Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Bauhaus Eskolari buruz haren ehungarren urtemugaren karietara Mugak/-en antolatutako jardunaldietan parte hartuko dute Dessau-n Bauhaus Museoa sortu du

  • Arkitekto katalan gazteek ikasketak amaitu berritan irabazi zuten Dessau-n Bauhaus Museoa eraikitzeko antolatu zen nazioarteko lehiaketa, eta gurera etorri eta Bauhaus 1919-2019 jardunaldietan parte hartuko dute.

 

  • Jardunaldietan Bauhaus Eskolari buruzko erpin eta ertz ugari ukituko dira: batetik, eskolan aritu ziren emakumezko arkitektoen lana erreibindikatuko da; bestetik, arkitektura, artea eta diseinua lotzen dituzten hariak aztertuko dira, eta azkenik, prestakuntza-programak nola berritu ere eztabaidatuko dute.

 

Aste honetan, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioak jada martxa hartua duenean, Bauhaus Eskola ospetsuaren ehungarren urteurrena ospatu, eta azaroaren 5etik 7ra bitartean, Bauhaus 1919-2019 jardunaldiak izango dira gurean, eta bertan, eskola bikain horrekin lotutako beste erpin eta ertz askoren artean, bi gai hartuko ditugu hizpide: batetik, proiektuan tartean egon ziren baina gizonezko beren kideek adinako aitortzarik izan ez zuten emakumezko arkitektoak; eta bestetik, Dessau-n Bauhaus Eskolari buruz gazte bartzelonar batzuek sortu eta orain gutxi inauguratu duten museoa eta haren antzeko beste proiektu batzuk.

Hizlarien artean, besteak beste, gurean egongo da José Zabala Roji gaztea, Addenda Architects estudio katalaneko kidea dena; Zabala Rojik Bauhaus Museoa inauguratu berri du Dessau-n, 2015ean nazioarteko lehiaketa batean mundu osoko hamaika bazterretako arkitektoen 830 proposamenen kontra lehiatu eta, ikasketak amaitu berritan, museoa eraikitzeko bere proiektuak garaitu ostean.

Bi urte eta erdi behar izan dute Dessauko museoa altxatzeko; eraikina hormigoi-bloke handi batez osatuta eta beiraz inguratuta dago, eta horrek hiriaren eta bertan dagoen parke baten arteko muga eta, aldi berean, bien arteko lotura izateko ahala ematen dio. Berlinen eta Weimarren dauden Bauhaus Museoak handitzeko lanekin batera, Dessauko hauxe da Alemanian Bauhaus Eskolaren ehungarren urteurrena ospatzeko antolatu diren kultur proiektu zentraletako bat.

Walter Gropius arkitektoak sustatutako eskolak, 1919tik 1933ra arte zabalik iraun zuen bitartean, elkarrengana hurbildu zituen abangoardia, arkitektura, artea eta diseinua, eta laborategi aparta bilakatu zen, eta diziplina horiek guztiak gizartean txertatu zituen, eta sasoi hartako izen handi ugari harremanetan jarri: Gropius bera, Breuer, Klee, Kandinsky, Moholy Nagy, Malevich, Mies van der Rohe, Van Doesburg, Oud, Johannes Itten… “Haren herentziak bat egin zuen arteen historiarekin, eta gaur egun, ez arkitektura eta ez diseinua ezin uler daitezke Bauhaus Eskolaren ekarpenik gabe”, nabarmendu du Fernando Golvanok, Atari arkitektoen elkartearekin batera jardunaldien sustatzaile denak. Saio guztiak Donostian egingo dira, Santa Teresa komentuaren aldamenean dagoen Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI).

Jardunaldiei ekiteko, azaroaren 5ean, 10:30etik 13:30era bitartean, Fernando Golvano Estetika eta Arteen Teoriako irakasleak mintegi bat zuzenduko du, Arrazionalismoa: forma kritikoak eta proiektu modernoa hizpide hartuta.

Azaroaren 5etik 7ra bitartean, arratsaldeko 19:00etan, hitzaldi banatan parte hartu eta jardunaldien gaiarekin lotutako hainbat alderdi lantzeko aukera egongo da Euskadiko Arkitektura Institutuan: aurreneko hitzaldia Addenda Architects estudioko José Zabala Roji gazteak emango du, azaroaren 5ean; hurrengo egunean, azaroaren 6an, Josenia Hervás y Heras arkitekturan doktore eta irakasleak Bauhaus Eskola eta emakumezko arkitektoak izeneko hitzaldia emango du; azkeneko hitzaldia, Bauhaus: artea, arkitektura eta diseinua, Estetika eta Arteen Teoriako katedraduna den Simón Marchán Fiz-ek emango du, azaroaren 7an.

Ehungarren urteurrena ospatzea helburu

Bauhaus Eskolaren ehungarren urteurreneko ospakizunei errematea emateko, bi erakusketa antolatu dira Loturak: artea eta arkitektura zikloaren barruan. Aurrenekoak Bauhaus 100 du izenburua, eta bertan, Begiaundi Press esperimentazio-lantegiaren (Jose Luis Lanzagorta) eskutik, serigrafia-sail bat ikusteko aukera egongo da Bauhaus Eskolaren postulatuen interpretaziotik abiatuta; erakusketa Donostiako Ekain galerian egongo da zabalik, azaroaren 16ra arte. Bigarren erakusketan Bauhaus Eskolaren herentzian jartzen da azpimarra: Altxerri galerian, Christoff Klute argazkilariak Modernitate arkitektonikoaren utopiak errepasatzen ditu argazkien bidez; erakusketaren izenburua White City (‘Hiri Zuria’) da, eta bertan, Klute-k gaur egungo ikuspegi batetik heltzen die 1930eko hamarkadan Tel Aviv-en eraiki zituzten 4.000 eraikin arrazionalistei (Bauhaus estilokoak denak).

Hori gutxi ez, eta 2020ko urtarrilaren 12ra arte, Sistemen diseinua: Ulm-eko Eskola eta Braun konpainia izeneko erakusketa egongo da ikusgai Euskadiko Arkitektura Institutuan eta San Telmo museoan, orain arte ikusi gabeko objektu ugari bilduko dituena, denak ere Ulm-eko Eskola entzutetsuaren herentziaren parte direnak. Bauhaus Eskolaren ondorengotzat jotzen da Ulm-eko Eskola. Erakusketan ikusi ahalko diren objektu eta elementuen artean, ikasleen atariko ariketa famatuez gozatzeko aukera ere izango dugu, eta horrek aukera ezin hobea emango digu Ulm-eko Eskolak urratutako bidearen berri jakiteko eta, Bauhaus Eskolak promulgatzen zuen artearen bidearen aldean, Ulm-ekoa askoz bide zientifikoagoa zela ohartzeko.

Mugak/ Bienalari buruz

Bigarren edizioa du aurtengoa Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, eta ehundik gora jarduera antolatu ditu arkitektura gizartera hurbiltzeko eta hura beste diziplina batzuekin lotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia. Mugak/-ek bidegurutze izateko asmoa du, hau da, elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatsuago baten mugak definitzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara