joseph Hiriarten art déco-a (Institut Français), Juan Daniel Fullaondo arkitekto polifazetikoa (EHAEOren egoitza) eta Manuel I. Galíndez (Bizkaia Aretoa).
  • Habic klusterrak antolatutako ‘Diseinuaren artisauak’ erakusketa eta dokumental ibiltariak, diseinuzko altzarien industria euskal industria-sektore berri bat bihurtu zuten aitzindariak aurkeztuko ditu Euskadi plazan.
  • Bienalak, gainera, hizlari garrantzitsuak ekarriko ditu Bilbora: Guggenheim museoan Fermín Vázquez arkitektoa egongo da eta Bizkaia Aretoan Londresko 6a Architects eta Christian Kerez suitzarra izango dira.
  • Abandoko geltokiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko jardunaldia eta tailerra egingo da ostegunean, hilak 11, Sociedad Bilbaína-n. Gainera, datorren astean, mintegi batek etxebizitza produktiboaren kontzeptuari buruzko ezagutza emango du Bilbon eta Sestaon.

Bilbo arkitekturaz gainezka dago aste honetan. Mugak/  Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala Bizkaiko hiriburura iritsi da bere kultura-jarduera, erakusketa, hitzaldi, tailer, mintegi eta ekitaldi gehiagorekin, arkitekturaren euskal hitzordu handiaren esparruan. Jarduera guztiak doakoak dira. 

‘Ondarea eta modernitatea’ leloa duen hirugarren edizio honek lehen aldiz ekarri ditu erakusketak Bilbora, 4 erakusketa hain zuzen ere. Asteazkenetik aurrera, hilak 10, Bilboko Institut Françaisen kanpoaldean ikusgai egongo den ‘Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu’ erakusketa bisitatu ahal izango da. UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak (ETSA) antolatu du, eta 24 panelen bidez, arkitekto baionarraren obra garrantzitsuenetako batzuk biltzen ditu, bai Euskadin, bai Tunisian egindakoak.

Ostegunetik aurrera, hilak 11, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzan eta ETSAren eskutik, ‘Bilboko arkitektura Juan Daniel Fullaondo (1964-1978)’ erakusketa ikusgai egongo da. Arkitektoak bere hiriarekin zuen lotura sakonean ardazten da erakusketa, eraikitako eta eraiki gabeko proiektu sorta baten bidez (Bilboko Portuaren handitzea, antzinako Alhondigaren handitzea...). Gainera, garai hartan sektorean erreferente izan zen ‘Nueva Forma’ arkitektura aldizkariaren aleak ikusgai egongo dira. Fullaondo horren zuzendari izan zen.

Beste arkitekto bat izango da hirugarren erakusketaren protagonista: ’Manuel I. Galíndez, arkitektoa’, larunbatetik aurrera, hilak 13, Bizkaia Aretoan ikusgai egongo dena. Arkupe kultura arkitektonikoaren elkarteak antolatuta, Galíndezen lana nabarmentzen da, bere koherentziagatik eta jarduteko moduagatik. Koherentzia hori agerian geratzen da konposizioaren balioan, estiloaz harago. Erakusketak bere lanen artean, kalitate handiagoko hiri-eraikinak aurkezten ditu, ingurunearekiko sentikorrenak, hizkuntza finagokoak eta konposizio biribilagokoak.

Mugak/ -en programazioak laugarren erakusketa bat izango du Bilbon hilaren 12tik aurrera. Habic klusterrak antolatutako ‘Diseinuaren artisauak’ erakusketa hain zuzen ere. Euskadi Plazan kokatuta egongo da, eta 70 eta 80ko hamarkadetan diseinuzko altzariak Euskadiko industria-sektore berri bihurtu zituzten aitzindarien historian zentratuko da erakusketa. Zortzi enpresa tradizionalen zortzi pieza ikonikok osatzen dute erakusketa: Akaba (Usurbil, 1985), Mosel&Arkaia S.L. (Vitoria-Gasteiz, 1962), B.lux (Markina, 1979), Enea-Eredu (Legorreta, 1963), Imat (Gasteiz, 1974), Ondarreta (Donostia, 1975), Sellex (Donostia, 1977) eta Treku (Zarautz, 1947). Sortzaileak dokumental baten protagonistak dira, eta Arte Ederren Museoan doan ikusi ahal izango da ostegunean bertan eta larunbatean.

Vázquez, 6a Architects eta Kérez Bilbon

Nazioartean nabarmendu diren arkitektoak ere presente egongo dira Bilbon. Guztiak arratsaldez izango dira, eta elkarrizketa formatuan. Guggenheim museoak Fermin Vázquez arkitektoaren eta Andoni Pombo arkitekto eta EITBko kolaboratzailearen arteko elkarrizketa hartuko du, museoko TopARTE programarekin elkarlanean. Asteartean izango da, hilak 9, 18:00etan.

Bizkaia Aretoak saio bikoitza eskainiko du ostiralean, hilak 12: Tom Emerson, Londreseko 6a Architectsekoa, Fredy Massad arkitekto eta kritikoarekin izango da 18:00etan. Ondoren, 19:30ean, Christian Kerez suitzarrak Maria Esnaola irakaslearekin hitz egingo du.

Jarduera gehiago

Mugak/ -ek Bilbon parte hartzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Egitarauko jardueren artean ‘Destino Abando’ tailerra dago, Eraikune klusterrak antolatua eta geltokiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko jardunaldi oso batean zentratua. Ostegunean, hilak 11, izango da Sociedad Bilbaína-n.

Datorren astean, mintegi batek hainbat jardunaldi banatuko ditu Bilbo eta Sestao artean, etxebizitza produktiboen gaia hainbat eremutatik lantzeko: hiria eta natura, eraikitakoaren gainean esku hartzea eta etxekoa. Azaroaren 16tik 19ra bitartean izango da eta horretarako hainbat gonbidatuk osatuko dute egitarau osoa, Izaskun Chinchillak, Husos Plataformak edo Carlos Gor GRX Arquitectos-en kideak, adibidez.

 



Egitaraua prestatzen ari gara